olerkiak

 

 

 

 

 

 

Amaia Lasa

Nereak ez diren
lurralde hauetatik
ihes egin nahi nuke

Nereak ez diren ur hauek
alde batera
utzi behar ditut.

Haitz sendoaren biribiltasunean
nere bizitzaren hitza
lortu nahi nuke

Biribiltasunean
haitzaren gainean
a
e
i
o
u
berri bat esan nahi nuke.

Amaia Lasa
(Poema bilduma 11)

 

Jaungoiko guztiak ukatzen dituen
emakume bat naiz.
Atzo,
zeruko jaungoikoa ukatzen nuen,
gero
infernukoa, eta
gaur,
lurreko jaungoikoa ukatzen dut.

Atzo,
zeruko pekataria nintzen,
gero
infernukoa, eta
gaur,
lurreko pekataria naiz.

Hutsunean igeri dabilen emakume bat izaten naiz.
Amaia Lasa
(Poema bilduma 21-22)

 

Ez zaitez joan,
eman zaidazu zeure gorputzaren beroa
eta utz zure ezpainari nere amodioa dastatzen;
ez zaitez joan,
atoz,
zeren, gorputza somatzen dut gogortzen
eta neure burua hiltzen,
ez zaitez joan,
atoz nere bigunaren babesera.

Amaia Lasa
(Poesia bilduma 18)

Ohean
narru gorri, eskuak han nituela
argi itzalean ilunpearen izkutuan,
amodioaren heriotzara ninjoan.

Ohe guztia bihurtzen nenbillen,
maindiriek eta estalkiak bihurritasunean
nahastuaz.

Pentsamenduan muxu goxo bat
pentsamenduekin, bi beso bizkar gainean
desioarekin, nahian, laztan herioan.

Amaia Lasa
(Poema bilduma 36)

 

Ez emakume
ez ama
ez eme
ezin izanik.

Itzal tantolak sapaiaren ertz hartan jarraitzen zuen;
beste erts bat behar zuen.
Bainan beldurtuta, beti bere ertzean jarraitzen zuen;
itzal tantolak beti ertz hartan
ezin haunditurik
ezin zabaldurik
argia
ezin sorturik, jarraitzen zuen.

Ez emakume
ez ama
ez eme
ezin izanik.

Emakumetasunean
amatasunean
galduak,
libertatearen ordez
segurantzari helduak

Ez emakume
ez ama
ez eme
ezin izanik.

igarotzen genituen
gure egunak.

Amaia Lasa
(Poesia bilduma 47)