Oi, lur, oi, lur!
Oi, ene lur nerea!...
oi, goiz eme,
parre gozoz ernea!...
Arto musker,
mendi, baserri zaarrak;
ale gorriz
abailduta sagarrak.
Oro laiño
mee batek eztalia,
urrez oro
eguzkiak yantzia...
Nekazari,
gizandi bat iduri
soroan zut:
beyondeizula zuri!
Zure bazter,
gurazko aberria,
doa zoro
ta (bertan ni) bultzia...
Oi ene lur,
ba'ninduzu zerea,
zu landu, ta
zure sariz asea!...
Bañan... ezin:
beeko bear goriak
narama... Agur,
soro, sagar, mendiak!...
Jose Maria Agirre "Lizardi"
BULTZI-LEIOTIK
(Biotz begietan 94-96)
Txolarretxo, txolarre,
Paris-erdikoa:
Bourse'ko iskanbilla
(gizon zoro batzarre)
ez ote da naikoa
i izutzeko, axolakabe biribilla?
Farol itzali baten
txapel-gallurrera
etorri aiz txuzen
apur ostu bat yaten:
batetik bestera,
txapelaren muturrak arin dituk gaintzer.
Salto banakin, begi
ernaiak lurrera:
ez aiz i makala:
begiraldi luzeegi
gabe, baator beera:
ez, alearen ordea, yasotzera azala.
Kafetxean bainago
astiaren yabe
zer egin oberik,
(ezer ez gogarago)
muñak urtu gabe,
zerbait, alarik ere, gogo-yolas baizik?
Leioak lauso dira,
eguraldiaren
antzo. Barrenean,
giroaren arira,
loxustak egite
morroi mantal-zuriak daude bazterrean.
Begira, beetik gora,
berriz txolarrea.
Keñuka begiak,
irentsi du, gerora,
luzatzeka, alea
Esku -(?)- peko guri bat boteaz... an'tziak!
Paris'ko txolarrea:
zertan aiz berezi
nere erriko batez?
Azalez soin-arrea;
barrenez biurri;
kideago zaitezten..., eztakit prantsesez!
Kanpantorre xaarrean
bata bezin lasai,
bestea da maiztar
Tuileri goitarrean
Egingo nuke, bai,
angoa lotsa ezetz onuntza ba'nekar.
Nun-naitar izan-miñez,
ostera, gizona
bai txori baldarra!
Alegiñak egiñez bebil andik onaa:
etxez kanpora beti duk baserritarra.
Labur: nere burua
Paris'en ikusiz
ain lotu ta arlote,
otoi nizun zerua,
zeatz adiraziz
gizon baño naiago nukela txolarre.
Jose Maria Agirre "Lizardi"
PARISKO TXOLAREA
(Biotz begietan 98-102)
I
Gau luzea, gau latza
gau izar gabea,
nekez gendun ikusi
aren azkentzea.
Gau erdian il zaigu
amona gurea;
esku gogortuetan
dauka gurutzea.
II
Goiza lañotan jaio
zan noiz bait. Leioan
apar zuri motela
itsasi zegoan.
Begiak gorrituta
sukaldera noan
nere ezurrek ikara
goitik berakoan.
III
Gure sukalde zarra
etxe pizgarria
bart, lagunarte goxo
gaur, bakar gorria.
Len epela jario
orain otz larria.
Amonarekin batez
dezu utzi bizia!
IV
Amonaren alkia
ago sutondoan
aren ipuirik al dek
ik jaso gogoan?
Ik ez?, Laratzak? ezta!...
Ezuste gozoan
geunden, ta gure poza
betiko da joan.
V
Ordun belaunikatu
nintzen auts gañera.
Ark gordetako sua
zu're il ote zera?
Autsa pitinka urratu
nuan, beldur bera.
Sua bizirik dago!
Galduak ez gera!
VI
Poz oiuak esnaraz
nindun bat batean.
Zer dakust Jaun aundia!
Amona?, benetan?
Zerau zakust bizirik
begi ninietan.!
maitez erantzun zidan:
Gaxoa! ametsetan?
VII
Geroztik ari nazu
auts zaarrak astintzen
Aiton-amon guztien
ipuiak jasotzen
Erriaren pitxiak
magalean biltzen.
Ez baita il gure Erria!
zutitu gaitezen!
VIII
Il ez da eta ez da ilko
guk ez badegu nai.
Bizi irrikaz zegoan
gure maitasun zai,
aren susper bearrez
goazen nora nai!
Pizkor urra ditzagun
malkar eta zelai!
IX
Egizute nerekin
aberri-bidea.
Bildu dezagun nun nai
asaben lorea.
Ta gaurdanik goritu
gure sukaldea.
Ni nor naizen? Asmatu!
Euskal Pizkundea!
Jose Maria Agirre "Lizardi"
EUSKAL-PIZKUNDEA
(Biotz begietan 200-212)
|
Biotzean min dut, min etsia,
negar ixilla darion miña.
Amona bat nun: gaur, enarak
etorri-garaiez aldegiña.
Eguzkirik ez dute
leiotan zapiak;
aur-yolasik ez dago
gaur zure kalean
Odeiek lits urratu
itxasoak orro.
Gizaldi bat geldirik;
gero, bat-batean:
Ots!
Ots!
bizion oñok...
Errezka bi gizonek
argizai oriak;
gorputza lau billobok;
atzetik andreak.
Ai, ene lor arin au
zein dudan larria!
Besoek ez lan arren,
biotzak nekeak...
Ots!
Ots!
bizion oñok...
Mendea ia betea,
ta ain illaun, gorputz xaar!
Bezak gogoa goien
i bezin ariña,
ta bezat nik nerea,
dei nazatenean,
ezin-itzal-Argiruntz
egatzeko diña!
Ots!
Ots!
bizion oñok...
Orain larogei urte,
kale poz-gabeok
eguzkiak zitun-ta
zure aur-yolasak
alaitzen. Gaur arriak
ere baitira itzal...,
nork lekuskez, ikusi,
urte urdin igesak!
Ots!
Ots!
bizion oñok...
Egun zaarrak yoan ta
berriak etorri,
gaur poz biar oñaze,
noiz burni noiz zillar,
zenbaitek ondamendi
baituten katea
lere-sorta bekizu
goi-muñoak zear!
Ots!
Ots!
bizion oñok...
Bat-batean etan da
bizion ots ori.
Gorputza laga dugu
nunbait. Al-dakit nun!
Bultza naute barrura...
ñir-ñir aunitz argi...,
orsia-antzo sar nazu,
begi-lauso ta urgun.
Ots!
Ots!
enagan biotz!
Amonatxo! Bakarrik
zagoku atean,
otz ta gogor, entzuten
zure azken-Meza!
Zerraldo-olen artetik
(negu-gaua iduri)
ez al-datorkizu, uluka,
aize erruki-eza?
Ots!
Ots!
enegan biotz!
Begiok ero ditut
noranai doazkit;
dantza naasi bat darabilt
irudimenean.
Goruntz egik, biotza:
otoika lasa adi!
Ixilla sor ba'dadi
ire barrenean!
Ots!
Ots!
enegan, biotz!
Ordu bete luzea
igaro zan. Noizbait,
berriro lor illauna
besoek... Urrena,
muño baten gañean
uri ixil bat arki...
Poz-oñaze-kateak
emen dik etena.
Ots!
Ots!
bizion oñok...
Ol bat yaso ta ikusi
dut muxu ximela:
parre-antxa, bizirik
ba'lirau bezela:
(Ots!
ots!
ler adi, biotz)
ordun, ixar bat biztu
du nere gau beltzak.
Begioi malko ixil bat
dardarka darite.
Noizbait itxaro-kabi
biur dan biotzak:
(Ots!
ots!
yauzika, biotz)
"Agur! (oiuka dio),
gorputz ximur maite!
Agur, amonatxo!
Egun Aundirarte..."
Biotzean min dut, min etsia
zotiñik-gabeko negar-miña.
Alatsu txoriak, uda-ondoz,
negua du galazi-eziña.
Jose Maria Agirre "Lizardi"
BIOTZEAN MIN DUT (ILLETA-ERESI)
(Biotz begietan 114-126)
|