Suzko ezpainetan
mingain lehor bat sartu da
egarria asetzen
suzko ezpain dobletan.
Tolesta bakoitzaren ertzak
sugarretan kixkaliz
miztoaren bustidura
zainetatik gora korritzen da hasi.
Irudimenaren laino gorriak
buru muinetan lehertzen dira
eta musika desordenatuak
azalaren gainetik irristatzen.
Mingain egarritua piztia da
eta bere zatia ez du uzten,
miazkatuz
kozkaka
erraiak dizkio jaten eta xurgatzen.
Suzko su sutsuaren sugarretan
amilka
biribilka
egunsentia da etortzen,
eta itsasoaren goraldiak
ondarretara baztertutako
landare exotikoen gisan
pasioaren lore asetuak
hotzikara batek ditu hartzen.
Suzko ezpainetan
mingai lehor bat hasi da
egarria asetzen.
susko ezpain tolestatuetan.
Xabier Lete
SUZKO EZPAINETAN
(Bigarren poema liburua 29-30)
Gu
ezaren seme
zalantza orokorraren zaldun lurreratu
odol eta lokatzezko denbora hauetan
nostaljiaren sabelean aurkitzen garenok...
gure kondaira
letra ttipiekin eskribitzen den horietakoa da
eta gure etorkizuna
laino grisen ezparadisu prolematikoa.
Oroitzapenak gordetzen dituen maleta zaharra
zuloz beterik dago aspaldian
eta horietatik ixurtzen doaz
esperantzak
fantasiak
gorroto farregarriak...
Neguaren atariko arratsaldetan
gure aterabideak banan-bana kontatzen
aspertzeraino saiatutakook...
baina sentimentuaren ariak
ezin ditu iñork behar bezala lotu,
elkarri itsatsi.
Arrazoiaren gurdia
bere ardatzaren inguruan
geratu gabe bueltaka dabila.
eta bihotza
nazkatzeraino mekanismoz beterikako
makina karrankari bat besterik ez da
neguaren atariko arratsaldetan.
Xabier Lete
EZAREN SEMEAK
(Bigarren poema liburua 46-47)
Sinesten dut
egun batean hilen naizela
hutsean eroria
ezerezean amildua
hauts bihurtuko naizela.
Sinesten dut
hartuko nauen lur hortatik
landare berriak
sortuko direla,
landareetatik zuhaitzak
zuhaitzetatik loreak
loreetatik fruituak,
fruituetatik
gizonak eta abereak
bazkatuko direla.
Sinesten dut
haiek ere noizpait
lurrera deituak izanen direla,
zabaltasun sakonera
forma guztien sortokira
itzuliko garela.
Sinesten dut
izaki guzien aldakuintza
etengabea dela:
itxuraldatze sakon batek berbiztutzen gaituela
eta izatetik izatera
atsedenik gabeko mugimenduak
garamatzila.
Edertasunaren neurri bakarrean
finkatuta
bizi behar dugulako
sinesten dut
gainerako neurri guztiak
gezurrezko direla.
Sinesten dut
kolore zoragarrizko larrosen
kapulotasun legunean
haize euritsuaren freskotasunean
itsasoaren aldakuntza
gazi mugikorrean
eta jakintsuagotzen gaituen
zalantza orokorraren baitan.
Sinesten dut
bai
egun batetan hilen naizela
hutsean eroria
ezerezean amildua
hauts bihurtuko naizela.
Xabier Lete
SINESTEN DUT
(Bigarren poema liburua63-64)
|
Eta bizitza
ondar fin bat bezela
behatzen artetik irristatzen zitzaigun.
Soroetako ke urdin
eta ur kantarien oihartzunarekin
batera
iragaiten zitzaigun:
maitasun zaharren melankoliaren gisan.
Eta baratze bat zen,
usai gozoz beterikako baratze bat.
Eta desio bat zen,
ase ezinezko irudimenez gainezka
lehertzen zitzaigun desio lehena.
Eta zorabiatzen gintuen
sexo usai bat zen.
Eta bizitza zen,
bizitza ber-bera
oparotasunaren oparoz
ondar fin bat bezela
eskuen artetik
gelditu gabe irristatzen zitzaigun hura.
Xabier Lete
ETA BIZITZA
(Bigarren poema liburua 43-44)
Zakurrek jan bezate
esperantza,
zerrien bazkari bihur dadila
justiziarenganako ametsa,
astoek zanpa ditzatela
injenuitatearen loreak,
ziminoek likistuz hondatu daitezela
uste onaren irrifarrak.
Hil bedi siniskeria,
argizarizko hegoen gainean
zankolaka bizi erazten gaituen
nahitasun minberagarri hori.
Horrela egun oroz izanaz
gizon soil izaten ikasiko dugu,
ezerezaren aurrean
osotasun bilakatuko gara,
horrela,
gizon izanaz.
Xabier Lete
ZAKURREK JAN BEZATE
(Bigarren poema liburua 56)
Ezdeusaren luma beltzek
bekokia
begiak
ideien amiltegiak
kariziatzen dizkidate.
Egunaren lehen orduei begiak irekitzean
monotoniaren berunak
muinak ditu astuntzen.
Keinu bakoitza neurtuz
argi-itzalen ekilibrio deuseztagarri horri
eutsi nahiz
giza-eskeleto barnekoiaren
ariak
eten ez daitezen.
Neguaren atariko txoriek
hego hotzminduak
fantasiarik gabeko hegaketan
astintzen dituzten bezala,
imajina moldakaitzekin hasten naiz burrukatzen.
Eta eskribitzen dut:
ezdeusaren luma beltzek...
Xabier Lete
EZDEUSAREN LUMA BELTZEK
(Bigarren poema liburua 51-52)
Malkoak euri balira
udazken traidorean
maitalerik gabe
kolpez bazter utzia
emazte adintsua
gertatzen denean
ehun hodei ilunen
jasa izugarriek
kaleak uholdeka
itoko lituzkete,
errotik garbituko
ohizko zekenkeriak
hondakinez gainezka
dituen bihotzak.
Malkoak euri balira
kupirarik gabe
haurtxo baten gorputza
gerra izugarriek
burniz eta metrailaz
hausten dutenean,
ama denen oihuek
espantuzko irrintziz
izoztu lezakete
entzumenik ez duen
itsaso zabala.
Malkoak euri balira
adoleszente baten
ezpain oihukariak
harresi baten kontra
torturaren espantuz
zauri direnean
etxerik altuenak
lotsaz eror litezke
gizadi osoa
redimitu nahirik,
eta lore bakarrek
entona lezakete
ehortze letani bat
zerraldo gainetan.
Xabier Lete
MALKOAK EURI BALIRA
(Urrats desbideratuak 41-42)
|