beleak bele
usoak uso
eta nere herrian
itsu hainbat lauso.
ona ez da ezker
ez ezkuin
da eguzki
da bero
egarri denaren ur
gose denaren hazkurri.
ai! herri
eskua eri
duzu
harrian josirik
geldi
zaizu.
eta ez da kantuz
ez urrikalduz
sendatzen
beste aztikeri
beste sendagarri
du eskatzen.
gatozen senera
zuzenbidera
gal
ez gaitezen...
Juan Ignacio Goikoetxea "Gaztelu"
BELEAK BELE
(Gauean aihu 28)
otanik gabe
gabiltza gizonok
galdu
gordean,
norakorik gabe
ontzia bezala
jitoan.
galde batari
galde besteari
eta izarrak
ixilik daude
zeruan.
-Ai! ibai, ibai,
ibai-kolko gordea
ilargi-taloa
barnean,
zelan eztugu
hire hitz-ixila
jakin behar?
goizalde oroz
argia,
arratsaldero
iluna.
-Errotari,
zenbat bider
biratu da
harria?
-Gehiagotan loratu
ohia da bizia.
bizia loratu
baita usteldu
aragia.
Ai! ibai, ibai,
norako duk
joana?
-Ai! errota, errota
norentzat duk
irina?
Juan Ignacio Goikoetxea "Gaztelu"
OTANIK GABE
(Gauean oihu 21-22)
KANTU HAU EZTARRIAN
ERRE ZAIT, ETA GAU BELTZEAN
NORA GABE ABIA
PIZTI TZARREN HORTZETAN
ERORTZEKO ZORIAN.
NOIZBAIT, AGIAN,
ARGI-BERRIAN,
HILOTZIK NUNBAIT ARKI
BALEDI EHORTZI
ZAZUTE NOIZBAITEKO
LUR BERRIAN.
GOLDE-MUTURREK
IDEKI HILDOAN,
HAZI BERRIAREN
OHE BEROAN...
IRATZAR DEDI
EGIA BIHURTU AMETSEN
LUR BERRIAN.
Juan Ignacio Goikoetxea "Gaztelu"
KANTU HAU
(Biziaren erroetan 11)
Lendik zetorrenan deia:
-"Aizak, iii..."
Burua ikasketan
nastua niñan.
Aren otsa, kezketan
galdu unan.
Urrutitik berriro:
-"Aizak, iii..."
Etxean opor-aldiak
poza zerionan.
Udaldia, itxasoa,
mendia nizkiñan.
Berriro urbillago:
-"Emen ni!..."
Nemesio Etxaniz
DEIA
(Lur berri billa 236)
|
gaur eskandalu da edertasuna kantatzea
landa loratuen
larrosa zuri gorrien
ur tanta dirdaitsuen
bi begi sorgiñen
bi zango ederren...
edertasuna gaur eskandalu da kantatzea
giza-piztien basakeriak itsustu digute bizia
negar jarioz eta garrasiz uhertu poz iturria
harma izigarrien orroaz barrendu gogo larria...
TIO SAM'en putre beltzak barreia dute munzabak
vietnamdar haurren garrasi erdiragarria
garrasi zorrotz ezin ahantzia...
PANDORA kaixa dago idekia...
erotzen
nahasten
etsitzen
itotzen
ari geran guzia...
madarikatua gizona
biziaren lotsagizuna
DOLAR sabeletik sortu dena...
GEHENA!!!
GEHENA!!!
GEHENA!!!
gehena!!!
Juan Ignacio Goikoetxea "Gaztelu"
GEHENA
(Gauean oihu 46-47)
ustea
aberats,
berez
hain eskas
den hark,
nola dezake
eritzi
eta esan
"ez diot
zor
ezeri
ez nehori?
bai
zor diot
zilbor-esteari
zor
titiari
zor
ezpain gurien musuari
zor
esku latzen zartakoari
zor
argiari
ilunari
zor
osasunari
eritasunari
zor
irriari
negarrari
zor
zentzuen ikasiari
gogoaren ahalmenari
zor
atseginari
oiñazeari
zor
pozari
hildurari
zor
onez atereari
huts egiñari
zor
okerrari
zuzenari
zor
lagun
lagun zintzoari
eta zuriari
esku-zabalari
eta zimurrari
zor
irainari
gaitz esanari
zor
maitemiñez
eta etsipenez
egonari
zor
irakurriari
entzunari
zor
ibiliari
egonari...
zeri ez
zenbat ez
beste edozein
ez ezagunari?
nola jarrai
ur joanari
urak izanari
urak emanari?
landarea igaliz
aletu eta
adar hutsetan
ohi da gelditu.
huts ala bete?
neronez huts eta
besteei esker
asebete
naizen honek
oro
zor diot
hartuari
zor
emanari
zor
biziari...
Juan Ignacio Goikoetxea "Gaztelu"
AITORRA
(Biziaren erroetan 27-30)
|