barrurantz dario
ene zauriari
odola
barrurantz
zulaketa hotz lehorrean
odol geldi herdoilezkoak
bere isiltasunari bihurtzen dizkio
ezpainak
Koldo Izagirre
(Itsaso ahantzia)
zuek ez dakizue zer den
gauero kalenderaren numero bat tatxatzea
eta ilun-jarioari
tiro ezin emana
zuek ez dakizue zer den
norbaitek igurikiko digula
sinetsi nahi izatea
zuek ez dakizue zer den
gizonaren negarra
ilunabarra kopetari atxikitzen zaionean
zuek ez dakizue zer den
euria
zuek ez dakizue zer den
bakarrik egotea
bakarrik
bakardaderik ere gabe
zuek ez dakizue zer den
ezer
zuek ez dakizue ezer.
Koldo Izagirre
(Itsaso ahantzia)
ez dudala inoiz komunetako ate ostean deus izkribatu
ez dudala inoiz neskarik ukitu begiekin ezik
ez dudala inoiz ukabiletati negar egin
ez diodala inoiz gauari musurik eman ezpainetan
ez diodala inoiz arraun egin ametsak gaindi
ez diodala inoiz bihotzari hatzazalik zorrozten utzi
ez naizela inoiz ezertaz gozatu
ez dudala inoiz ispilurik harrika apurtu
ez dudala inoiz itsasoa orratz batez lehertu nahi izan
ez dudala inoiz poeten bertsorik buruz ikasi
ez naizela inoiz errekan biluzik bainatu
ez dudala inoiz mapamundirik erre
ez dudala inoiz lapurtutako motoarekin kopeta hautsi
aitortzen dut
da naiz.
Koldo Izagirre
(Itsaso ahantzia)
hor
haragi ikaratuaren hizkuntza
poemaren ertzean laztandutako arrazoien lurrezko
lokarria
oraindik hor zaude
erroitza isila ene zapaten itzalpean
entzun itzazu eskuok
udazkeneko barku isilak
ilunabarretik atzerriratutako ametsen hondakinak
ohostutako ezpainen sakonenean etzandako hitz guztietan
deitzen zaitut
grifoak odolustutzen direlarik
ilunabarra ari duzu eta ni ilunabarrak nago
heriotzaren bezperan
ilunabarra izan nahi duzun uharte biluzitik
atzerriratua
oraindik
dei egiten dizut
babes nazazu betazaletan.
Koldo Izagirre
(Oinaze Zaharra)
|
zure adatsak
haizearen zainak
zure kopeta
euriaren frontoia
zure begiak
argiaren dianak
zure ezpainak
bihotzaren betazalak
zure besoak
urezko lokarriak
zure eskuak
ene bizkarrezko zomorroak
zure bularrak
eguzki katibuak
zure gerria
Panamako kanala
zure kaderak
ene eskuen perigeoa
zure sabela
ene uhinen etzalekua
zure iztarrak
t-k erdibitutako izarrak
zure belaunak
60 watt bizki itoak
zure ilunpeak
gau kiskurrak.
Koldo Izagirre
(Itsaso ahantzia)
musuak
urtutako
haizeak
elektrikaturiko
aterkiak
larrututako
xaguzaharrak
izututako
gruak
urkatutako
txatarrak
amestutako
ijitoak
segatutako
izarrak
edoskitako
hitzak
ahantzitako
haginak
urratutako
musuak
Koldo Izagirre
(Itsaso ahantzia)
suzko usoek
zure begiak datozen
itsas itotik jaikitako pistia beltzen
izarrek
ezin dute
ezin dute gaua iratzarri
ateak
zigarro-kearen sekretupetik
kristal hautsien burdinbidera
zerrail hotsik gabe
oso poliki hertsi direnean.
Koldo Izagirre
(Itsaso ahantzia)
teilatuak gurpilez eta zulatutako zenbakiz estaliak
zorotasunaren adatsak leihoetan tantaka
eta faro mutugorrak gorpuak sehaskatuz
orratz zaunkarien berotasunean
ezin ditut zure kaderak idatzi
zure begietako icebergen azpitik
igeri egin nahi nuke baina
nire aberria zure irrifarra bada ere
amatsen zapatek odol arrastoak uzten dizkigute
esku apurtuetan.
Koldo Izagirre
(Oinaze Zaharra)
|