olerkiak

 

 

 

 

 

 

Patxi Zabaleta

Erreka barreneko
harri bustiaren sabel lehorra
dut gogoan.

Nagusiari nahitanahiez egindako
irripar behartua
dut gogoan.

Txantxangorri kabiko
kuku kumea
dut gogoan.

Asfaltopeko
lurraren indar alferrikakoa
dut gogoan
amorruz
ezinez
nere herriko
hainbeste ergelen aurrean

Mixeriz inguraturiko
aberats ospetsua
dut gogoan.

Epulon, Rostchild
eta esan ez dezakedan beste asko
dut gogoan.

Maitasun kantatan
ari den mojearen gorrotoa
dut gogoan
nere herriaren
egoera kaxkarrean.

Baina
zuhaitzak eta izarrak
nahasten diren tokian,
gauzak eta ametsak
elkartzen diren tokian,
emakumea eta emaztea
bat egiten diren tokian,
han
zeu zagoz neretzat.

Lurrak eta zeruak
elkar ukitzen duten tokian
karelean
zorionaren irudia den
karelean
han
neretzat
zeu aurkitzen zara.

Eta zugan berbizten zait
egunsentiz herria;
ez oraingo eta ez hemengo
baizik eta zuhaitzak izarrekin
nahasten diren tokiko,
ametsezko
eta geroko
(eraikiko dugun)
geure herria:
Euskal Herria.

Patxi Zabaleta
(Zorion baten zauriak 25-27)

 

Zozo, zozo, zozo
zoro, zoroa
lodi, lodi, lodi
geldo, geldoa
motel, motel, motel
gaixo, gaixoa
denek far egiten zioten
motil gizaraixoa!

Poliki, poliki
harremanetan
Potzolo, potzolo
jolastegietan.
Farragarri beti
mutil mordoetan
maitasun ezkilak jo zion
barne muinetan...

Eta far egin zion maiteak
nola etzion farrik egingo?
denek far egiten zioten
herriko zoroari...
Eta hilik agertu zen egun batez
neska eder hura
herriko neskarik lirainena
labankazoz hilik agertu zen;
eta inork ez daki
eta inork ez du susmorik!
Inork ez lezake izan
zoroaren susmorik!

Bat bazen, bai
bat bazen zekiena...
-"Huraxe garraisia
eta begiratuaren zorrotza!
Jakingo du betiko
neu nintzela hil zuena
neu nintzela
bere bizitzaren jabea".

Eta hortxe igarotzen du bizitza
jende tarteko bakardadean
inorekin
bere sendikoekin ere
ia-ia hitzegin gabe
beti "garraisia hura"
begien aurrean;
adarra jotzen diote mutilek
umeek deitzen dute tutula
eta denen farragarri
poliki, poliki
tutul, tutul
gure zozo zozoa
hor doa
bere mundua den
jende tarteko bakardadean
bere defentsarako
gorrotoa eta isila besterik
aurkitzen ez duen munduan
tutul sortu zuen amaren alboan
far egiten dion jendetzaren tartean
beti gauza bera buruan
eta irripar xume bat
irripar gorrototsu
eta ikarati bat
inor begira ez daukanean...
bera onartzen jakindu ez duen elkartetik
alde dagoenean...
bere ezpainean!

Patxi Zabaleta
BESTE HISTORIA TRISTE BAT
(Zorion baten zauriak 68-70)

Inork ez lezake izan
zoroaren susmorik!

Bat bazen, bai
bat bazen zekiena...
-"Huraxe garraisia
eta begiratuaren zorrotza!
Jakingo du betiko
neu nintzela hil zuena
neu nintzela
bere bizitzaren jabea".

Eta hortxe igarotzen du bizitza
jende tarteko bakardadean
inorekin
bere sendikoekin ere
ia-ia hitzegin gabe
beti "garraisia hura"
begien aurrean;
adarra jotzen diote mutilek
umeek deitzen dute tutula
eta denen farragarri
poliki, poliki
tutul, tutul
gure zoro zozoa
hor doa
bere mundua den
jende tarteko bakardadean
bere defentsarako
gorrotoa eta isila besterik
aurkitzen ez duen munduan
tutul sortu zuen amaren alboan
far egiten dion jendetzaren tartean
beti gauza bera buruan
eta irripar xume bat
irripar gorrototsu
eta ikarati bat
inor begira ez daukanean...
bera onartzen jakindu ez duen elkartetik
alde dagoenean...
bere ezpainean!

Patxi Zabaleta
(Zorion baten zauriak 33-34)

 

Herri oinperatu batekoa naz
herri hankapetu batekoa;
jatsi izan dugu burua
nagusien eta menperatzaileen
zigorkadak hartzeko
eta oinak limiskatzeko...
Eta
gure eskuak bihurtu dira hanka
gure begiak lurreruntz dagoz
gure bizkar-hezurra
zuzena behar zena
gako egin da.

Hamabost urteko ametsak
beldurraren beldurrez
gizoneratzean hausten zaizkigu;
gu garen elkarte hau
norbaitek askatzen badu
ez garela gizonak goratuko...

Oroi adiskide:
Gure eskuak hanka
gure bizkar-hezurra okerra
gure begiak berriz
(ez dago zerurik hauentzat)
lurreruntz begira.

Hamabost urtetan
gakotutako bizkar-hezurra
berrogeiean edo hirurogeiean
edo aberastean edo egintza lortzean
zuzentzen bada
zutik jarria
izaten da gorila
aurreko bizkar-hezur-okerdunei
oinak limiskaerazi
eta zigorrez ebakitzekoa.

Neska jatorra motil arlotearen eskutan
lore mardul ezkutuan sortua
eta ezinaren hainbeste garraisia
gogoeraz
dezaigukeen
bizkar-hezur-oker-makurra.

Patxi Zabaleta
(Zorion baten zauriak 129-130)

 

"Joan da"
bi hitz.
"Joan da"
hitz bi.

Ustez maitearen bila
eta bere amak leihotik
"joan da".

Bi hitz
hitz bi.

Zein politak
ikusi genituen izarrak!
Zein ederra
zetorren geroa!
Uraren garbia
errekan behera!
Irripar ezpainetan
bihotza zunpaka!

Eta zer axola izarrak
ez bada gerorik?
Zertarako irriparra
ez bada gerorik?

Zu, ni
hitz bi.
Ni, zu
bi hitz
nork lezazke bat egin!
Zure amak leihotik
(arguziak bere ezpainak)
"joan da"
bi hitz,
"joan da"
hitz bi
bakarrik.

Patxi Zabaleta
(Zorion baten zauriak 33-34)