olerkiak

 

 

 

 

 

 

Joseba Sarrionaindia

Olerkiak sortu zuen lurra
lurrak sortu zuen ura
urak sortu zuen zura
zurak sortu zuen hostoa
hostoak sortu zuen haizea
haizeak sortu zuen karnaba
karnabak sortu zuen olerkia

olerkiak hil zuen lurra
lurrak hil zuen ura
urak hil zuen zura
zurak hil zuen hostoa
hostoak hil zuen haizea
haizeak hil zuen karnaba
karnabak hil zuen olerkia

Joseba Sarrionaindia
OLERKIA
(Izuen gorde lekuetan barna 28-29)

 

Iadanik harrapatua, polizien bultzakada
eta kolpeen artean,
amari emaniko azken adioa gogoan,
odolaren zaborea ezpainetan,
sinetsi egin nahi huke.

Biluzik, estekaturik, paparra dena erreta,
ia deseginik,
naufragiorik gupida gabeenean ere
azken eustarria atzekitzeko,
sinetsi egin nahi huke

hik oinaze bidaia horretan heriotzerantza
emaniko pausu bakoitza
hire herriak bizitzara ematen duen
urratsa dela.

Joseba Sarrionaindia
ERDI MINA
(Dispersioa)

 

Zatoz haize gorria
gure herrialdera
eguzkia paisaiaren
ortzemugara eramatera
zatoz hostoak lehortzera
gorostiak handitu eta lehertzera
intzirika
zatoz haize zoroa
guardasolak okertzera
teilak mogitzera arranoa bezala
hegalak zabal zabalik
ez zaitez ederra izan
ez abila izan zaitez dorpea
zatoz erauz itzazu
jaun andereen maskarak
galeraz itzazu hegaberak zeruetan
zatoz errime
munduko gauzek beren moldea
zein den ahantz dezaten
sosegu zuri guziak lohitzera
erdu indarrez
zuhaitz zaharren adarrek
eroturik
gure etxeetako ateak
hauts ditzaten.

Joseba Sarrionaindia
HAIZE GORRIA
(Hnuy illa nyha majah yahoo)

 

Ene bizitza atzera bizi ahal banu
filme bat bezala,
dena hasieratik errepikatu
ahal balitz,
zer ez nuke moztuko, zer
ez nuke tatxatuko,
zer ez nuke aldatuko,
zer ez nuke emendatuko!
Filmea ber egiterakoan
-remake- hobetua baino
nahiago nuke filme arras
bestelakoa.

Hala ere, ez naiz zuei amore,
atsegin
edo bakea ematearren ezertaz edo
ia ezertaz damutuko.
Ez naiz damutuko ez untziak
eraikitzez,
ez untziak suntsitzez, ez loreez
ez labanez,
ez polboraz ez andere biluziez,
ez begitako euriez
ez ene ahapaldi aldrebesez, ez aldean
daramatzadan zauriez.

Bizitzeko zazpi bizitza banitu ere
katuek bezala
ez dizuet ezta kapitulazioaren
orduan ere
zeuen nehurri eta gustokorik
batere entregatuko.

Joseba Sarrionaindia
DAMURIK EZ
(Hnuy illa nyha majah yahoo)

 

Ohe bazterrean besarkatu ginenean
maitasun poema bat eskatu zidan.
Izterrak ene giltzurrinen inguruan
hestutu zituenean
maitasun poema bat eskatu zidan
berriro.
Zer egin? Poeta ofizioa ez da erreza,
Rainer Maria Rilkek
poesia odolezko izerdia dela
esaten zuen.
Zertarako ekarri izua eta ikara
izara artera...

Larruak ematen duenarekin aski da,
eta dena dela
larrua jotzeko ez da derrigorrez giro hain
poetikorik behar.

Biluzten bagara errazagoa da.

Joseba Sarrionaindia
BILUZTEKO ORDUAN
(Hnuy illa nyha majah yahoo)

 

Nahiago nizueke izkiriatu gutuna
hitzik gabekoa:
dena esanda dago eta zer akigarria den
errepikatzeka,
batez ere hitzek esan nahi dutena geroago
eta gutiago diotenean;
alemanerazko hitz luze eta ikaragarriak ere
ez omen dira erabat zehatzak.

Polizia, bankero, ugazaba eta apezek
"terrorista" esaten dizuete,
eta barregarria da gure jendea ere
"heroe" deitzen,
zuei, estatuen harri gatibutza inola
ametituko ez duzuenoi,
askatasunaren aldeko burrukan askatasuna
galdu duzuen giza zatioi.

600 baino gehiago zaretela esaten da beti
eta zero horiek
eta dispertsioak eta urtaldien amaigabeak
abstrakzio itxura ematen dizuete;
zin egin behar zaio jendeari ez zaretela
batere abstraktoak,
nahiz eta hurrinak, nahiz eta zuen bizimodua
esanezineko modukoa izan.

Hemen eguna odolustutzen ari da
ortzemugan
zauri sakon bat bezala, nork daki
sendagarria den.
Guk betiko antzera jarraitzen dugu
polbora eta lore artean,
logistika eta metafora artean, Karl Marx
eta andere biluziaren artean:

gauza bakoitzak bere zailtasuna,
batzutan mosu bat ematera
etsaiaren kuartel jeneralean lehergailu bat
jartzea baina zailagoa da...

Zuen askatasuna behar dugu, eginkizun zailetan
elkarrekin jarraitzeko.
Gure herriaren gorputz galdua bilatzea
esate baterako.

Zuen askatasuna behar dugu, libre gaudenok ere
libreak izateko,
giza jendeak berez haragian itsatsirik dituen
katea luze
eta ilunekin librea izan daitekeen nehurrian
behintzat.

Joseba Sarrionaindia
LAGUN PRESOEI GUTUNA
(Hnuy illa nyha majah yahoo)

Eder basoan haritza
haran aldean garitza.
Fruitu antzera ontzen da hemen
gizasemeen bizitza.

Sagar gorriak dilindan
damea dago ganbaran
maite laztanez hartzeko eta
elkartzeko ohantzean.

Illuntasuna abailtzen da
luma galdu bat bezala
begiak uso, mingaina arana
zure bihotza ene aingura.
Hurrun gauhontzak uluka
zakur deslaiak zaunkaka
Mende oso bat iraganen dut
zure ondoak koblaka.

Joseba Sarrionaindia
(Izuen gorde lekuetan barrena 24)

 

Altxatu egin dut eskuineko besoa ortzadarrera
eta hiru errainu gori ere hartu ditut ezkerreko eskuaz
arkua eta geziak bailiran iaurtikitzeko:
bata eguzkira gaua sortzeko -eta gaua sortu da-
bestea munduak bereizten dituan oihala urratzeko
-eta urratu dira horma eta oihal guziak lurrean-
eta hirugarrena ene buruaren aurka zuzentzen dut.

Joseba Sarrionaindia
HIRU GEZI
(Izuen gorde lekuetan barrena 66)

 

hor
horma lohi horretan
duk eskegia
leihoa
begira ezak
argia
begira ezak
leihoa
duk eskegia
horma lohi horretan
hor

Joseba Sarrionaindia
(Izuen gorde lekuetan barrena 26)

 

harpa bat loak hartua
ilargiaren azpian
iluntasunak elkarturiko eremuan
hotsik gabe haretan etzana
loak hartua edo agian hila
ametsean
loak hartua edo agian hila
hotsik gabe haretan etzana
iluntasunak elkarturiko eremuan
ilargiaren azpian
harpa bat loak hartua

Joseba Sarrionaindia
(Izuen gorde lekuetan barrena 62)

 

hil
ez da deus hiltzen
labanean doa eguzkia
ez da hiltzen eguna iragan baino
zimeldu arren liliak
zu gorpu zaren arren
zimeldu arren liliak
ez da hiltzen eguna iragan baino
labanean doa eguzkia
ez da deus hiltzen
hil.

Joseba Sarrionaindia
(Izuen gorde lekuetan barrena 82)

 

Bizitzaren goldeak marratu zizkigun ahurretako ildoak
eta ildo horietan dautza gure bide guziak.

Hor dira zeharkatuko ditugun ziutateetako karrikak,
hor dontzeila nigartiak eta idi gorriskak,
hor trenbide amaigabeak eta arpoia daramaten baleak
hor izpiluen bestaldeetan errinozeroen arineketak,
hor amaraun hedatuak eta zelaturikako borrero langabeak
hor hezur zaharrak eta lemarik gabeko itsasontziak.
Ahurreko ildoetan dira guziak isladatzen,
izei bakartiaren irudia laku bazterrean bezala,
eta hilobi berberean ehortziren gaituzte
gu eta gure marrak, gu eta gauza horik guziak.

Joseba Sarrionaindia
AHURREKO MARRAK
(Izuen gorde lekuetan barrena 114)

 

hiriko espaloien alboan
gela bakartian bizi
leiho hain begiratu
hain ezezagunetan
zokoraturik so karrikaren bestaldeko leihoei
bidaztien iragaitearen hotsak somatu
zokoraturik so karrikaren bestaldeko leihoei
hain ezezagunetan
leiho hain begiratu
gela bakartian bizi
hiriko espaloien alboan

Joseba Sarrionaindia
(Izuen gorde lekuetan barrena 116)

 

Alexis Zorba zaharrak ezagutzen ditu haunitz uharte
haunitz uharte dira Egeo itsasoan ereinak
itsasoan ereina halaber Kretako irla
Kretako irla eta han Cnosos labyrinthoa
labyrinthoan sartzen zena ez zen irtetzen
ez zen irtetzen neska lirainik mutil azkarrik
mutil azkarrik minotauroaren atzaparretarik
minotauroaren atzaparretarik Teseo bakarrik itzuli
bakarrik itzuli zen Ariadnaren besoetara
Ariadnaren besoetara askatasun amultsura
askatasun amultsura itzuli eta loak hartu
loak harturik Egeo itsasoa geroztik mendetan
mendetan galera etengabe eta geldoa Grezian
Grezian ez da iada minotaurorik ez Teseorik
ez Teseorik ez haririk ez eta ere Ariadnarik
Ariadnarik ere ezetz erraiten du Alexis Zorba zaharrak.

Joseba Sarrionaindia
(Izuen gorde lekuetan barrena 67)

 

Goiori

hodeien artetik hilbete argitsua
izar batzu izarniatuz
ortzearen azpian abaildua zetzan
ezpatadun zuhaitza
begiak harriak
hautsia bularreko sagarra
odola hanaika latsetan
han amaitu zen bizitz
han non maitaleek nigar egin zuten
han non adiskideek hilarri bat eraiki bait zuten

Joseba Sarrionaindia
HILARRIA
(Izuen gorde lekuetan barrena 20)

 

Hara han hegan
Ulyses ezagutu zuen kalatxoria,
grisaren koloreak
sakabanatzen eta biltzen dituena
egunsentiro sakabanatzen eta iluntzero biltzen,
ziutate unatuaren gainetik hegal grisez
aldendu eta ene ahoko
errautsetan desagertzera
datorrena.

Joseba Sarrionaindia
HARA HAN HEGAN
(Izuen gorde lekuetan barrena 115)