Xiberoko Botza Biba! Xiberua Kultur Ekimena Egitaraua Informazioa Lagundu Estekak
Biba! Xiberua Kultur Ekimena (Urretxu-Zumarragan)

 Eskerrik hanitx Eüskal Herriari!
 Egoitza berriaren inaugurazionean irakurritako testua

Eskerrik hanitx Eüskal Herriari!

Xiberoak eraik beza botza! Düala urtea, Xiberoko Botzak dei zabal bat egiten züan Eüskal Herri osoan egoitza berri bat eraiki nahian.

Hiru ürrats finkatü güntüan:

  • estüdio berriko obren egitea,
  • irratiko tresneriaren arra-berritzea
  • eta azkenik egoitzaren erostea.
Egin klik handiago ikusteko

Egoitza erostearen deliberoa hartürik date Xiberoko Botzaren dagün biltzar naüsian. Lan tresna egoki baten jabe izateak, indartzen dü gure egünoroztako lana. Ürrats horik aitzina eraman ahal izan balin badütügü, züer esker da!

Eskerrik hanitx Eüskal Herriari bai, zeren zazpi eskualdetatik ardietsi beitügü laguntza. Ibili gira zazpi probintzietan, plazaz plaza, Xiberoko artistekin: Xiberoan 4 kantaldi, Lezo, Lesaka, Urruña, Donostia, Bilbo, Lekeitio, Andoain, Orio, Muxika, Markina, Berango, Amaiur, Izarra eta laster Urretxu-Zumarragarat joanen gira. Orotara, 250 artistek, dantzari, kantari, müsikari, antzerkilariek parte hartü düe gure kanpainan, jitez dohainik. Beti prest agertüz! Eskerrik hanitx!

Erran behar da, batzarri zinez bero bat üken dügüla aldi oroz eta egiazki harreman berri eta azkarrak sortü direla. Eskerrik hanitx IRATI, Eüskal Herriko kültür alkarteen batarzünari, honi esker beitütügü ekitalki gehienak antolatü.

Egin klik handiago ikusteko

Alkarte hanitxek beren lagüngoa ekarri deiküe, hala nola Urruñako Hazia, eta Urdiñarbeko Bil Xokoa alkartek. Gure Irratia eta Irulegiko Irratia, Erantzun eta Oiartzuna-en lagüntza üken dügü, natüralki frogatüz irratien arteko alkartarzüna. Eskerrik hanitx!

Xiberoak eraik beza botza! ...

  • Eskerrik hanitx, GARA egünkariari! "Xiberotarsak kantüz" diskoaren egiten eta hedatzen lagüntü beit gütü.

  • Eskerri hanitx NEGU GORRIAK eta ESAN OZENKI diskoetxeari. "Hitzak irabazi dü", adierazpen askatasunaren errespetüa (liberté dŽexpression), hitzaren errespetüa. Lagüntza hori zinez inportanta izan da guretako, jakitez orano lan handi bat badügüla, eüskarak merexi düan leküa üken dezan Xiberoan.

Erran behar da, kanpaina denboran gure xedeaz berri emaiteaz gaiñ, Xiberoaren egoera ezagütarazi nahi izan dügüla, hala nola ekonomiaren egoera.

Kültür aberats bat bizi da Xiberoan, ez gütu horrek ütsüarazi behar! Begiak, beharriak zabal ditzagün eta zale ohartüko gira eüskara zertan den Xiberoan: "Gazteetan, ehüneko 5a baizik ez da oso elebidüna". Geroa hortan dü bermatü behar Xiberoko Botzak, jarraiki eüskaraz lan egiten.

Egin klik handiago ikusteko

Eskerrik hanitx Xiberotarrer! üdako etxez etxe kanpainaz gaiñ berriz ere züen lagüntza ekarri beit deigüzüe.

Ez dütügü ahatze behar lagüntzaile güziak, estüdio berrien eraikitzen ari izan diren 60 bat lagün, leküko ofizialen aholkü eta lagüntzarekin. Leküko ofizialeek frogatu deiküe "Ekonomiak eüskara lagüntzen ahal düala". Eskerrik hanitx züer! Eskerrik hanitx ere Daniel eta Jean Michel, bürütik bürü, obrak jarraiki beit dütüzüe, gazte hanitxen lagüntzarekin. Nihur eren ez ahazteko, eskerrik hanitx lagüngoa ekarri deiküzüen güzier sosez ala denboraz!

Gure indarren alkarretaratzez, gure ahalen botitzez, txipi ala handi, segür guretako ürratsa handi izan da. Den den, bihar beit date ürrats berri egiteko, prest izan gitian horien egiteko.

Dagün urtean, Xiberoko Botzak 20 urteak beteko dütü. eta kanpainaren ondotik bide berriak jarraikiko dütügü! Ez dügü ahatze behar nori esker heben giren... Eskerrik hanitx, urte horietan irratia xütik etxekitzen ebili diren güzier!

Dagün urtean badate 20 urte Euskal Irratiak bizi direla, jenteen nahikeria eta indarrer esker. Gure lanak ezagütza bat merexi dü! Institüzionek, leküko institüzionek, ekarten ahal deiküe ezagütza hori.

Eskertzen zütüegü orai arte lagüntü gitaizüen güziak, eta esperantxa dügü bihar geroago eta haboro izanen girela, eüskarazko komünikabideak merexi düen leküa üken dezen egünoroztako bizian!

Xiberoak eraik beza botza eta eskerrik hanitx Eüskal Herriari.

Maulen, 2001eko maiatzaren 20an

Oharra: Ikus inaugurazio ataleko argazki galeria.


    mezuak       gora  

© Copyright Xiberoko Botza eta
Biba! Xiberua Kultur Ekimena

otamotz@jazzfree.com

Xiberoko Botza
Victor Hugo 18, 64130 Maule-Lextarre (Zuberoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: +(33) (0) 559 28 29 87


GeoCities


1