bertsoak

 

 

 

 

 

 

 

 

Gaia: "Aita santua, bere erdi heriotz orduan edo behinik behin lanerako prest ez dagoela ta barria aukeratu behar iuk. Zer proposamen egingo zenuke ahal dala euskalduna izan dedin? Aita santu euskaldun bat aukeratu behar dugu"

Kandidato batzuri hemen
deia ein behar ei jake,
pentsetan nau ta ez dakit
nun jo leiho edo ate,
ze proposamen egingo dot ba?
Euskaldunak nun zer daukate?
Probisional neu pareuko naz
hobea topatu arte.

Pareuko naz jartzen banaz
ta ez uste tripako minez,
antzinan nau gaurko martxa
ia aguantatu ezinez,
mezak barriro jarriko dotaz
lehengo ohituran latinez,
igual euskera ez da entzungo
baina erdera behintzat ez.

Negu hontan badabila
hainbat legor eta haize,
jubilatuak Benidor da
Marbella joateko gose,
ni Aitasantu egiten banaz
trankilo egon zaitezte,
hartu autobusa ta Erromara
konbidatuta zagoze.

Xabier Amuriza
96-2-3 Zestoa.


Gaia: "Pertsona ezagun batek esaten
zian gaur egungo bertso saioak mitinak
egiteko erabiltzen zirela"

Batzuk gustoko ta ez gustoko
dauzkagu gfure doktrinak,
ta hoiek denei azaldu beharrak
dira gure ahaleginak,
sarri bertsoak ez dira joaten
samur-samur edo finak,
baina okerragorik badago eta
horrek sortzen dizkit minak,
bertsotarako hartzen direla
gaur eguneko mitinak.

Portadan zegon gizon famatua
traje ta guzti dotore,
ni horrekin bat ez natorrela
esan behar alafede,
nire ustetan gure artean
giro ederrean gaude,
esandakoak gogrrak ere
ez dira joaten debalde,
nik gauza bera esaten ditut
rimaz edo rima gabe.

Bihotz errea baino ez da izaten
jente askorentzat bizitza,
tripako minak arindu ezinik
behintzat ugari dabiltza,
isiltzea nola nik neuk ez dudan
sekula izan baldintza,
neure arma neu naz, neure burua,
nere bala, neure hitza,
eta gustoko ez dituenak
belarriak itxi bitza.

Unai Iturriaga
96-2-6 Zegama.


Bukaera: "orduan bai sentitu
nuela ikara"

Gure herrian usu
gertatzen da hara:
Bi hankako zakurren
mende bizi gara,
hoiekin guk sarritan
horrenbeste traba,
nere bila etorrita
sartuak gelara,
orduan bai sentitu
nuela ikara.

Kexus Artzailus
96-2-25 Baigorri.


Gaia: "etxerik gabe okupekin
joateko prest?"

Etxebizitza bilatzen hortik
izanda naiz aditua
egia esan egoera hontan
jada nago nazkatua
lanik egin gabe diruduna
hori ez da meritua
norbaitek asko baldin badauka
kentzea ez da delitua.

nire bizitza gurasoekin
ez da batere txukuna
ta okupekin nire egoera
ez da izango iluna
han izango dut laguntza asko
han izango dut laguna
etxe handi baten babesa
ta jendearen maitasuna.

Nerea Bruño
97-4-9 Egin irratia.

Izan nahi nuke

Idazten dizkizut hemen hamaika bertso lerden
preso dauden sentimenduak
askatzeko hain zuzen,
lanbide batzuk aipatzen ditut
zeu ohartu zaitezen
zenbat gauza izan nahi dudan
eta zer gutxi naizen!

Izan nahi dut MARINELA,
hartu nire batela,
eta tatuaje txiki bat
egingo dut ahal dela
zure izena jartzen duena
itsasoak bezala
nire azalak senti dezan
zure laztan umela.

Izan nahi nuke OKINA
eta egin ahalegina
neure eskuekin lantzeko
sentipenen irina
gozo igurtzi
ondoren utzi
zelako ogi fina
nire bihotzeko labean
berotzeko jakina.

"Kordeledun tximeleta"
"Lur gozodun planeta"
"Maitasunaren iturritik
sortu zaren erreka"
askoz hobeto
zu omentzeko
izan nahi dut POETA
eta zure gorputz osoa
poesiaz fereka.

Izan nahi nuke SOLDADU
neure burua saldu
lubakietatik maitasun
telegramak bidaldu
ta zure aurka
egin burruka,
irabazi zein galdu
balak diren zure musuei
alkondara zabaldu.

Izan nahi dut ASTRONAUTA
izar eder bat hauta
bizi osoa bertan eman
ilargiari zaunka,
ta azkenean
ustekabean
joko dut zure aurka,
zure grabitate indarrak
harrapaturik nauka.

Egin nahi dut gogeta
mila ta bat olgeta,
maitasunaren Ramadana
betirako debeka,
nire hegira
sortzen ari da,
izan nahi dut PROFETA
zure barnean aurkitzeko
bekatuaren "Meca".

Izan nahi nuke ARTISTA
zirkuko trapezista
hainbat maitale dudan bizia
uneoro arriska
sarerik gabe
jauzi suabe
lurrerantza jeitsi bista
eta zu izatea gero
ni hilko nauen pista.

Nahi nuke APAIZ bihurtu,
sekula ez makurtu,
nire kastitate botuak
behin ta berriz apurtu,
zugan sinetsi
gaur, bihar, etzi,
santu guztiak urtu
eta euren lekuan zure
edertasuna gurtu.

Izan nahi nuke PIRATA,
itsasoak zeharka
Ron-a edan eta abesti
debekatuak kanta
zeru erdira
jarri begira
begi bat partxez tapa
begi biekin ikusteko
lar ederra zara ta.

Badut mila buruhauste
kontrakorik ez uste,
aipaturiko ezer ez naiz
baina ez nago triste,
maite banauzu
sinest nazazu
NI NEU izan nahi nuke
naizen apurra eskaintzeko
irrifar horren truke.

Arkaitz Estiballes
Doinua:
Goizian argia hastian
On Manuel lekuona IX bertso-paper lehiaketa.



Bertsotan ausartzen zara? Bidaliguzu posta elektronikoaren
bitartez SimpleText (MAC) edo doc, txt (PC) formatoetan eta,
eskatzekotan.... konprimitua (ZIP, HQX edo SIT).