Euskarazko esamoldeen nondik norakoa ikertu nahi duenak hainbat arazo topatuko ditu jardunean hastearekin batera:

Arazo terminologikoak: Euskaraz, beste hizkuntzetan bezala, hainbat hitz dauzkagu fraseologiaren barruan aurki ditzakegun espresio finkoak adierazteko, eta zehaztasun gutxi aterako dugu haiengandik: esamoldeak, esapideak, esakerak, erranairuak, esaera zaharrak, atsotitzak, lokuzioak, espresio finkoak... guztiak era arbitrario samar batean erabili dira --batentzat lokuzioa zena, bestearentzat esamoldeen barruan zegoen eta  abar--. Komeniko litzateke, hortaz, hizkuntzalaritzaren barruan terminoak hobeto zehaztea. Gaur egun badirudi berbarik hedatuen eta oro hartzaileenak espresio finkoak (fixed expressions, expresiones fijas, phrase figée) eta fraseologi unitateak edo esaldi unitateak (unidades fraseológicas, phraseologische einheit) direla. Dena den, lehenengoak ez dirudi hain egokia, finkoak izatea ez baita beti guztiz betetzen honelako esaldietan.
Sailkapen arazoak: Horrelako esaldi motak eta hitz konbinazioak aztertzean ohiko arazoa da zein diren barne hartu behar direnak jakitea. Esaera zaharrek lekua dute fraseologian edo beste esparru beregain bat hartzen dute, paramiologia deritzona, adibidez? Kolokazioak, maiztasun handiz elkarrekin agertzen diren hitz multzoak, kontuan hartu behar al ditugu? Esaera zaharren edozein bilduma hartzen duzularik, aditz lokuzioak eta bestelako esamoldeak aurki ditzakezu (ikus bestela G. Garateren bilduma erraldoia). Halaber, lokuzioen bildumetan esaera zaharrak, kanta zatiak eta antzekoak aurkitzea ere oso ohikoa da, Eibarko esaeren bilduman gertatuko zaigu hori.. Ez da batere harrigarria izango, bestalde, esaera zahar batean jatorria duten esamoldeak aurkitzea.
Ezaugarrien berri emateko arazoak: Aurreko puntuaren oinarrian esamoldeen ezaugarriak finkatzeko irizpideak daude. Zer den kontuan hartzen duguna, halako sailkapena egingo dugu. Hala ere, badira ezaugarri asko eskuarki denek onartzen dituztenak

a)   Maiztasuna: fraseologi unitateak askotan agertuko dira diskurtsoan, eta haien hitzak askotan agertuko dira elkarrekin. Bertsolari baten hitzetik hortzerako ateraldi bat ez da izango esamoldea, entzuleek atxiki eta berriro ematen ez badute.
b)  
Instituzionalizazioa: Aurreko ezaugarriak azkenean ezagutaraziko ditu fraseologi unitateak hiztunen komunitate osoan eta hauek aldatu gabe errepikatuko dituzte.
c)  
Egonkortasuna: fraseologi unitateak finkatuko dituzte hiztunek bai formari dagokionez, bai esanahiari dagokionez.
d)  
Idiomatikotasuna: Menturaz, hau da fraseologi unitateen ezaugarri aipatuena, beren zatien esanahien batuketa ez dela esamolde osoaren esanahia adierazten du. Alabaina, fraseologi unitateen multzo bat besterik ez dute osatzen idiomatikoak direnek, badira espresio finko asko guztiz konposizionalak direnak.
e)  
Aldakortasuna: finkotasuna gorabehera, esamoldeek aldatzeko joera erakusten dute, bai aldakiak daudelako --egiturazkoak edo sinonimoak--, bai moldaketa sortzaileak jasaten dituztelako. Kontraesana dirudien arren, zenbat eta finkoago izan esamoldea, orduan eta irudimenezko moldaketa handiagoak jasango ditu, hiztunek forma kanonikoa gogoan ondo atxikia izango baitute.
f ) 
Mailakatzea: Hau ere ezaugarri nabarmenetakoa da. Fraseologi unitateek aurreko ezaugarri guztiak maila desberdinetan dituztelarik, halako mailakatzea osatu ahal izango dugu esamolde guztien artean, fraseologi unitateen kontzepzioaren bazterrean daudenetatik muinean leudekeenetaraino. Irizpide honek egokiago dirudi, fraseologia hertsiki lotu nahiko lukeenak baino.