olerkiak

 

 

 

 

 

 

Mikel Lasa

(goiz heltzen diren pikoak
maite ditu nere animak. ATSULAR)

Euriaren tristea
ari ta ari atergabeko amaian.

Katuak ganbaretan lo daudez gau t'egun
denborari denbora emanaz...

Paradisu galduetako oroipena da
nola palmondo haundi baten pean
itzala genuela adiskide
nola tamariza ta pikondopean
ari ginen pekatu
haragizko pekatua
euriagatik triste ari
triste diren bezela tamarindoaren adarrak
itsas bazterrean
euriaren pean
triste ta ustel palmondoa
udazkenean
"chalet" ubelaren jardinean
Zarauzko plaiatik ez hain urruti.

Nola bion gorputzak gurutzaturik
(ba ginakien ez genuela elkar maite)
bestearengan bilatzen genduan
gurean ez daukaguna:
mundu axolakabeak itsaso izugarriak plaiaren bakardadeak
ematen ez ziguna: maitasunaren arrastoa.

Arratsalde hura munduaren azkenengo eguna zen
t'amor eman genion bizitzari
Udaberrian kantatu nuen hasierako egunaz ez naiz
oroitzen
Jainkoak gizona tankeratu zuen egunaz
bizirako arnasa ixuri zioenaz
ez naiz oroitzen
paradisuko azken egun hontan.

Katuak ganbaretan lo daudez
tolesgabeko ametsetan
urteak eta denborak deusezten
edo ta denbora milaka ugaritzen.

"DANA" ta "NADA"-k zirkulua bukatzen dute.

Mikel Lasa
I.- AMORIO GALDUAK
(Poema bilduma 57-59)

 

Egunen batean beharko dugu pausatu
udarako egun narras luzeren ondoren
giza errealidade humillaren ohean etza
banitate oroetaz bilhustu, marmario guzietaz
eta azken finean gure baitara itzuli
ene buruari so egin, hain bitxia
estrainioa, birrindua eta madarikatua
ene burua, eta ene baitara itzuli
haur baten begiez inguru-muruak begiratu
Bilhustu, hustu, sentipen oro bazter
ez gorrota, ez ahalegin
betierako ixil-aldiaren sabore humila astiro jasta
Ur-lo isilaren sabelera ondora..

Mikel Lasa
(Poema bilduma 109)

Ene biziaren tristeziazko
sinoak
zeinek bait du urtearen zehar
biziaren hari guztia kolorazten
zeinek bait du ene arpegiaren eskultura
beheraka zimurrez markatzen.
Itsas-ontzi aintzinako kobrearen metal zaharrak
ez du ene itxura tristearen tristura
eta plaia-hondar-hustuak udazkenean
ez du ene etsipenaren zapore garratza.

Tamariza eta pikondoak
nere haurtzaroko izarotik
denak erroz desustraituak izan dire denak!
Izarrak soilik haizeari buru emanaz
tristeziazko salmoak
murmuratzen dituzte
ipar-haizearen eraginez ta berresaten.

"Oi gure denbora hunen desolamentua!"

Mikel Lasa
II.- DENBORAREN MARKA
(Poema bilduma 61-62)

 

oi hiri oi izar oi ortzi
ez duzue balio ezer.

Zoaz eta esaiozu Rilke-ri:
izarren hautsa krudela da
eta ilargiaren esneak
goragala ematen dit.

Eta poblatuko dut
ene animaren bakardadea
gizonaren irriz ta neskatxaren musuz

Deituko ditut lagun berriak:

Fauno zaharrak ene lagunak
bidetan zehar dabiltzatenak
Picassoren Arlekin oria
(Kafka bera ote pailazoz jantzia?)
Pierrot gorria
eta mundu guztiko clown
arpegi tristeak
jazkera gorria eta txano berdea.

Mikel Lasa
POETA BERRIA
Poesia bilduma (79-81)