olerkiak

 

 

 

 

 

 

Arantxa Urretabizkaia

Duela urte asko
(hamar urte ez ahal dira urte asko)
San Pedro bezpera batetan,
gauerdian,
denbora
gelditu egin zen.
Eta hutsune harretan
zulo beltz
busti
hotz bat
gertatu zen.
Eta amets
lodi eta ahaztu hartatik iratzartzean
zulo hartan murgildurik,
arroxina kupel batetan erdi itorik,
gorputzaren milimetro bakoitza erne, urduri,
irakinaren marmarra bakarrik
entzuten nuen
eta, segundo bakoitzean behin,
neure hortzen hots
beldurtia,
denborarik gabeko itxadon haren
erloju
orratz gabea.

Duela urte asko,
hamaika ia,
San Pedro bezpera batetan,
infernuko deabru guztiak,
bultzaka,
kolpeka,
geratutako denbora martxan jarri zuten.
Eta ene historia bitan zatitzen da
harrez gero
San Pedro egun haren
lehenagokoa
eta ondokoa.

Gaur hartan dago haurtzaroaren
muga,
hesia,
zorionaren azken esperantza,
gau hartan hil zen ene
inozentzia,
San Pedro bezpera batetako
gau madarikatu hartan.

Duela urte guti,
edo ez hain guti,
lau ia,
San Pedro bezpera batetan,
gaueko hamarrak bost gutiagotan
espero izateko esperantza
hil zeutaten.

Arlote,
alfer,
sadiko,
mozkor,
infernuko deabru guztien begiratu
nazkagarri
eta beroaren aurrean,
azpian,
kausa gloriosorik gabeko
Jeanne d'Arc alpretaduna,
kanoirik gabeko
Simone de Beauvoir analfabetoa,
ezpatarik gabeko
aingeru mendekatzailea,
betiko gatea lotu zeutaten bihotzean,
San Pedro bezpera batetan,
duela hamar
edo lau urte.

Duela ia lau urte
San Pedro biharamunean,
uztailaren lehenengo egunean
(Jesu Kristoren odol guztiz preziaturen eguna)
zin egin nuen
inoiz
inon
inork
ez zuela ene denbora geratzeko boterea erdietsiko.

Arantxa Urretabizkaia
(Euskal literatura 72, 25-28)

 

niretakoak dira
behia jetsi ondoren
esnerik ez dutenak
lurra landu ondoren
non etzanik ez dutenak
besteek hustuko dituzten boteilak
betetzen dituztenak
maitasunezko kartak
eskribitzen ez dakitenak
maitasunezko kartak
errezibitzen ez dituztenak
kantatzen ez dakitenak
kantztzen ez dutenak
ispiluaren aurrean
beren irudia
beren begirada
ezagutzen ez dutenak
zeruaren pisua sentitzen dutenak
arratsaldero
gauero
Donosti -zaharrean
bizitzeari kolore arrosa
edo gorria
ematen saiatzen direnak
gauero
etxe parean
azkeneko ostopoaren aurrean
etxera joateko indarrik ez dutenak
etxera igo baino lehen
portalean
xapela zuzenduz
aurpegian irrifarre bat konstruitzen dutenak
zotinaz bizi direnak
zotinaz hilko direnak
komunean arrastoan uzten dituztenak
ba dakizu
gizonak dauden lekuetan
gauero komunetan
pizaren arrasto lotsagarriak
lehortzen dituztenak
baina
ni komun askotan izan naiz
eta beti begiratzen dut lurrera
lehorra egoten da
tabernetakoa ezik
niretakoak dira
gazterik zimurtzen
simeltzen direnak
bere burua maite ez dutenak
bere burua gorrotatzen dutenak
negar egiten dakitenak
niretakoak dira
ezin ditut maite
eta maite ditut
baina ez dute ene maitasun desesperantzatuan
salbaziorik aurkitzen
malda beheraren bildur
atzaparrez zulatzen naute
eta
erotian
haizea eta euria lagun
ene gorputza
malkoen hildoez markatzen dute
baina nik badakit
ezin diezakeetela lagun
ene begirada bera
ene esku luzatua
ene gorputz eskainia
beherantz bultzatzen dituen
pisua dela
gatea

zeren
haien garraisietan
haien kontraesanetan
haien ahuleziaren indarrean
haien burruka beti galduen
eta beti berrasien beharrean
aurkitzen baitut
nik
honenbeste gorrotatzen dudan neure irudia.

Arantxa Urretabizkaia
(Euskal literatura 72, 64-66)

Zihur nago:
egun gris
motel baten jaio nintzen,
eguzkirik gabeko egun epel batez,
bi gau beltzek iguratutako
hune jelatinatsu batez.
Zihur nago:
ni jaio nintzenean
buruak
beste alde batetara bueltatuak zeuden
eskuak
beste norbaiterantz luzatuak
begiak
beste norbaitengatik malkotuak
kandelak
beste norbaiten izenean piztuak
kantak
beste norbaitengatik isiliak
ezpainak
beste norbaiten egarriz.
Zihur nago:
harentzat
dezepzio bat izan nintzen
ez nintzen mendekuaren esku ar bortitza
iraganen garbitzaile zuhurra
presentearen arrazoi esperantzagarria
etorkizunaren amets lausengatua
eta
ezagutu ninduenean
zulo luze
buzti baten zehar,
eskuz esku,
begiradaz begirada,
bostpasei kilo haragi negarti
bere eskuetara ailegatu nentzenean,
ez nintzen haren bakardadearen
tristezia tanta
bat baizik,
haren hondamendiaren lekuko,
koskor gris,
borroso eme bat,
baizik.
Eskuetan hartu ninduen,
esku trakets,
hunkituz,
eta amak jarritako mila zapien zehar
ene gorputzaren beroa sentitu zuen
beste gorputz urrun
bitarteko baten
promesa
eta frutu.
Eta ene begi irekien aurrean
negar
egin zuen.
Zihur nago:
bere malkoek busti ninduten
bere oinazeak inguratu ninduen
eta egun hartan jaio zen
betirako
betirako
lotzen gaitun katea.

Arantxa Urretabizkaia
(Euskal literatura 72, 29-31)

 

Ene mementurik zoriontsuenak
ardo usaiak
inguratzen ditu
ardo usaiak ito ditu
ardoaren kiratsak
masailetako azalaren azpitik
eskandalosoki
kantatzen zuen ardoak
sudurra
moretzen zuen ardoak
sabela
puztutzen zuen ardoak
alkandoran
malko formako kondekorazio miseriatsuak
miseriaren eta hondamendiaren
seinale
odolezko malkoak
eskuak trakesten
begiak urratzen
pausoa biguntzen
adimena
borondatea
maitasuna kutsatzen
itotzen zituen ardoak
ardoaren kiratsak
Gernikan
erandako hautsak eta keak
bildurrak eta zauriak
garraisiak eta kexuak
buztitzen zituen ardoak
Santoñako
lotsak eta esku lotuak
baztertzen
Burgoseko
hotzikarak eta algarrobak
Donostiako
mezprezioak
alkandora urdin mantxagabeak
kopeta altxatuak
esku ukatuak
bizkar erainak
beratzen zituen ardoak
masailetako azalean eta esku zimeletan
mendekuaren odolaren
ordezkoa
ahoan hitz desiratuen ordaina
ordezkoa eta ordaina.

Arantxa Urretabizkaia
(Euskal literatura 72, 62-63)

 

Hondarraren gainean biltzen den harri koloreduna bezala,
lehortu ondoren,
gristatu delako,
desengainaturik,
erortzera uzten de harrikoskorra bezala
aurkitu nauzu
goizean
sartu baizik nahi ez duen
lainoa leihoan bezala
haizean dantzatzen diren
eskutitz batetako pusketak bezala
estazio batetan abandonatutako
maleta zahar bat bezala
jende artean
biluzik aurkitzen den bat bezala
asperraldiko
aho zabaltze bat bezala
bide ertzean, nornahiren homenaldiz
jarri den harri bat bezala
kalendarioaren
horri zahar bat bezala
itsas barrenean
alferki oihuztatzen den sirena bezala
luzaroan haragian irauten duen kolpearen
oinazearen oroipena bezala
amets gaiztozko gau batek
lardaskatutako ohe bat bezala
hitz esan gabe bat bezala
hitz entzun gabe bat bezala
hitz pentsatu gabe bat bezala
hitz arrotz bat bezala
hitz ahaztu bat bezala
aurkitu nauzu
goizean
beste norbaiten izenaz markatutako koilarea daraman
zakur arkakosoz betetako bat bezala.

Arantxa Urretabizkaia
(Euskal literatura 72, 36-37)