olerkiak

 

 

 

 

 

 

Joakin Zaitegi

Uda-eguarditan, iguzki biribil
ozkarbia gorrituz bere gingan dabil:
giza-begiak aren argi-dirdaiean
zeru zoragarritik alde egin naiean.

Baña, illunabarrean, iguzkiak murgil
itsaso barna eta zeru berria urbil:
gure begiak, berriz, dakuste, an... urrun,
aldi zurietako amets-ikuskizun.

(Gogoa zabalduaz, iduri arranbel,
maite-gezi-yaurtitzen argiaren gibel:
erantzunez agertzen, ortzi zabala izar,
ta atsearen ederra gogora darakar).

Giza-zori ona argi-zirrinta yario
dalarik, beko irritsak deika ari oi zaio:
"zuretzat dut loretan aintzaren alorra",
ez, baña, pakearen barruti yatorra.

Goibelaldia dugu giza-illunabarra;
aren argitan dager itxo emankorra.
Etzanik ospearen euzki gorri zoro,
Yaungoiko-izar-izpitan dakuskezu oro.

Joakin Zaitegi
GIZA-ILLUNABARRA
(Goldaketan 62)

 

Beti ots bateko eresi zarra
berrituz ari dan olerkari naiz.
Maitasun min batek artu oi nau maiz
ta egan lagun dut aize azkarra.

Bizitzez euskaldun non-naitiarra
Euskadi'ra nator bear dan garaiz:
lurrez lur ibiliz, non-naiko zelaiz
-zelai zar-berria dut deadarra.

Geroak badakar askatasuna
nire abestien otsez beterik,
orixe dukegu euskal-eguna.

Irrintzi dagizut pozez emendik,
ori dakuskezun euskal-laguna,
gure ikurrina goruntz iasorik.

Joakin Zaitegi
NERE IRRINTZIA
(Berriz ere goldaketan 32)

Artizar ederra antzo dizdizka ageri da
Auñemendi gañeko malkor ta aitz artean
oroldiz ta elurrez inguraturikan,
iñork ikusi duan lore lirañena.

Aizetxo ozkirriaren ikutu goxoak
pa xuspergarririk ez oi dagio oraindik
Arkaitz txit zutiaren arpegi gañetik
lorerik ederrena dager irri-parrez.

Baserritarrarentzat zoritxarra oi dun
urtu ezin dan elur eta izotz artean,
aitz aundien artean, lo goxo betean,
zorion ixilla lez erne da lorea.

Zoriontsua, ziñez, elurrez ta izotzez
inguraturik-arren, eskutuan duna
biotzaren barnean lore kutunena,
bizitzako xoritxar latzen aringarri.

Joakin Zaitegi
AUÑEMENDI'KO LOREA
(Goldaketan 49)

 

Ilunak artuaz Euskadi doa
eta uztarpean gaude loturik:
gure aberriak askatasunik
eztu, burdinetan dugu gaixoa.

Zeure gain izaki, euskal-gogoa
genduen guziok alabearrik:
errien eredu baitzan ederrik
gure artekoen anaitzakoa.

Gain-bera erori ta ondoeza
gaineratu zaizu. Nola igarri
gaitzon iturria? Ezta erreza.

Askatasunaren euski(a) itzarri
nairik kukurruku egin ba'neza
ta gaupean dana argitan iarri!

Joakin Zaitegi
GAUPEAN DAGOEN EUSKADIRI
(Berriz ere goldaketan 31)