olerkiak

 

 

 

 

 

 

Luis Mari Mujika

I
Ah, Euskal Herri
zenbat ahulezi,
ah, Euskal Herri
zenbat tristezi...
Euskal Herriak
(gezur dirudi)
Euskal hontan
aunitz deserri!!!

II
"Gora Euskadi" hoska
ari zaretan vaskoak
(vasko nolakoak?)
al dakizute
hemen
beste herririk badela?
Herri hori
Euskal Herri
(euskararen herri)
-Baina, hori noiztik?
-Ah, ah, betidanik...!

III
-"Gora Euskadi"
vaskoen garraisi.
Eta Euskal Herri?
-"Qué dice. No le entendemos.
Somos vascos".
-Euskara ikasi!
-Déjenos en paz".
vaskoek aitzaki.
Euskal Herria,
noiztik haiz Euskaditik
joana ihesi...?

Luis Mari Mujika
"VASKOEN" TRIPTIKOA
(Herria eta bidea 97-98)

 

Gau hotz-gordina zintzilik
samin sakon-berdetan...
Zumeen negar ume-isila
samin sakon-berdetan,
udaberriak sukarra,
samin sakon-berdetan,
idien begiak nagi
samin sakon-berdetan,
azido harro-gordinak
samin sakon-berdetan,
puñal-hortzaren zaratak
samin sakon-berdetan,
ezpain amorratuen grinak
samin sakon-berdetan,
ardoaren hats hautsiak
samin sakon-berdetan,
asmo zatarren euriak
samin sakon-berdetan,
sakontasun hain berdea
samin sakon-berdetan,
gauzen hizketa izkutuak
samin sakon-berdetan,
gorroto gaiztoen hortzak
samin sakon-berdetan,
zapore gaitzen gaziak
samin sakon-berdetan,
mahats bilduen mozioak
samin sakon-berdetan,
berde sakonen berdea
samin sakon-berdetan,
sakon berdeen hitz sakona
samin sakon-berdetan,
Nire poema amaitu da
arratseko seiretan...

Luis Mari Mujika
SAMIN SAKON BERDETAN
(Zortziko hautsiak 56-57)

 

Zenbat bider
nere begirada,
irripar leun ta ozkirri bai litz,
ixurtzen da leioaren zear!
Baiña, Illunbe-ren
tristura belaxka ontan,
begiak topo egiten dute
piñudiaren beltz-mordo
gogor ta bizian.
Urduri ta mindurik,
berrriz, begiak
ergal ta galduak,
urrutira irristatzen zaizkit,
zeru-ertzearen luzate geldian
nekatuak bezela!
Azkenik, naastu...
urtu zait begia,
dana grixean biurtu,
ta paisajea bera
itzali lanbroaren
muiñ belaxkaz...

Luis Mari Mujika
BEGIRAZ

Asperra etorri zen
hortzak
kanpora zituen,
arratoi zapalduaren
iduria zuen.

Pesimismoak
ukitu ninduen,
zabor-ontzira botatzeko
abortu madarikatua
nintzen.
Laban kirats batek
pozaren katea
hautsi zidan lehen.

Bai egunaren egunerokotasunak
busti ninduen,
asperraren behatz lohi-latzak
hatzamarka ninduen,
sentimenduaren sentimenduak
ukitu ninduen,
informaltasunaren banalkeriak
hustu ninduen,
ezjakinaren mendurak
busti,
uki
galdu egin ninduen....

Luis Mari Mujika
ASPERRA ETORRI ZEN
(Hitzak ebakitzean 24-25)

 

(Eustakio Mendizabal-i)

Bildotsa hil zuten bezperan
(Ostegun Saindu tristean),
lurrean umil
(zekorra bailitz)
gazte bat asfalto hotzean...

Altzairuzko azkazalak,
soinean balen algarak
-"osoro zuri
zagoz Eustaki",
gure herriak mindura latz!

Hozka, gordin, ukabilak,
hamaika laztan fusilak
-"halako orrazi
nork dizu jarri?".
mozkor odol irauliak...

Zulo gazi-gaitzetatik
(hamaika iturrietatik),
ah, zenbat herri
(Euskal Herri isil)
doakio hola etzanik...

Zekorra gurdi beltzean
-idigurdi trajikoan-
osoro hautsi
zihoan... Beti
ihintza ozpinaz gurean!
Gurditik odolak salto
(harri hotzetan birao),
ah, zekor horri
zenbat herri isil
zulotatik doakio...

Kutxilo beltzen basoa,
ez al haiz gaurkoz nahikoa?
Horra Eustaki
zekorra iduri,
non zekor bikainagoa?

Odol hoien euripean
euskal haziok (benetan!)
ditzagun busti,
beraren gorriz
betikoz jantzi gaitean!

Gurdian herri hau preso
(preso izanik ere libro),
bai, zekor horri
aunitz Euskadi
zulotatik dohakio!!!

Luis Mari Mujika
GURDI TRAJIKOAN
(Herria eta bidea 109-110)

 

Atzo negu zen,
gaur udaberri,
bizitzak nola
joan badaki.
Hurrena uda da
(zenbat sagasti),
bihar biziko
naizen nork daki...?
Udazkena isil
zaigu etorri,
(ah, lizarretan
mila tristezi...!).
Orainak lehena
ezin du eutsi,
lehenak orainaz
ez du lokarri...

Luis Mari Mujika
ATZO NEGU ZEN
(Zortziko hautsiak 66)