olerkiak

 

 

 

 

 

 

Esteban Urkiaga «Lauaxeta»

Gau-argitsuban bakarrik nago leyo idigijan;
ibai garbijan ixilik dabil iretargija.
Izpi-zurbillak dizdiz gagije baso erdijan.
Ilargi orrek eztau itxurtu artzain zolija.

Mendi baltzaren goyetan, muga bako bakiak
zaintzen dau zeru eta lurraren maitasun-lua.
Gaba urrezko koroyaz dabil. Lora legunak
ameslari, goi-gora digorte usain goxua.

Gabeko gentzan gorpuzki oneik loratu dira...
Jainko diztira oro da... Baso-ziar emaro
menditik yatort leunkiro abots baten intzira.
Dardarka zeru zabalan galtzen da naro-naro.

Baso ixoztuban estalduta agon maitale orrek!
Ezeik abestu, ta abes orretan dagerk bijotza.
Eure barneko kezkak yagertzak irrintzi orrek,
ixildu egik samin latzezko maitasun-otsa.

Oi! bijozkada leuna darijost eure irrintzijak.
Eure samiñaz betera dabesk neure samiña.
Bijotz orotan bardiñak dozak maitasun nayak,
abesti orok yagertek geure kezka bardiña.

Irrintzi leuna galdu dok gauko zeru garbijan.
Eta ire samin orrek tolestu yozak eguak.
Gau oroz, baña, dardarka bere leyo idigijan
negar zotinka iraungo bai-yok neure goguak.

Esteban Urkiaga "Lauaxeta"
GABEKO IRRINTZIJA
(Olerkiak 58)

 

Gabaren begijok, maitekorrak yataz,
Legunduten nabe!
Euren sakonean betirauna dakust;
Bakia ertz-gabe.
Bijotz mindu orrek, tolestu eguak,
onduan zadorra!
Barnera bil adi, gaba, alde onetan,
goyan artixarra.
Ene lei bixijok, orra gau sakona!
Bixitz-izkutuba,
eure iluntze ori ixango ete dok
orren gentzatsuba...?
Gaba ixilik dabil, argizko koroya
darabil buruban.
Gotzonen eguak dardara dagije
zeru oztintsuban.
Lugiñan etxerantz, idijak atzian,
begitan bakia:
zelai orlegijak damotsen bakia.
Oi arrats donia!
Baserriko kiak urdiñera digo
mendixka ganetik.
Itzalak bailiran gautxorijak datorz,
torrezar aldetik.
Erroka txadonan kanpa-otsa dantzut,
arana ixil beyan.
Durundi ots orreik mendiz mendi duaz.
Otoyak zelayan...
Zugatzetan kezka barik ganduba da...
Ta neure goguak
goznarrari miñez ekiten baidautso:
Uler nai zadorrak!
Bitartian anei argi uri ortan
agertuten dira.
Alde oneitara bere elduten yaku
tximesten dirdira.
Uriko zaratak kezkaruten dabe
mendiko lilura.
Nora juan ete da txaide artetik
gentzazko lo-gura?
Uriko gau ori? Maltzurren laguna!
Baserri aldera
zetan eltzen zara, argi orrein kiñuz,
gaizkiñen antzera?
Zeure altzo orretan txerren danak duaz
lan okerretara...
Ega-motz ertzakaz leyo danak-ziar
dagijen dardara!
Lixuna txaidian ixil-ixilik dabil
lira zimel billa.
Loari murrika etxe artietan
gaztetxu zurbilla.
Gabaren eskubak ito dau lotsea
Or dabil obena!
Il dabe gaizkiñak oraindiko neskutz
datzan oroimena!
Lañozko maindira zurija baidager
uri zabalean.
Lausua ta kia toki gustijetan:
Bil nadin barnean!
Illuntze oztiña, gotillun nagotsu!
Lei bixiz bijotza,
Zer ete ditxarot? Samiñen bixitza?
Pozen erijotza?
Ona emen nago: Goxian so-dagit
sarkalde argira.
Arratsean barriz sorkadera nago,
ixarren begira.
Au geure bixitza, atseden eziña,
jadetsi-eziña!
Ezin batu doguz elburu batean
amets ta egiña.
Oi gau zerutarra!, zeure gai eztira
ludiko gixonak.
Otsetatik urrun loratuten dira, zeure zorijonak.
Une eder onetan, arren, itxi urija,
itxi ots gaiztuak.
Lei bixiz barnia, urrunera nuan,
iges begist luak...
Arrats bijotz-bera! Zeugan amets dagit.
Atseden bijotzak.
Ene! orreik baxen izpi baketsubak
bekartz erijotzak!
Oztin begoz goyak, itzalez mendijak,
gogua bakian.
Ta itxaro ixarrak argi dizdiz begi
bijotzan barnian.

Esteban Urkiaga "Lauaxeta"
ARTXANDA GANIAN
(Olerkiak 85-87)

 

Zaldi-otsak axian:
-urkijak dardari-.
Kanpai-otsak torrian,
-zuriz jantzi zadi!-.

Neskatxa zuriz dago
-ezkongai polita-.
Kopeta daukan eder
jazmiñez esita!
Leyuan zagoz gertu?
Senargaya or dozu!

Zaldi-otsak axian:
iñor dator larri.
Kanpai-otsak torrian,
-zuriz jantzi zadi!-.

Eztalkai zuriduna,
gonantza gorrija.
Or dator maitasuna
egadun lilija!
Arin dabiltz liparrak,
gordez duaz ixarrak.

Zaldi-otsak axian:
-galdu dira urruti-
Kanpai otsak torrian
-zuriz jantzi zadi!-.

-Ene ama ezkondu,
ezkondu gura naz.
Goiz-goiz erdija dogu,
enarak ba-duaz.
Itxasua dan urdin,
makalak egon-ezin!

Zaldi-otsak axian:
iñor ezta agiri!-.
Kanpai-otsak torrian,
-baltzez jantiz zadi!-.

Esteban Urkiaga "Lauaxeta"
EZKONTZA-GOXA
(Olerkiak 103)

 

Mendi eze, ikurrin eder,
azke nai zaitut axian.
Amar gazteren lerdena
makila luzez bidian

Mendi-bitxidor berdiok,
arin or duaz kantari:
"Dana emon biyar yako
maite den askatasunari".

Gastedi onen didarra
bai dala didar zolija!
Aberri baten samiñez
urduri dabil erija.

Azkatasun-goxalderuntz
sugarra dira basuak.
Sugarra basuak eta
zidar argija itxasuak.

Or duan ozte-aldrea
aberri-miñez kantari!:
"Dana emon biar yako
maite den azkatasunari".

Gaste orreik goruntz duaz
abesti ta ikurriñez.
Lañuan baña tiro otsak:
bedartza dager odolez.

Ikaraz duaz usuak,
mendija dago ixillean.
Amar gasteren lerdena
bixitza barik lurrean!

Eta illuntzeko bakian
norbaitek darrai kantari:
"Dana emon biar yako
maite dan azkatasunari"!

Esteban Urkiaga "Lauaxeta"
MENDIGOXALIARENA
(Olerkiak 118-119)

 

Ene Bizkai'ko miatze gorri,
zauri zarae mendi ezian!
Aurpegi balzdun miatzarijoi.
ator pikotxa lepo ganian.
Lepo ganian pikotxa zorrotza,
eguzki diz-diz ta mendiz bera.
Ator bideskaz, -goxa sorbaldan-,
kezkeko zeruba yaukon olera.
Opor-otsa dok txaide zabalan,
-ukabil sendo, soñanzki urdiñ-.
Jaubiak, barriz, nasai etzunda,
laguntzat auke, i, urritizkin.
Aurpegi balzdun miatzarijoi,
ari bitartez deyak yabiltzak.
Bideskan zelan dirdir yagijek
txapel-okerren kapela baltzak!
Orreik yaukoen gaizkin-itxura
zizpa luziak lepo ganian!
Ene Bizkaiko miatze gorri,
zauri zarae mendi ezian!

Mendiz bera lau txapel-okerrez
aurpegi balzdun miatzarija.
Begi baltz orrek sastakai dozak
baña zatitu ezin esija.
Noruntz aroe eski-lotuta
burni margodun gorputz gogorroi?
Sendua ba'intz, etsai-odolez
bustiko eunken pikotx zorrotzoi!
Nerbion-ertzok, -tranbi-dardara-,
azkatu nayez, zenbat alegin!
Baña olaen zarata artian
aren ayotsak aditu ezin!
Zizpa luziak sutan yagozak,
-opor-zaratak txaide zabalan-.
Aurpegi balzdun miatzarijoi,
igeri adi euren odolan...!
Txapel-okerrak edango yabek
ardao onena Gomez-etxian.
Ene Bizkai'ko miatze gorri,
zauri zarae mendi ezian!

Esteban Urkiaga "Lauaxeta"
LANGILLE ERAILDU BATI
(Olerkiak 133)

 

Agur ene erri, Jaunak naroa
Aberri eder argira!
Neure negarrak jarion naukan
zure mendiari begira.

Seme bat zeukan baiña etsaiak
kendu eutsoen biotza,
soin ederra ixuri jakon
maietz bateko goiz otza.

Gurutz deunari musu egiñaz
alde egin eutson mundutik;
Kristoren gentza abo gañean
loratu jakon gazterik.

Jaunaren maitez, Aberri maitez
ez eban euki bildurrik;
eta zeuretzat zorion utsa
opalsu eutsun gogotik.

Ene Erri ona, zagoz betiko
Kristoren fede batean!
Olan, zoriona billatuko dozu
emem ez-pada zeruan.

Eriotz deuna aurrean daukot
sinistu bada, euzkoa!
Ene Erria azke izan artean
zaindu Josuren legea!

Eder jatazan euzko bazterrak,
eder itxaso zabala;
baiña oraintxe ederrago jat
eriotz onen itzala!

Gaztea nozu bizitz onetan
ta ez jatan palta gauzarik.
Ene Jaun, gogor aldi onetan
ez naizu itxi eskutik!

Ez bedi egin neure gogoa,
Zeure naia bai, ostera.
Gogoa doa zeru argira
gorputza lur illunera.

Esteban Urkiaga "Lauaxeta"
AGUR, AMA
(Olerkiak 178)

Ur gardenari begira
iturri-ertzan lilija:
ur altzuan lili aren irudija.

Maitasun-ego miakaz
axiak ba deragijo
maite daun urari ma-leunki dagijo.

Iturri leuna ostera
negarrez axiak daro.
Eta urretxindorrak urari emaro:

"Zegaitik negar yarijo?
Abar orlegi ganian
abeskide neukok oroldi bidian".

-Neure altzuan maitia
euki-ta galdu ezkero,
zelan negarrik ez dagiket maitero?

Esteban Urkiaga "Lauaxeta"
ITURRI-NEGARRA
(Olerkiak 59)

 

Iñoiz ikusi bako maitale kutuna
neure opa samurrok laztanduren dabe.
Begi gelgarriz dargist bijotzeko iluna,
eta bere larrosak usainduren nabe.

Zerutar egak ditu maitasun zaliak;
lurrera baxen sarri so-dagi ortxira.
Bere leuntasun ziar mosu sutsubenak
espan ganian, otoi bijurtuten dira.

Garbitasun usaña txakijan dixuri,
eta lo-dagonian ametsezko irrijak
aboko larrosetan dagerkoz urduri.
Aiztatzat alai dartu zelaiko lilijak.

Neskatil ori nor dan ez dazau bijotzak;
baña bera dan ona, bera dan liraña!
Begi oneik ez arren, bai-dakus ametsak.
Erean dazaukijot bekoki bikaña.

Sarri billauko neban bixitxa bidian
ta edertzat aitortu beraren gorputza,
nok baña dasayoke begijen aurrian:
-Maite audana, ete az, neure neskutza?

Maitasun onek Goiko Jaunagan ditxaro,
berak axian bidez lilitxu gustijak
udabarri aldijan dalkartuz emaro.
Berak lotuko ditu maitasun lokijak.

Indar ixilkor batek batzen dauz goguak;
itzak loitzen ditubez maitasun gurenak.
Barre alayak ezik, barruko malkuak,
zale oneintzat dira antzikur gardenak.

Maitaliak ixanik alkartuko gara.
Jolas aldijan ezik otoyen orduban,
eguzkira ezpada, gabeko illazkara:
noiz'ak itxi Jainkuan izpiko eskuban.

Aldi alaitsu ori jadetsi artian
neure ezkongai bailiran neskatil danari
begiratzen dautsiet dagidan bidian.
Neska polit bakotxan zakust ameslari.

Bestiak zeure ederra goratutzen dabe,
eurentzat gelgarrijak soin orren pitxijak.
Baña zeure zalian indartuten nabe
begi polit samurren leuntasun izpijak.

Zerutarrak baitira geure maitasunak,
eta leikide batek eztauz lausotuko.
Oraindik eztauz loitu gurari lixunak
eta gorputz irritsak eztauz banatuko.

Ikus egiña zara ezkongai neskutza!
baña, arren, entzun neure maitasunan naya:
Edurra baxen garbi irauki gorputza,
ixan zaite zitoriz gotzon baten gaya.

Ixan zaite, oi neure neskatil argija!
maitatzen dodan amatxu baxen leguna,
leituten dodan alaba baxen garbija.
Ori litzake neure gogoko zoruna.

Samurtasuna landu gogo orren altzuan,
urrumarako zara ba usoen antzera.
Ondo zaindu zaidazan oñaze orduban
alderik naiko dauko bijotzak ostera.

Espan orreintzat daukoz mosu samurrenak,
samin orreintzat barriz, maitasun eztija.
Eta txori politen abesti legunenak
zeugana eldu daiten luaro gurija.

Zeu maitatzeko nazan bijotz samurduna!
siaska ertzan datzan amatxu lakua.
Gorde zaidazan, barriz, jayo nintzan luna!
Euzko seme lerdena, bildur gabekua...

Zeugan pentzaten nabil Jaunaren bidian,
eta lokatz artian egaz dagit azkar.
Andra baten oroya naiko da lurrean
garbi iraun dagiguntzat etsai orok ziar.

Oi, neure bijotzeko ezkongai gardena!
beti, arren, aditu maitati ortzira.
Zeugan mosuba baxen kutun dot arrena:
Andrak ederren dira zerurantz begira!

Esteban Urkiaga "Lauaxeta"
MAITALE KUTUNA
(Olerkiak 59-61)

 

Zelaira dua neskatxa
-axia dabil loretan-
Zelaira dua neskatxa
maitasun kanta-kantetan.

Argi daukazuz begijok
gorputza dozu liraiña:
abestu dagigun bi-biyok.

Abestu dagigun zelayan
soin orren lili-usaña,
millazkaen antzo dantzan.

Zelaira dua neskatxa:
-erliak mur-mur loretan-
Zelaira dua neskatxa
maitasun ona topetan.

Dantza-dantzari bedartzan,
eta gara udabarrijan?
Ara txindor bi zagatzan.

Txirula ta danboliña
entzuten dira mendijan.
Zeruba dagon oztiña!

Zelaira dua neskatxa:
-ingumak dar-dar loretan-
Zelaira dua neskatxa
maitasun deuna gordetan.

Barre dagigun leunkiro,
barre auxe dan ixilla!
Tanbolin, abil, astiro!

Mendiko axe biguna,
ator zelaira lora-billa,
lorak eta maitasuna.

Zelaira dua neskatxa:
-axia dabil loretan-
Zelaira dua neskatxa:
-urretxindor bi kantetan!-.

Esteban Urkiaga "Lauaxeta"
ZELAYETAKUA
(Olerkiak 101)

 

Goxaldeko otoya
zeureganuntz doya.

Orra larrosak
urrezko erlez.
Dantzan mertxikak
lasaen axez.
Nun don goiz argi?
Abarrak txoriz
piji-pijo-pi.
Goxa zugatzan
intzezko dizdiz.
Goxa don landan!

Goxaldeko otoya
zeureganuntz doya.

Mendi oztiña
laño zurijan.
Itxaso-miña
axe-eun-ontzijan.
Nun da goiz argi?
kanpakaz torrian
dindon ta dindan.
Ixo lausuak!
Goxa don garbi!
eure irriparran!

Goxaldeko otoia
zeureganuntz doya.

Esteban Urkiaga "Lauaxeta"
GOXALDEKO OTOYA
(Olerkiak 112)

 

Uñak jaurtiki bixitzara
bete baten itxartu nintzan!
Zein bidez nuake leara?
Galdu naiz, galdu, neure baitan!

Zador baten igeri nabil!
sentiki, ez ikuzki, ura.
Zabal au begitzez ezin bil
ta nerau naz orren bakura!

Goguak zabal dauz begijak:
bakarrik enintzan uretan?
Emen igeri ume gustijak;
beso-oska bat dantzut uñeran!

Soña gel, baña ez gogua.
Uberaldi au nondik dator?
Azalez dan bake osua!
Nora narok, beraldi gogor?

Baña enedin auldu uretan
gentze yagok, ba, itxas-ganian.
Netzan lotan zabal neurgian
erijotz-uin otzak narruan!

Esteban Urkiaga "Lauaxeta"
ONDARTZA
(Olerkiak 123)

 

Amayur gaztelu beltz ori
-berreun gudari oso sumin-
zaintzen zaituben zaldun onak
Naparra-aldez egin dabe zin.

Izkillu gorriz zenbat gaste
bildur-bako menditar lerden.
Eta orreik, Yatsu jaun orreik,
Jabier'eko zaldun gure.

Ikurrin bat -kate ta lili-
torre goitijan zabal dago.
Bera salduko daun semerik
mendi onetan ezta jayo.

Amayur'ko ate-zain orrek
zidar-turutaz oyu egik.
Baztan ibarran zenbat etsai,
arrotz-gabe eztago mendirik!

Esiturik Amayur dauko
Miranda'ko konde Españarrak.
Orreik bai burnizko janzkijak,
ta urrezko ezpata-sagarrak!

Berekin dator, bai berekin,
Lerin'go eto orren semia.
Txakur txarrak jango al dabe,
erri-bako zaldun dongia.

Goiko aldetik asten dira,
asten dira subaga-otsez.
Orma-kontretan zenbat zurgu,
eta gezi zorrotzak airez!

Baña torrean zabal dabil,
ikurrin bat -kate ta lili-.
Nok zapaldu ete dagikez
berreun gudari orok zoli?

Amayur'ko gaztelu baltza
-iausi yatzuz torre goitijak-.
Baña, arrotza, etzadi geldu,
napar-seme dira gustijak.

Arresi gorri, zubi ausi,
-zein gitxi diran zaldun orreik.
Erijo, samurño zakije
aberri-min baitabiltz eureik.

Miranda'ko konde gaizto orrek
jo egixuz zidar-turutak.
Ikurrin bat -kate ta lili-
eztau laztanduko axeak.

Berreun gudari oso sumin
gaztelu-pian dagoz illik.
Ordutik ona -zenbat laño-,
Naparruan ezta aberririk.

Esteban Urkiaga "Lauaxeta"
AMAYUR GAZTELU BALTZA
(Olerkiak 142)