PAGOA geldi dago
bidearen ertzean,
ezin du konprenitu
nire presa bidean.
Bide gora noala
-izerdi bizkarrean-
zergatik hain urduri
zerbaiten ehizean?
Kantsazio pozoia
baidarama zainean,
izanaren miztoak
sartuta egonean
bizitza neke ahulen
pentsaketa luzean,
ezin du konprenitu
nire presa bidean.
Bihotza igartu zaio
gogoeta luzean,
gogoa zaio igartu
pentsamentu lanean.
Nire anaia delarik
ezaren ilunean
ezin du konprenitu
nire presa bidean.
Udazken bustiaren
arratsalde morean,
fedea erantzi dio
Lanbrok, oharkabean,
sentimen busti tristez
alkar besarkatzean,
ezin du konprenitu
nire presa bidean.
Jose Azurmendi
PAGOA
(Hitz berdeak 26)
NEKATUTA nago!
Nekaturik irixten naiz beti gauaren atera
ta zin egiten dut ez sekula gehiago
afan alferretan leher egiteko.
Ta goizero argiarekin hasten naiz atzera,
barriz bila ta bila, esperantza zoro batez.
Zeinek aterako lidakean bihotzetik
maitasunaren sustrai orpoa!
Zeinek emango lidakean
presondegi urte batzuen atsedena!
Edo heriotza.
Esaidazutela zer den zerbait,
zer den edozer gauza, esaidazutela.
Gezurrak ta diruak
kutsatu gabeko zerbait zer den.
ez dago aterperik guretzat,
debekatu zaigu ateria.
Askatasuna debekatu zaigu
kostako haize leunak
alamerako neskatxen ilea,
ikurrin moduan,
askatzen duelarik.
Hamar dirade mandamentuak
ta hamaika bai
pobrearen nahigabeak.
Debekatu zaigu
gizon izatea
ta kito.
Jose Azurmendi
GABEZ
(Hitz berdeak 84)
HERRIAK sofritzen dauden artean
beti dira poetak
astiarekin rinozeronteari kilimak egiteko,
pobreak triste bizi diren artean
eta mundua heriotzera doalarik,
delfinak orrazteko.
Baina nik ez dut betarik
langileen bekokian izerdi lokatza
ta nekearen zimurra ez baino
pentsamentuarena ikusi arte.
Beti dira poetak
ibaian umeak itotzen egonda ere
ilargia dizdiratzen baizik
ez dutenak ikusten.
Beti dira poetak
ibaian umeak itotzen egonda ere
ilargia dizdiratzen baizik
ez dutenak ikusten.
Beti dira poetak
arratsaldean hil kanpaia jotzen denean
aingerutakoa dela pentsatzen dutenak.
Nik ez dakit zer esan.
Auskalo zer ari zaigun
esku-artean gertatzen.
Bainan nazkagarria da poeta izatea.
Jose Azurmendi
(Hitz berdeak 118-119)
GIZONA
libertade gosez dago.
Alperrik
hodei hondarretaraino
esegi du ilargia
zure gaua zuritzeko
zeruak.
Gaztea
libertade gosez dago.
Jaio zen ohe odolduan
ordurako gau zelako.
Eta beti
libertade gosez dago.
Poetak,
aresti onean egin dio poema,
poema burnizko,
libertade gatigua
bota duen amildegitik libratzeko.
Bere obena santu den arren
Jainkoaren ordezkariak
ez du inoiz barkatuko.
Gure munduan zuzenbidea
debekaturikan dago.
Gartzeletan,
mundu berrien Prometeo,
gure begiak garbitu
burdin-suz dituzulako.
Guk genituen kateez
lortu zaituzte laburto.
Baian etenik kateok
zuzenbidea mundu berrian
libre dago.
Jose Azurmendi
GIZONA
(Hitz berdeak 30)
POBREOK etxaboletan
ez dugu argirik,
eta begiotan min, bai.
Ez baitakigu ikusten.
Ta argia hotza denez gero
ez dugu leihorik,
ta diruak gordetzeko
ez dugu behar aterik.
Argi gutxitxo dugu, bai,
etxabola gurean.
Bihar-edo noizbait
justizia egingo den
itxaropenaren
argi gutxitxoa.
Jose Azurmendi
ETXABOLA
(Hitz berdeak 89)
|
MEATZARI, hezurrak bilatu, hezurrak,
gure gurasoenak.
Hezurrak,
arima oraindik eransteke dutenak.
Zulatu lurra,
sartu eskuak lurperaino,
zeruaren ametsik ez deneraino,
infernu-kiratsa deneraino,
ta sartu, meatzari, beherago.
Lurperatu zituzten-eta
behe oso behean
Ez dedila loretu
gure aitaren bat-edo...
Ta esan ez dezaigun, isil-isil,
belarrira, inork mundura
libre ginela etorri.
SEKULA ez. Haiek eta gu ez gaitu
sekula lotuko zorte bat bedearen loturak.
Ez ditu pobre ta aberatsak berdinduko
ezerk, ez heriotzak berak.
Ta itzuliko gera lurraren altzora.
Gu biluzi.
Ta haiek,
usteltzekoan ere,
jauregietan
kargatuko dituzte harrak.
Haiek. Eta gu.
Eta aterperikan gabe,
gure alarguntsak nora nahi.
NEKAZARIAK
galtzen doaz bizitza,
galtzen ardiek ile-
-matazak bezala, arantzetan,
andu, hesi, bideetan,
eguzki, antzigarretan.
Esperantzazko zarpazar
mantartu,
pusketaka
doaz galtzen bizia.
Jose Azurmendi
(Hitz berdeak 64-65)
KATE honek lotzen nau,
kate honek nau hiltzen,
kate honen gogorrak
nau ederragotzen.
Kate honen erpetan
bizitza bizitzen,
deabruzko fede hau
luzaro sofritzen.
Eztarrian kantua
kate zahar honek
dit gaua itotzen.
Katean loturik
bizitzaren gauean
urrintzen joan ala
Rembrandt-en ilun-argiz
pintatzen zaidala
nire zortearen imajina zitala
itxaso barearen ertzetan.
Kate mingarri honek
nau ederragotzen.
Nau gizon bihurtutzen.
Jose Azurmendi
KATE
(Hitz berdeak 85)
NIRE hitz pobrea diru balitz
jaten eukiko lukete
langile pobreek.
Eta sobranterik ez nuke
Bankuan jarriko.
San Anton-go zubitik
Marzana-ko gabarrak
ikusirik, aterako nuke
nire patrikatik,
ta eskuak zabaldurik
Ibaizabal-ek aspaldian
izan ez duen edertasun
bakarra sortuko nuke.
BAINAN urteak zehar
Euskal Herriaren etorkizunak
ba dirudi
basamorturakoan
saski batean
hartu genuen ura.
BASORA irten nuenean
nire ahal guztiekin
hotsegiten nuen.
(Gaztaroaren ezean
poz-hostoak ikusten dira arboladian).
Jainkoa iruditzen zitzaidan
dehadarraren oihartzuna.
Nunahiko askatan
asetzen nintzen amesen ur freskoa.
Gero aita hil zen.
Harrez gero ez dit
Jainkoak erantzun.
Nire dei larriek
kukuaren zotin hausia,
otsoaren ulua
jasotzen dute oihartzun,
zulo bat bezala ezerezera.
Jose Azurmendi
ZUBIAN
(Hitz berdeak 109)
ETXEAN argi gutxi dugulako
dabil gure alaba
izarretan
kontaduria eramaten,
senarrik izan gabe
mila gizonen andre.
(Gure sukaldeko kea
tximini ahora orduko
galdu da.
Fabriketakoa ez).
Bainan goizero
itzaltzen dira izarrak,
eta gure alabak
irabazirik ezin aurreratu.
(Fabriketako adarra
urrun entzuten da.
Pobreen negarra ez).
Gure etxe etxabolan
argi gehiegi da
alabaren pekatua
ikusteko.
Ta argi gutxi.
Nik bakarrik ikusten dut
alabearen negarra.
Jose Azurmendi
GURE ALABA
(Hitz berdeak 88)
|