Aitz baten puntaren-puntan
bi bele zeuden izketan,
-gaua bezin beltz bele bi-:
"bazkaria gaur nun arki?"
itxaso gazi aldean
ala zurgaizti berdean?
Ondartzetik ikusi diat
ondartzen ontzi eder bat,
t'iru oiu entzun ere
aruntz joan nauk airez-aire:
iru ilotz an etzanik...
ondartzean diat jango nik!"
"Ona zerbait goxoago:
basoan ilik bai'dago
zaldun gazte bat, ezpata
zorrotik erdi-irtenda.
Il dala inork ez zakik
zakurrak t'andreak baizik.
Elizara joan dek zakurra,
et'andre ezti ederra
beste maitale batekin...
Ator, lagun! Egan ekin!...
Eskerrak guda onari
ba diagu jaki ugari.
Bular-gain i aiz jarriko,
begiak nik aterako,
bere begi polit urdin...
Eta bezo izan dedin
neguan ire kabia,
ar bere ile oria!"
Gaixoak oe otza du
basoan dalarik Negu!
Entzun gabe nesken negar
lo dago!, burkotzat belar.
Azeriak ta zakurrak
sakabanatzen ezurrak...
Jon Mirande
BI BELEAK IV
(Orhoituz 21-22)
Soin zabal, zalhu, txapeldun,
euskaldun eta fededun,
-handi baita- sudur mintzo,
zintzo dira, o! Hain zintzo
eta barnez oro zaldun...
...Nahiz arrunt den azala.
(Izaitetik hek bezala
Ortzi Jaunak zaint'nazala).
Ilhunean zeuden lehen
Bainan JEL argia goihen,
jautsi baita Euskadi-ra,
argiturik bizi dira
ahalikan bizi dira
ahalikan eta zehen
demokrat onen gisala.
(Argitzetik hel bezala
Ortzi Jaunak zaint'nazala)
Jakintza badute anhitz
atso-, haur, eta zuhurt- hitz
ba dakite politika,
pilota, dantza, kantika,
bai eta kantu ez likits-;
Leitzen dakite Misala
(Leitzetik heiek bezala
Ortzi Jaunak zaint'nazala)
Trebe izaiki tekhnikan
joritzen dira Amerikan;
haatik, han ere zintzoki
elkartzen dira Batzoki
abertzaleetan; ez bakan
joaiten, han ere, elizala.
(Joritzetik hek bezala
Ortzi Jaunak zaint'nazala).
Aphezak eta auzaphezak
benedikatu ezkontzak
egiten dituzte bethi
-ohetik landa hobeti
dastatzekotan- aratzak
diren neskekin, ontsala.
(Ezkontzetik hek bezala
Ortzi Jaunak zaint'nazala).
Bainan ahanzten zitzaitan
hospatzea neurthitzotan
heien jaunzdura igandetan,
bihotzaren zuriz ala?
(Zuritzetik hek bezala
Ortzi Jaunak zait'nazala).
IGORTE:
Nola juduen baitzinen
zintzo diren Euskaldunen
Jaun zara, Jahve, gisala
neu, zer ere zaitan jinen,
zintzotzera hek bezala
Ortzi-k utzi ez nazala.
Jon Mirande
EUSKALDUN ZINTZOEN BALADA X
(Orhoituz 33-35)
|
Kanpoan gauerdi,
hostoen firfira
auhen bat dirudi.
Izarrak non dira?
Kanpoan ilhuna:
nehon ez argirik
ikhara, ilhuna,
zuziena baizik.
Akher hil bat datza
bere odolean.
Sorginak dabiltza
leize hospelean.
Dathorkeieneko
urhezko thronu bat
su-aurrean dago
Aingeruarentzat.
Sorginen leizean
lizun, bilhuts-gorri,
bilhoak haizean,
neska bat dantzari...
Oi zu neska lerden
oin-beso arinak
zugan du atseden
Satan nagusi onak!
Jo zazute txistu,
eta danbolinak;
egizute kantu
gauazko Reginak:
"Argi-Ekharlea
goresten zaitugu.
Geure zaintzailea.
Gaur hel zakizkigu!"
Emeki, politki
sugarrak dira hil,
gau beltzak baitaki
dela goiza hurbil.
Sorginak itzali
dantzak hamaitu-ta
Oilarren azali
ezagun... Goiza da.
Jon Mirande
A) AKELARRE III
(Orhoituz 17-19)
Elhia jalki zeneko
neskari muthil bizkorrak:
"nehoiz ez haut ahantziko".
Ondikotz! Haize gogorrak
orbelak eroaiten ditu,
bai eta zin ezilkorrak...
Ekhia zenean sarthu
bethi ere maithatzeko
bertzerekin zen hitz-hartu.
Jon Mirande
A) MAITARZUN VIII
(Orhoituz 29)
Aineza gal bizia goiz batez
iskilludun, ixil eta zutik
guduz hilda lur zar honen maitez
mendietan, etsaien eskutik.
Aininderor gaztaroan, nerau
ikurrinik et'ikurrik gabe,
ezpainetan othoitzik ez, birau-
itzalik ez, baikor, ez herabe.
Ainitza gal hats, arima, odol,
heuretako, nire jainko eidol
maitea, Lur! mendi-gudu baten,
eguzkiek, inguruz inguru
ene soin haur, berriz sor haiduru
hiretan lo, garrez jo lezaten.
Jon Mirande
A) ERESI XVI
(Orhoituz 53)
Aintziko urera!
ilhargi-laurden bat erori zen,
zuri, jori,
gauko zitu zorhi:
igelek jan dute, igeltxo igeldariek.
Orain, aldiz,
intzirika daude igel igelttoak,
igel igeltto zoroak...
Gau-minean
aintziko igelek dute, ai! ei!
ilhargi-min.
Jon Mirande
A) IGELAK II
(Orhoituz 15)
|