GIZARTEA: Drogak, diskotekak eta herriaren egoera

Urteak dira Ezker Abertzaleak drogen afera alde batetara utzi zuela. Baina bitarte honetan oso joera larriak garatu dira Euskal Herrian. Substantzia berriak etengabean sortu dira eta hauen merketzearen ondorioz eta narkotrafikoak izan duen bilakaera dela eta droga kontsumoa biderkatu egin da euskal gazteriaren artean. Hala, kontsumitzeko adina nabarmen aurreratuaz eta euskal gazteen artean duela urte batzuk ezezagunak ziren kontsumo mota eta maila batzuk indartuaz.

Joera hauek guztiak Euskal Herriaren geroa baldintzatzen ari dira. Batetik, drogen fenomenoaren bilakaera honek milaka gazteren biziak eta osasuna arriskuan jartzen dituelako. Eta bestetik, tamalez, droga kontsumoa, herri honen eraikuntzaren motorra diren Gazte Mugimendua eta Ezker Abertzalearen muineraino sartu delako.

Dagoeneko, erreparatu ezin diren kalteak eragin dira. Baina zer ondorio izan ditzakete aipatu joerek epe ertainean? Bideragarria al da askapen prozesu iraultzaile bat gero eta oinarri ahulagoak dituen mugimendu baten eskutik?

Egoera honek guztiak erantzule argiak ditu. Narkotrafikoa, berau posible egiten dutenak eta bertatik aberasten direnak hain zuzen. Beste behin ere, euskal gazteriaren suntsiketa eta heriotzetik etekina ateratzen duenik badagoela argi ikus dezakegu. Bada beraiek ere ohartu beharko dira egindako kalteaz.


[Drogak]