Esanen dute
hau
poesia
eztela,
baina nik
esanen diet
poesia
mailu bat
dela.
Gabriel Aresti
V) (Harri eta herri 58-62)
Egi bat esateagatik
alabak
hil behar bazaizkit,
andrea
bortxatu behar badidate,
etxea
lurrarekin
berdindu behar bazait;
Egia bat esateagatik,
ebaki behar badidate
nik eskribitzen
dudan
eskua,
nik kantatzen
dudan mihina;
Egia bat esateagatik,
nire izena
kenduko badute
euskal literaturaren
urrezko
orrietatik,
inoiz,
inola,
inun,
eznaiz
isilduko.
Gabriel Aresti
W) (Harri eta herri 70-80)
Egun batean
eztu inork
ezer erosiko;
egun batean
ezta merkatuetan
sagarrik
salduko.
Egunen batean
guztiok
izanen gara
zoriontsuak.
Gabriel Aresti
X) (Harri eta herri 70-80)
1
Eskribicen badistazu
Ba dakizu nun nagoan
Infernu labanagoan
Deabruaren agoan.
2
Madarikatu ginuan
Manera ezagunean
Jaio ginan egunean
Ta kantacen dogunean.
3
Egarrie kenduteko
Daukedaz mila egurte
Baso bete metal ur te
Hogetabost pake urte.
4
Beocez maitatu beot
Ene amano laztana
Titia emo ustana
Isilceko diostana.
5
Egia lacik kantacen
hemen ez naiz atrebicen
Hortako ez dot zerbicen
Eta ditut eskribicen.
6
Basurtun izan ziraden
Erorriak alemanak
Heriocea emanak
Hilerrira eramanak.
7
Bilbaon ba dagoz bandera
Gorri ta beilegiak
Halan dinosku legiak
Garala epelegiak.
8
Bilbaon ibilceagatik
Ez nuen galdu bernikan
Orain ez dut ezer nik han
Hil nintzelako Gernikan.
9
Eskribicen badistazu
Ba dakizu nun nagoan
Infernu labanagoan
Deabruaren agoan.
Gabriel Aresti
BA DAKIZU NUN NAGOAN
(Euskal harria 46-48)
San Simon eta San Juda:
Joan zen uda
eta negua heldu da.
Ez baletor hobe.
Bizi gara pobre
eremu lac honetan.
Ez gara hain noble
benetan.
Ez dugu zaldirik,
ez gara gu zaldunak.
Ez dugu abererik,
ez gara aberaxak.
Euskera dugu guk,
gu gara euskaldunak.
Orain ba ditugu lau motor:
Nik euskera laja dut hor,
eta euskera ba dator.
Gabriel Aresti
URRILAREN 28 EGUN
(Euskal harria 44)
Bilbaoko erdal herri honetan
baldin eta
jaioa banaiz,
ene hazkurria
baldin eta
erdalduna bada
zergatik ez dut kantatuko
erderaz
parabola batean?
Euzkadiko gobernuak
berak ere
hitzegiten bazuen hala,
zergatik ni izanen naiz
hura baino
madarikatuagoa?
Gabriel Aresti
3 BERRIZ
(Harrizko herri hau 162)
Nire aitaren etxea
defendituko dut.
Otsoen kontra,
sikatearen kontra,
lukurreriaren kontra,
defenditu
eginen dut
nire aitaren etxea.
Galduko ditut aziendak,
soloak,
pinudiak;
galduko ditut
korrituak,
errentak,
interesak,
baina nire aitaren etxea defendituko dut.
Harmak kenduko dizkidate,
eta eskuarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
besorik gabe,
bularrik gabe,
utziko naute,
eta arimarekin defendituko dut
nire aitaren etxea.
Ni hilen naiz,
nire arima galduko da,
nire askaria galduko da,
baina nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik.
Gabriel Aresti
B) (Harri eta herri 52-54)
Apur dezagun katea
kanta dezagun batea
hau da fandango
biba berango.
Munduan beste asko lez,
arta buruan oskolez.
Atzo aspertu nintzaden
maizuez eta eskolez.
Poeta naizen ezkero,
eztut zerurik espero.
Bederatzi kopla ditut,
lau zuhur eta bost ero.
Ilargiaren adarrak:
Handik zintzilik abarrak.
Gogoangarriak dira
zure bi begi nabarrak.
Zerutik dator harria.
Nundikan berriz argia?
Gau ilun honetan dakust
zure aurpegi garbia.
Martxoko oilar gorria,
inundik ez etorria,
goseak arintzearren
judu batek igorria.
Goizaldean eguzkiak
printzak daduzka bustiak,
Oso merke saltzen dira
euskaldunaren ustiak.
Gure amonak esan dit:
Aitak arnoa edan dik.
Joan zaitez tafernara
eta ekar zazu handik.
Euskeraren asturua
ezta gauza segurua:
Askozaz hobekiago
dabil munduan judua.
Eta hau hola ezpazan
sar nerila kalabazan.
Ipui txit barregarriak
kontatu nituen plazan.
Gabriel Aresti
E) (Harri eta herri 58-62)
Inork badio:
Nire etxean ez dago bakerik
bila beza
bakea
hauzoko etxean
edo munduko bazterrik
azkenean;
baina etxean bakea balu,
eztezala gerrarik inun
bila,
bakea eta etxea
galduko baitu
munduko bazterretan.
Gabriel Aresti
K) (Harri eta herri 58-62)
Munduan
gauza bat bakarra dago
erosten eztena:
Dirua.
Gabriel Aresti
L) (Harri eta herri 58-62)
Isuri den odola
hemen eta nonbait isuri den odola,
ardi errebelatuak,
(bihar beste bat,
beste ardiska
sakrifikatu
bat),
eta hemen,
hemen
isuri den
odola;
juduek isuritako eta isur-erazitako
odol
gorria
(besteak, ez, odol urdinak
ez du axola),
hemen isuri den
odola,
euskaldunen, ardi euskaldunen odol
gorria
(eta zein gorri den euskaldunon
odola!)
Lekeitio, Urdazubi,
isuri den odola,
isuri den odola,
ez du inork
inoiz
inola
odol
hori
ardo
bihurtuko:
Odol madarikatu
Kristok isuria;
gorriaren gorriaz
dirudi zuria.
Euskalduna ez dena
ez da axuria:
Oskorri batetara
nekez itzuria.
Isuri den odola.
Gabriel Aresti
KITOLIS
(Azken harria 48)
Kristok esan zidan baldin
zaflada bat
ematen bazidaten masela
batean,
bestea
eskeinceko
baina nik
Kristo baino tontoagoa
izan behar dut,
edo gaurko gizonek
ordukoek baino
askozaz listoagoak,
ez baitdidate denporarik
ematen,
eta zaflada guztiak
harcen ditut
belarrondo
batean.
Gabriel Aresti
KRISTO, NI ETA GIZONAK
(Euskal harria 14)
Zuei,
Barcelonako euskaldun
unibersidade-mutilok,
egian dioxuet,
zuen artetik batek
baldin eta explotacen badu,
hemendik hamar edo hiru urtera,
beraren anaia
obrero
edo kontadorea,
hori
zuen arteko
hori,
nire maldiziorik borobilenarekin
hornituko dudala,
sipula-sipulorum,
mundu honetako
puta
semerik
semeena
bezala.
Gabriel Aresti
MALDIZIO BETIKOA
(Euskal harria 96)
(Bertsolari zahar bati ihakindatuz)
Euskaltzaindian ba da gizon bat
irizten zaio Trabuko.
Ni deskomeka ez nazan haren
izenik ez dut aipako.
Jarri zituen behaztopoak
berari zaizka damuko.
Ongi bai ongi oroit hadi zer
egin huen Aranzazun.
Eskatu nuen batasunari
nola heraukan erantzun.
Mendi gorako harriek ere
ederki ziaten entzun.
Gure euskerak ekarri zian
anzinatik ondasuna.
Hobe zukeen entzun ez balu
euskalzainen oiharzuna:
orain ez zian suportatuko
dadukan larritasuna.
Zuek guztioz ez nauk oroitzen
zeren zareten lau oilo.
Batzeko utzi dizkidazue
zorzi dialekto mordoilo.
Nire negarrez urrikal bedi
zeruetan kirten Peilo.
Gabriel Aresti
EUSKALTZAINDIAN
(Azken harria 100)
Hemen dago gizona. Paper
honetan dago. Nago
Gizonago
sentitzen naiz.
Ta maiz
ez naiz
sentitzen.
Hortik dabil, eztakit
nundik;
agian
Lemoara doan tranbian.
Baina hemen,
paper honetan
dago.
Hemen imini du
bere zera. Zer da? Ezer ezta. Eder festa.
Esan zuen:
Jauna, berorren zerbitzari apur honek, jakin du
nola etxe horretan libre dagoen giltzeroraren enplegoa.
Beraz nunbait teilatupe bat edukitzeko premia bizian
aurkitzen naizelarik, atsegintasuna dadukat berorren
Mesedeari nire zerbitzuak eskeintzean, eta.
eta eta eta
Jainkoak salba dezala Espainia.
Halako egunean Otxarkoagan.
Gizona apurra da.
Eta baldin hitz egin behar badut.
ezpanaiz isiltzen,
nire hitza
gizonaren parekoa izanen da, eta
eta eta eta...
(noiz arte, Katilina!).
eta (lehen zen edo)
nire hitza zuri zuzentzen dizudanean,
nire eskaratzetik hartzen dut ganibeta.
Penaz eta ezin-bestean,
burnia sartzen dut haren barnean,
eta entregatzen dizut
hitza
apurturik
Gizonaren berdina izan dadin.
Hemen.
Jesus.
Gabriel Aresti
A) DOM PEILHENI
HITZ APURTUAK
(Harri eta herri 32-34)
|
Egun honetan nire gogoak
utzi nai baitu mendia,
MALDAN BEHERA DOA AGURO
NIRE GORPUTZ BILUZIA.
Honera etorri baiño leen ongi
ezautu nuen herria;
txiki-denporan eduki nuen
han ene bizitegia.
Ama maiteak emaro niri
ematen zidan ditia:
MALDAN BEHERA DOA AGURO
NERE GORPUTZ BILUZIA.
Honera ekarri nuen handikan
nire tristura haundia,
gizon doilorrek egin zidaten
bidegabe itsusia.
Orain zikina, zitala banaiz
orduan nintzen garbia:
MALDAN BEHERA DOA AGURO
NIRE GORPUTZ BILUZIA.
Mendi gailurrak ikusi zidan
arduraz penitentzia,
haranerantza ibiliteko
eman zidan lizentzia;
hari entzunik dirudit orain
hegaztina kantaria;
MALDAN BEHERA DOA AGURO
NERE GORPUTZ BILUZIA.
Gabriel Aresti
I.- UNTERGANG
(Maldan behera 122)
Beti esanen dut
egia.
Nire ahotik ezta hitzik aterako,
egia eztena.
Ezpañak apurtuko zaizkit,
hortzak eroriko zaizkit,
mihina ebakiko didate,
baina nik
eztut
gezurrik
esanen.
Eta inoiz,
nire juramentua hautsirik,
gezur bat badiot,
izanen da
eguzkia ilundu eztadin,
ilargia argitu dadin,
arrosak orriren bat irabaz dezan
krabelinak usainik gal eztezan,
haurra beti ditiaz goza dadin,
edo dontzeiliari
birjindadea joan dakion
nobleziaz.
Gabriel Aresti
A) (Harri eta herri 52-54)
Egun da Santi Mamina
Benetan egun samina
Goiko zeruan gorde dezala
Luzaro neure anima.
Esanen dizut egia
Hau ezta usategia
Erroi artean izan nintzaden
Benetan ausartegia.
Itsas aldean izarra
Hari bagira lizarra
Euskera salbo ikusi arte
Eztut moztuko bizarra.
Kantatu zuen oilarrak
Argitzen dira belarrak
Agera gure martiriari
Moztu zizkaten bularrak.
Bularrak moztu zizkaten eta
Euskalerriak diotsa
Solomo luze dultzerik gabe
Eman zaidazu bihotza.
Eman zaidazu bihotza eta
Ken berriz nahigabeak
Esan noiz garen izanen gure
Etorkizunen jabeak.
Gabriel Aresti
F) (Harri eta herri 70-80)
Erdal eskolan
ez baitzeutaten
lizentziarikan
eman,
euskal eskola
debekatuan
hartu nuen
behar zena:
(Euskal Harria,
Mundu-Munduan,
Justizia Txistulari...)
Honela,
lizenziaturaren gradoa alkantzaturik,
etxera
alaben ogia
manera prestu batean
ekar
nezan.
Baina alferrik izan da
ene ahalegina
munduak ezpaitu
poetarik
nahi,
eta kontadurian barrena
sarturik,
bertara bortxaturik,
ez dut izan nahi
kontadore eta poeta.
Gabriel Aresti
KONTADORE ETA POETA
(Harrizko herri hau 88)
Hemen sufritzen diat
neure bizitzea
eta neure herriarena.
Hemen gozatzen diat
neure harriarena.
Ez ainu nik hemen
gozatuko,
sufrituko,
neure herriaren heriotzea
neure heriotzarekin
batera.
Hiri behin nano
orain digante bidean
hau,
ez ailedi
gehiago
zabal
eta luza
ez lezan gere hazi madarikatuaz
euskal lurra
guztiz
estal,
ez lezan deserri
ene herria,
zeren
ene herria
ni baino lehen
hil baledi,
ni ere
hilen nintziaitekek
berarekin batera.
Gabriel Aresti
3 BERRIZ
(Harrizko herri hau 148)
San Simon eta San Juda:
Joan zen uda
eta negua heldu da.
Ez baletor hobe.
Bizi gara pobre
eremu lac honetan.
Ez gara hain noble
benetan.
Ez dugu zaldirik,
ez gara gu zaldunak.
Ez dugu abererik,
ez gara aberaxak.
Euskera dugu guk,
gu gara euskaldunak.
Orain ba ditugu lau motor:
Nik euskera laja dut hor,
eta euskera ba dator.
Gabriel Aresti
URRILAREN 28 EGUN
(Euskal harria 44)
Zerutik erori gabeko
harria,
ongi labratua,
maisu trebe cit trebe eta habil batek
landua,
oinarri,
zimentarria,
(adoracen zaitugu),
(ez zara erorriko),
(mila urte inguru da),
(euskaldunen artean),
arbolaren ixura emandako
harria,
ajola gabean landatu hindugun
itoginaren azpian,
eta ur-tantak
jan hau
Hi,
arbola,
euskal harria.
Gabriel Aresti
EUSKAL HARRIA
(Euskal harria 8)
Zurengananz naramaten hoiek
haizearen hegalak dira.
Beste baten besartean
preso
aurkicen banaiz...
Haizeak harcen banau...
Eta haizeak narama.
Laster apurtuko balira
preso nadukaten
kateok...
Libre,
bai,
libre,
bai,
gero
banengoke...
Zuregananz naramaten hoiek
haizearen hegal zabalak
dira,
garcela batetik
beste batera
joateko
askatasun huxa.
Gabriel Aresti
AIREAREN HEGALAK
(Euskal Harria 10)
(Isabel Gardeazabalen
aire baten gainean)
Orain hemen nago, eremu latz honetan.
Nire gurariak galdurik, lur hauetan
arbola adar-gabeen parea naiz orain.
Landare zekenak baitaduzka eremuak,
erratzak harean, haitzetan kalamuak,
nire arima dago mirari baten zain.
Eztago zeruan egun hodei batere
Denpora sikuak garantzen ditu bere
ordu miragarriak sekula batean.
Zerura begira egoten naiz luzaro,
izarren esnetik edaten dut oparo,
baina egarri bizia daukat bihotzean.
Azken eremuon natzalako atinik,
hezur-lekuetan eztaukat zer-eginik,
ta iruten dut astiro itogin sikua,
nundik egunotan doakidan bihotza,
entzun eztelako ur lasterraren hotsa,
apur bat busti dezan lurreko kolkua.
Eztut gaur ezer jan: eztut horren beharrik;
eta gau osoan egondu naiz itzarrik,
kandeletan ikisiz eulien hegalak.
Barauetan eztut oinazerik aurkitu,
bakarrik egoteko asmotxo makalak,
eta lo-gelak benedikatu ditu.
Eremuek ere dauzkalako mareak,
behera eta gora egiten du hareak,
eta nire gorputzak ezin egon zutik.
Arroken ostean agertu den etsaia
ene begian da baratzeko galaia,
itsuki baitiotsat: Ken hadi hemendik!
Haitz gorri beltzetik datorren arranoak
moldegaizki lotzen dizkit anka-besoak,
eta laket bizian etzaten da lotari.
Koba sakonetik irten duen sugeak
egunero dizkit moztutzen bost erpeak;
hegaztinari zaio hurbiltzen narrastan.
Batzutan diotsat ilunpeko jaunari;
pozetan negarrez, doloretan kantari,
gizona zen emazte urrikaria nauk,
nire ezpainetan dagoen ur gazia
oraintxe kentzeko, egin zaidak grazia;
ezin paira nitzake premia gogor hauk.
Animali biok dira nire lagunak;
nire deserriko nahats geza bigunak,
ze moduz jakin gabe, orain dizkiet zor.
Biziko lorean ernatu da kimua:
Sugea, arranoa, ta azkenean zimua;
hiru animalia baizik eztago hor.
Gainerakoa da alperrikako gauza:
hermita eroria, hobietako lauza:
eta maitalearen gorputz usteldua;
ezpaitzekidaten benetan erantzuten,
mugitu ezineko itxura hartu zuten
herio geldiaren mustur zimeldua.
Gauerdi batekin agertu zen arraina,
zilarrezko ezkatak eta buztan apaina:
Eznuen konprenitu nundik etorri zen.
Goizaldean, noski, paratu zen marean,
ta gero sartu zen jarri nion sarean,
iheri neuganantza ahalik lasterren.
Bere aginekin eman zidan dolore,
kolore denetan: gorri, beilegi, more,
ikusten banizkion begi biribilak,
gutiziarekin, bere hegal zimelak
ebaki zizkidan tenorean kordelak,
geldiro libraturik nire orkatilak.
Eta indarrarekin eman zuen bizia
Nire sabelean mendekuzko zuzia
izar baten moduan ireki zitzaidan.
Nire etsaiak zeuden lekurantza joan nintzen;
biak nituen hil, eta eguzki-brintzen
edertasun zabala arditu zen nigan.
Hiru gorputzekin egin nuen arbola
sukuari, gero, eman nion odola,
bihotzetik ugari atera nuena.
Arrainen hegalak ziren bere sustarrak,
arrano zuren lumak ziren adarrak,
eta bere tronkoa sugeen buztana.
Haritz bedeinkatua
adoratu nuen.
Nire belaunak
lurrean jarri
nituen.
Ordu hartan
nik eznekien
zerk iharrosi
ninduen.
Haritz bedeinkatua
adoratu nuen.
Arbola bakarreko
harizti maitea:
Egun oraindik
eztuzu bete
urtea;
indar haundia
apurtu duzu
lotu ninduen
katea.
Arbola bakarreko
harizti maitea.
Haritzaren adarrak
mugituz biziro,
aita nirea
balitz bezala
emaro,
behar nuen
bendizioa
partitu zidan
luzaro.
Haritzaren adarrak
mugituz biziro.
Horko bidea gaitza dela,
ezta kamino zabala.
Harri zorrotzak daude hortik, minduko zaizu
oin-zola.
Basamortua,
arantz-ortua,
laga zazu berehala.
Etorri zinen haranetik
estrata luze batetik:
Orain zu zara itzuliko gauza guztiak utzirik.
lehengo estrata
itzali da-ta,
bide-zihor horretatik.
Frutu gozorik ezpaituzu
mendi horretan dastatu,
agi garratz bat behar dizut bene-benetan aitortu:
gaueko izotzak
aratz zorrotzak
metxiketan sartu ditu.
Udaberriko gau ederra
bihurtu zaigu gogorra;
elur zuriak estali du hemengo mendigailurra,
ta krabelina,
apain ta fina,
orain ezta mundutarra.
Lore guztiak usain gabe
geratu dira hementxe;
sasietako orri motza ikusten duzu kolorge,
eta limoiek,
laranja hoiek,
zaporea galdu dute.
Haritza, egun triste hartan,
hola mintzatu zitzaidan.
Libertatea lortu nuen katea apurtu zenean,
bainan bihotza
geldo ta hotza
neukan nire bularrean.
Bihurtu zaitek haranera,
hemen aspertu bazara.
Senda luzea har ezazu, begitu gabe atzera.
Zure gogoa
ezta, gajoa,
itzuliko eremura.
Gabriel Aresti
II.-HARIZTIA
(Maldan behera 123-132)
Hire ahizpei esaien, hik, tikia,
zergatik etxean ez dagoen ogirik, esaien
egia erosten dela, baina ez apirilik,
edo hire aitaren honra. Zetazko boza,
erretenaren ondoko murmurio kantariak,
azal zaien nola bizi diren, esisticen duten,
milaka esperanzarik gabeko gizon doilor,
diruak hamilcen nerauenak.
Baina egunak etorri behar din, agian bihar,
eta orduan libertateak, neska panposa,
zoparekin kantatuko dizue euskeraz.
eta Gernikako arbola, oilariteztaturik,
gaur inork ezagucen ez duen hiloc hori,
gaineko adarreragino beteko dun frutuz.
Gabriel Aresti
LAUGARRENEZ NEREA
ETORKIZUNAREN AURREAN
(Euskal harria 128)
Hobe
egia biribil bat,
ezen ez
mila gezur
ongi koadratu.
Gabriel Aresti
U) (Harri eta herri 58-62)
|