ARTXIBOA: 1978, Konstituzio Espainolik EZ!!

1978ko abenduaren 6an ospatuko da Espainiako estatuan erreforma politikoan mugarri garrantzitsua izango den erreferenduma, egun oraindik indarrean dagoen espainiar konstituzioaren onarpen erreferenduma alegia. Baina espainiar konstituzioa 3 urte iraungo duen prozesu baten amaiera besterik ez da, Franko espainiar diktadore faxista (oraingo espainiar klase politikoaren maisu eta idolo) hiltzearekin batera.

1975eko azaroaren 20ean bota zuen ofizialki azken hatsa faxista hark eta ordurako frankismoaren erregimenak estatu espainoleko itxuraldatze prozesua ongi definitua zuen. Izan ere 1973ko abenduan Carrero Blanco gobernuburua ETAk hil ondoren, Frankismoa oinordeko gabe geratu zen eta ezinbestekoa zuen erregimenaren itxuraldaketa prozesu bati ekitea. Espainia frankistaren muina ukitu gabe, monarkia parlamentario bihurtu nahiko dute. Horixe da erreforma politiko gisa ezagutuko den prozesua.

1975eko azaroaren 22an Joan Carlos Borboia Espainiako errege izendatuko dute (aurretik nola negoziatua zegoen argi ikusten da ezta?) eta Arias Navarro, Frankoren heriotza negar-zotinka telebistan iragarri zuen hura zen gobernuko presidente. Horrela ekingo zaio frankismoaren erreformari eta ez deuseztapenari. 1976ean espainiar eskuinak (frankistak, falangistak...) UCD alderdia sortuko dute eta 1976ko uztailean Adolfo Suarez UCDko presidenteak hartuko du Espainiako gobernuburutza. Frankismoaren konfiantza osoko pertsona baina itxuraz frankismoko aparatuekin zuzenki lotu gabekoa. Bera izango da erreforma politikoa gidatzeko ardura izango duena.

1976eko urriaren 15ean erreforma politikoaren erreferenduma egingo da. Oraindik alderdi komunistak eta independentistak ez dira ezta legalak ere, amnistiarik ez da eman, minimo demokratikoak ziurtatu gabe daude. Euskal Herrian alderdien gehiengoak abstentziorako deia egingo du (hego Euskal Herrian estatu osoko abstentzio maila handiena izango da). Espainiar egitura instituzional berria adosteko negoziazioak burutuko dira espainiar eskuinaren eta oposizioaren artean (PSOE, PCE), baita euskal alderdiekin ere (PNV, EIA).

Negoziazio hauen ondorioz 1977ko ekainean ospatuko diren lehen hauteskundeetan parte hartuko dute espainol zein euskal alderdi erreformistek (PSOE, PNV eta EE) eta soilik ezker abertzaleak uko egingo dio parte hartzeari oraindik ez dagoelako ez minimo demokratikorik ez eta amnistiarik ere. Hauteskunde hauen ondorioz sortuko da Consejo General Vasco deritzona, PSOEko Ramon Rubial buru duelarik. Kontseilu honek (bertan dira PNV eta PSOE) parte hartuko du espainiar konstituzio berriaren negoziazio prozesuan. Negoziazio luzeen ondorioz espainiar itun politikoa adostuko da: Espainiar Konstituzioa.

1. Espainia bat eta bakarra da, zatiezina.
2. Soberania espainiar herrian datza.
3. Indar armatu espainiarrek Espainiaren barne batasuna bermatu eta defendatzearen ardura dute.

Hitz batean esateko Espainian bere menpe oraindik dituen herri eta nazioak zanpatzen eta kolonizatzen jarraituko du. Horrela 1978ko abenduaren 6an bozkatuko da. Ezker abertzaleak abstentzioarako deia egingo du, baita PNVk ere (aurpegia garbitzeko asmoz: negoziazioetan parte hartu du, konstituzioaren joko arauak onartu ditu, baina bai esatea gogorregia da euren oinarri sozialaren aurrean). Euskal Herriak beste behin ere ukatzen eta zanpatzen duen inperioari bizkar emango dio: Hego Euskal Herriak ezetz esango baitio Espainiar konstituzioari!!


[Memoria astintzen]