olerkiak

 

 

 

 

 

 

Bitoriano Gandiaga

HIRU-GIZONAK:

Evaren ume honek
bere desterruan,
bere desterruan
herri bat sor ziela
noizbait jakin zuan.
Zegokion bezala
ta ahal zuen moduan
justizia eskatzen
hasi zen puntuan:
kredoa errezatzen
bizi da infernuan.

BI-GIZONAK:

Gure handikientzat
nik ez dut kanturik
gutxirentzat baizik;
gehienak ez dute eman
pauso bat jatorrik:
Karguak hartu-ala,
herriaz ahazturik,
hor dabiltza inongo
mozolo eginik.
Ez diegu Herriko
lotsa beste zorrik.

BAT-GIZONAK:

Harri banintz ez nuke
nahiko errekara
mailu-pe hortara
nere jatorri-aide
nerea galtzere
baina gizon naizenez
jotzen dut bestera
herbesteko errekan
sartzen naiz gainera
Euskal Herriko taxu
guztia galtzera.

BI-GIZONAK:

Garai honetan kontra nik
ezin det deus jasan,
inoiz bada oraintxe
gaude gu aukeran;
Etsaiak hor dauzkagu
aspaldi erronkan.
Gizonak behar dira
bizi dugun kinkan.
Nihork ez ahal dezan
aitzakiarik eman,
behar diot esan
desafio gisan,
jendea falta dela
euskaldunen sortan.

Bitoriano Gandiaga
(Hiu gizon bakarka 66-68)

 

Arratsaldea, kolore gorriz,
hiltera doa, kolore horiz,
hiltera doa, kolore hautsiz,
hiltera doa, zerutik jausiz,
jadanik zurbil,
margul jadanik.
Arratsaldea
hiltera doa,
ta, hilten dagoena,
neure egun bat da.
Zelako antza
nire egunaren arratsaldeak
ta iluntza honek.
Igaro da nire zerbait
harutzagoko mugara,
ta harutzago nago,
lehen baino harutzago,
jadanik gauaren
argi ilunezkoan.

Jadanik muga hontan
izarrek ez dinoste
pozezko berbarik:
fede ilunaren argi

iluna dot bakarrik
eta itxaropenaren
itxaropen-eguna
oraindik ilun dago.

Bitoriano Gandiaga
(Hiu gizon bakarka 138)

 

NATUR Zientzien Museoko
harrimailatan eseri zen.
Gurutzeko Jonen Plazako iturrirantz.
Lan eta ahalegin oro utzirik,
egona aukeratu zuen eta
egonetik begiratzea.
Iturriak etorri
eta joan betikoz,
betiko
ziba
beti
lokartu
jira
-birariz
zirautson.

Bitoriano Gandiaga
(Uda batez Madrilen 17)

 

Kateatu zen txoria
laguntza eske, txioka
hasi zenean, orduan
zegoen galduta:
Katuak eta gizonak
askatzaile bait dira.

Kateatu zen txoria
ikusi nun askatuta:
Katuak azkar jan zuen,
gizonak kaiolan dauka.
Katuak eta gizonak
askatzaile bait dira.

Baina katuak
azkar entzuten ditu
txoriaren kantuak.

Gizonak ere
laster luzatzen
dizkio eskuak,
katuak eta gizonak
askatzaile bait dira,
gero gerokoak.

Baina
geroko kontuak
baino lasaiagoak
bazituzkean baita
sasi artekoak.
Edo antzekoak.
Laguntzen ez badio
behintzat, milagruak.

Baina txoriak sasian
kateatzen diranean,
txioka hasten dira,
txoriburu gaixoak!

Baina txoriek
ez dakite sasian
libre direla oraindio.

Baina txio ta txio
egongo dira
katuak heldu artio.

(Katua edo gizona;
berdin samar dio).

Kustinoa da sasian
libre zirela oraindio.

Kontuak eginda
hobe zukean txoriak
isilik egonda.

Sasiak
mugi zitzaken haizeak:
Sasia ez bait da katu,
ez gizon interesatu.

Baina haizeak
ez ditu zabalduko
katuaren erpeak,
ezta gizonaren
bihotzeko ateak.

Norbere alde besteren
askatasuna erre
-matatzeko, erre
-medio gabe,
katu
edo gizon behar bait du.

Bitoriano Gandiaga
(Hizon bakarka 79-82)

 

Kezkatzen bait nau
herstutzeraino
neure Herriaren
zoriak.
Hautsiak ditu
arraunak eta
arrakak ditu
ontziak.
Zenbait lamina
bihurtu ziren,
zenbait badira
arraiak.
Baina zenbaitek
euskaldun nahi du
ta harenak dira
larriak.
Iraun nahi eta
ezin jarraitu
ihes dagio
biziak.
Agonia honen
laborriz dauzkat
ixurbatuta
erraiak.

Bitoriano Gandiaga
(Hizon bakarka 95)

 

Esperantzari leiho bat
zabaldu omen diote
bizi ahal ote den
ikusteko ere.

Baina apenas
ikusi duten
esperantzarik.
Desilusio usai bat
erten omen da leihotik.

Bitoriano Gandiaga
(Hizon bakarka 105)

 

Baina aurrera.
Behar bada,
gure azken helburua
hauxe izango da:
nahi dugun ezinagaz burrukatzea.
Ta aurrera
Burruka
buka
ditekenean,
jadanik zoriontsu izango gara:
Garailearen poza eukiko dugu
edo hildakoen pakea.

Bitoriano Gandiaga
(Hizon bakarka 125)

 

Kanta behar nuke, bai,
baina ezin kanta:
poza baitzait hain falta
ta samiña sobra..

Ta samiña sobra:
galtzen ikusten bai dut
herriaren ondra.

Ta ezin dut kanta
eta, apenas konta
herriaren pena.

Laido ta bortxa
sufritzen ari da,
abotsa moztuta.

Ta, ezin dut kanta
borreruen kontu
lehunak gorabehera.

Eta apenas konta
herriaren pena,
hain ezina bait da.

Ezin bait du aitortu
bere nortasunik,
hain inor izanda;

ezin bait du eskatu
bere eskubiderik,
rebeldia bait da;

ezin bait du kexatu
itxuragaitik, ze
turistak datoz-ta.

Ta ezinen ezina
pozeraino jeitsi da
Ta ezin dut kanta.

Bitoriano Gandiaga
(Hizon bakarka 128-129)

ETXADIZ gora dorreak,
etxadiz zehar kableak,
etxadiz gora dorreak.
Aurrezka, zorrotz,
milaka kantal,
kristal-alaken bizitan.

Ertz eta hegal dildildal
prisma-leka lakatzetan
kaltziten geometria.
Errefrakzio
sailetan zabal
Metropolia bertikal.
Errektanguloz
leiho-zulo latzen lehia
kartelak letrak
etxadiz zehar
txaplatak
atal-zatazka milaka kantal
kristal
alaken bizitan
METROPOLIA
etxadiz gora dorreak
ertz eta hegal
dildildal
arpal zitalen lakarrez
txaplatak
kartelak letrak
mila
atalburu ta erlaizez
aurrezka zabal
METROPOLIA
lerro
zolien
non-nahia
hormigoi-zaflaz
leiho-zulo

Bitoriano Gandiaga
(Uda batez Madrilen 38)

 

Anuntzioak
dir-dir
mila
txaplata
mila
abata
tamaina
tankera
milatan,
mila
lekutan
txipista
txapasta
hiria
zehar
txapastan.
Argitarako jarri
bonbilen argia baino
anuntzioen bristada,
NEBRASKA, IMPERIAL
ta anuntzio gehiago:
KAMEL, BIMBO, MARTINI,
CLUB, PASAPOGA,CAPITOL,
ESPASA CALPE, S.A.
CERTINA...
Anuntzioak
dist-dast
mila
zaplada
mila
blastada

Bitoriano Gandiaga
(Uda batez Madrilen 178)

 

latzen lehia
prisma-leka lakatzetan
zurrun
zorrotz
lehiaka
gora
dorreak
kableak
errefrakzio
sailetan
kaltziten geometria
bertikal

Leiho-zulo latzen lehia
lehiaka errektanguloz,
leiho-zulo latzen lehia.
Hormigoi-zaflaz
lerro zolien
ebaki zurrun non-nahia.

Kartelak, letrak, txaplatak
atalburu ta erlaizez,
kartelak, letrak, txaplatak,
Metropolia
atal-zatalka
arpal zitalen lakarrez.

Bitoriano Gandiaga
(Uda batez Madrilen 38-39)

 

ETA BAINA hemen
bultzaka sartu garenok
sartzen gindoazela ohartuz
sartu gara.
Sarreran sartzera
bultzatu bainaute,
hala beharrez,
aurrekoei pasatu
behar izandu diet
ezin geratu ahal izan dudan bultzada;
eta baina bultza bultzaka,
denok kabitu gara
bagoian.
eta oraindik
lekua zaigu sobratzen
buruen gainean.
Baina hondar ez garela
esan nahi dut:
bakoitza norbere
erreakzioz
ala ondokoarenez
ohartzen garelako,
arraio!

Giza pila hontan
pilako bat naizela
konturatzearen
pozak poztutzen nau;
eta gainera
neure arduren mundua
eta, atzeko faltrikeran
sartu dudan dirua
oraindik aldean dudala
jakitearen pozik ere badut.

Zirraragarria zait
gorputzez jotzen dudan jendeak
zein sentimen, zein ideia,
zein barruko mundu
ote daraman pentsatzen jartzea.

Eta berriz diot:
Gorputzak pila daitezke pilatan,
baina kontzientziak ez.

Bitoriano Gandiaga
(Uda batez Madrilen 153-154)

 

Erregeren profetek,
ez dute minik-eta,
konforme bizi dira
eta optimista.

Ta kantatzen dituzte
erreinuko bakea
ta ejerzituaren
ondra ta ospea.

Ez nago etsita,
baina ezin dut nik
haien animurik,
Herriaren biriak,
bakearen aitzakiaz,
dragaz herstu harturik
daudela ikusita.

Bakea alfer-alferrik
deitzen dute bake,
alik bakoitzak aidea
inork neurtuta ez baina
nork bere eskuan euki ahal
dezakean arte.

Ta Euskal herrikoak
hemen dugu parte:
Martxa hau aldatzen ez bada,
hondatu gaude.
Ta hondatzen dagoenak,
konpreni bezate
ezin duela lorik
ezta abotsik gorde.

Ez dut nik
soseguzko lorik,
ez bait naiz ni
erregeren etxeko
profetetarik.

Erregeren profetek
erregerenetik
ikusten dute Herria
kristal ederretik.

Baina nik
Herria ikusteko
ez daukat kristal ederrik,
arantzadun hesi
ta elorriak baizik
Erregeren profetek
erregeren etxeko
abaroan ezkero,
behar ahal dute besterik
lo gozotarako?

Baina ni,
aitzitik.
Herriarekin nago,
larrerik ez ezik
bordarik ez duen
hesparru gogorrean,
ta ezin dut lorik.

Erregeren otseinek
ongi astindutako
lastaia dute haiek
heren oherako.

Lastai mindu hortako
artile naizelarik,
saminduta nago
ta, ezin dut lorik.

Bitoriano Gandiaga
(Hizon bakarka 86-88)

 

Bainan gu
nahastaile omen gara,
zeren Herriak ez bait du
hainbeste ixtimatzen euskara.

Baina, hala balitz ere,
gu, Herriaren alde;
zeren Herri bait gara gu ere.

Baina nik begiak saldu
behar izan nituen,
ezin bait nintzen bizi bestela.

Eta nik begiak
ez nituela maite
ere,
zenbaitek esan zuen.

Bitoriano Gandiaga
(Hizon bakarka 93)

 

Nire herriak bezala
nahia badut,
aterik ez;
nire herriak bezala
orro dagit
atsekabez.

Nahi handi hau
zezen bat dut
egarri baten
moskorrez.

Euskal Herriren
enzierroa
luzatzen doa
kale
luzez.

Bitoriano Gandiaga
(Hizon bakarka 130)