olerkiak

 

 

 

 

 

 

Joseba Zulaika

Zer egin dezaket nik
nire ezinkizun honekin?

Apurtu? Ezin dut,
horrexegatik da ezinkizun

Abandonatu? Baina non?

Azeptatu?
Nire heriotzea azeptatu?
Ez da hiltzea nere egitekoa

Ezinkizun honen absurdoa
ezin ote dut konpreni?
Kontradizio hau
Kontradizio honen arrazoi eza
nire entenimendua
eta nahimena
kapaz ez
realitate sinple hau bizitzeko
entenituaz
nahiaz
beste gabean

Ez dago agoniarik hemen
bizitza soil bat besterik

Eta ni
Adan
hemen nago
bizitza jartzeko
bizitzak ihes nahi duen tokian
ni bizitza bainaiz
bizitza hain sinplea
sentipen, entenimendu eta maitasun
denen jabea

Ez dago ezinkizunik hemen
ez bait dago ezer
bizitza geldi dezakeenik

Baina ezin dut.

Joseba Zulaika
ADANEN EGINKIZUNA
(Adanen poema amaigabea 38-39)

 

Eguzkia zegoen
Naturaren zoramen beroa
Adanen sentipenak
Adanen nahiak
neke ilunik gabeak ziren bat batean

Lurrean etzan zen
eta bere aurpegi ederra
eguzkiari eskaini zion

Eguzki galda gori hartan
Adan dena su ta izerdi zen, eta
zen dena eguzki bihurtu zen
odol kolore gorribueltaka bueltaka
dena espiral akabatu zen
-desirazko ahalmen oso ta betetasun

Adan guztia
eguzki galdu baten edertasun zen
eta dena eguzki, eta dena eder
eta dena galdu

Adanek ezin zuen esplika
nola zitekeen posible iluna
ezin zuen esplika heriotzea
ez eta paradisuko gri§a
-paradisu berdea, zuria-
dena zen hain eder, gorri
krudel eta bero eguzkipe hartan

Kasikan kontura gabe
Adanen gogoa promesa luze bat zen:
eguzkia maiteko dut
eguzkia izango naiz
ilunak eguzki egingo ditut

Joseba Zulaika
EGUZKI BEROA
(Adanen poema amaigabea 67-68)

sentitzearen gainean etzan
sentitzea azeptatu
eta maitatu
azkeneraino

sentitzearen barruan
sentitzearen pean
sentitzea hil

ikusi, entzun
gustatu
sentitu
sentitze osoraino
osoa sentitzeraino

"hemen ez dago ezer gehiago"

sentitzearen lurrak zapaldu ziren
zoriona zahartu zen
minak ez du ezer trajikorik
ez du merezi hemen gelditzea
hau aspaldiko mundu zaharra da
hemen aspertua nago
goazen beste zerbaiten bila

zori ona
eta
zori txarra
ez dira nire mundua

bai, nik hemendik joatea nahi nuke

esan zuen Adanek
eta bere lur maitatu hartan barrena
beste behin abiatuz
bere aurrean
mundu berri baten argia
sumatu zuen.

Joseba Zulaika
"HEMEN EZ DAGO EZER GEHIAGO"
(Adanen poema amaigabea 83-84)

 

Zazpigarren egunean
Jainkoak esan zuen:
egin dezagun gizona
gure antz eta erara

Gero, egunak joanda
Adanek sagarra jan zuen.
Eta Jainkoak esan zuen!
hara, gizona gu bezain jakintsu egin da
kastiga dezagun

Eta paradisutik jaurti zuen

Gero, gizaldiak joanda
Adan konturatu zen
Jainkorik ez zegoela inon
eta esan zuen:
egin dezadan Jainkoa,
nire antz eta erara

Eta paradisuko oroitzapenak
burura ekarriaz
lokatza piska batekin
Jainkoa egin zuen
Eta ikusi zuen
Jainkoa handia zela
Adan bezain handia
Eta jainko hura
Adan zela
Adan hutsa
eta adoratu egin zuen

Joseba Zulaika
ZAZPIGARREN EGUNEAN
(Adanen poema amaigabea 27-28)