gure herriko elizaren dorrea,
dena edergailuz apaindua;
zer dorre galanta!
edergailu bakoitza,
harri bakoitza,
zenbat izerdi, odol eta nigar
kosta ote zitzaizkien Ameriketako Inditarrei...
e, Etxebeste jauna...?
eta dorre luze hori
Usurbil-go
Eliza Nagusiaren
dorrea da.
Joxe Antonio Artze "Hartzabal"
(Isturitzetik Tolosa barne)
-"nire emazteak ez du
lanera joan beharrik,
nik neuk irabazten dudanaz
mantendu dezaket...
...katutxo bat bezala"
ez da
deserturik bakartienetan ere
erein
jendez betetako hiri haudi hoietan
biltzen den bezalako
bakardaderik
Joxe Antonio Artze "Hartzabal"
(...bide bazterrean hi eta ni kantari)
hegoak ebaki banizkion,
nerea izanen zen,
ez zuen aldeginen.
bainan,
honela
ez zen gehiago txoria izanen
eta nik...
txoria nuen maite.
Joxe Antonio Artze "Hartzabal"
(Isturitzetik Tolosan barne)
madarikatua
birjiñatasuna erlikitzat
daukazuna
bainan, gero,
alaba agure aberats bati
erantsi diozuna
madarikatua
putetxetatik atera gabe
bizitu
ta gero,
emazte-gaiari birjiñatasuna
beharrarazten diozuna
errukarria
Jainkoa begira daukazulakoz
zure gorputzaren edertasunaz
ahalgetzen zerana
madarikatua
heste erre ta birika
lehertuakin
abezturuz lumak erosten ditukana
madarikatua
biotzaren tokian
makinak ipintzen saiatzen haizena
madarikatua
hildakoen odol zuriaz
sakela betetzen dukena
madarikatua
patxaragatik morrontza aukeratu
duzuna
madarikatua
miñaren beldurrez gozatu
nahi ez duzuna
madarikatua
bizitza guztian
heriotzako pakearen zai egon zerana
madarikatua
bizi nahi eza
madarikatua
zanpaketak
madarikatua
zurikeriak...
madarikatua
madarikatua
madarikatua
madarikatua
madarikatua
madarikatua
madarikatua
madarikatua
madarikatua
madarikatua
madarikatua
madarikatua
madarikatua
madarikatua
madarikatua
madarikatua
madarikatua
madarikatua
madarikatua
MA DA RI KA TU A MA DA RI KA TU BE HA RRRRRA
Joxe Antonio Artze "Hartzabal"
(Isturitzetik Tolosan barne)
askatuko zaituen
zai bazaude
zaude lasai
zaude ziur
askatuko zaituela
kateak itsusiak baitira hilotzen gorputzean!!
Joxe Antonio Artze "Hartzabal"
(Laino guztien azpitik...)
|
maite ditut
maite
geure bazterrak
lanbroak
izkutatzen dizkidanean
zer izkutatzen duen
ez didanean ikusten
uzten
orduan hasten bainaiz.
izkutukoa...
nere barruan bizten diren
bazter miresgarriak
ikusten
Joxe Antonio Artze "Hartzabal"
(... eta sasi guztien gainetik)
OTX! ATX! UTX!
HOTZAren HATSA ote da HITZA
ala HUTSAren aurka altxatako HOTSA
edo HITSA hauste arren UTZItako HATZA
Joxe Antonio Artze "Hartzabal"
(Isturitzetik Tolosa barne)
EZ egin horrelakorik
EZ maita halatan
EZ pentsa hartaz
EZ edan hortatik
EZ bete zure nahiak
EZ mintza gauza hoietaz
zezena atzetik
denak korrika,
anka-motzak deihadar:
"EZ korri, okerrago duzute-ta..."
Joxe Antonio Artze "Hartzabal"
EZAREN KORRIKA SAIOA
(Isturitzetik Tolosan barne)
txori ttikia nintzelarik
esan zidaten
kaiolan bizitzeko sortua nintzela.
orain
arrano bihurtu naizenean
kaiola hautsita
aldegingo dudan beldurrez,
libro naizela sinistarazi nahi didate;
horregatik
iriki dizkidate ateak
egin dezadan hegaz
bainan
luze gabe ohartu naiz
anka harkaitz bati
lotu didatela
kate motz eta astun batez.
Joxe Antonio Artze "Hartzabal"
(Isturitzetik Tolosan barne)
Joxe-ri emaztea ostu ziotenean
pakeagatik, ez zuen ezer esan
eta muuu! eginaz alde egin zuen.
bere alaba bortxatu ziotenean
pakeagatik, ez zuen ezer egin
eta kurrinkaz ospo egin zuen.
bere semeak goseak hil zizkiotenean
pakeagatik, ez zuen iñor jo
eta beee! eginaz izkutatu zen.
etxetik bota zutenean
pakeagatik, ez zuen ezer esan
eta kolkaren gisa zokoratu zen.
galtzak kendu ta atzea astindu zioten;
pakeagatik, ixilik gelditu zen
orduan, arratoi batek
"amen" batean irentsi zuen Joxe
zingurria zelakoan.
Joxe Antonio Artze "Hartzabal"
bakea,
bakea zuekin!
ez, nik ez dut nahi
zuen bakea
lurrean jendea
mila egarriz ihartzen den bitartean
ilargira joateko
eskatzen didan
bakea
hilekoak jeistea
bekatutzat daukatenen
bakea
ogiaren ordain
zin bat den
bakea
egia beren aldetik bakarrik dagoela
sinestarazi nahi digutenen
bakea
zorionekoan bakea
zintzoen bakea
guduzelaietako jabea
gosetien eskuetan
bum-bum egiten duten bonboiak
jartzen dituztenen
bakea
egunoro, segunduoro, noiznahi
nunahi
akxak-akxak kaollibaksok
mailuarekin goxatzen dizkiguten bitartean
ate utras naoluztrupi aolotop ztaheb
irrifar batez erantzuteko
kontseilatzen diguzuten
bakea
ez,
ez dut emandako bakea rik nahi;
esku zabalez emana izan zaie
eta aski dute
hilerritakoek
heuren bakea
Joxe Antonio Artze "Hartzabal"
(... eta sasi guztien gainetik)
|