ARTXIBOA: 1975, Txiki eta Otaegi fusilatuak

[1995ean Euskaldunon Egunkarian argitaratuta:
izen burua: JACQUES ANDREUren omenez.
Egilea: Iñaki Egaña Idazlea]

Hogei urte, bai, iragan dira gure Txiki eta Otaegi eta Jose Luis Sanchez-Bravo, Ramon Garcia eta Humberto Baena hil zituztenetik. Epaiketa guztiak izugarrizko fartsa besterik ez ziren izan; ez bakarrik epaiketak, baita hurrengo egunetan Gobernuak eta bere egitura guztiek egindako ekintza guztiak ere. Txikiren zerraldoak Bartzelonako kanposatuan geratu behar izan zuen, Kataluniako Erregio Militarreko Salvador Mañuls kapitain jeneralak ez baitzuen gorpua Zarautzera ekartzeko baimenik eman.

Garai horretan Bartzelonako gobernadore zibila Rodolfo Martin Villa zen. Geroago argiegi utziko zuen Barne Ministeriotik zein izan behar zuen bere jarrera, baina garai hartan erdi ezezaguna zen. Askotan gertatu den bezala, Martin Villak merituak egin zituen Txikiren aferaren inguruan eta, hori, Madrilen asko estimatzen zuten.

Burgosen Anjel Otaegi bakardade osoan hil zuten. Villalongo kartzelako lagunek Euskal Herrira bere azken hitzak bidali zizkiguten: "Euskadirengatik hil behar naute. Ez nago damutua, oso kontziente naiz ene egoeraz. Euskal iraultza ala hil!".

Euskal Herriaren erantzuna benetan gogorra eta zabala izan zen. Orain dela gutxi, Espainiako Telebistan Victoria Pregoren programan ezer ez zela gertatu agertu zuten. Gezurra eta intoxikazio hutsa! Hegoaldean hilabete bakar batean hiru greba orokor izan ziren. Donostian, Poliziak Iñaki Iturriza, zortzi urteko haurra, balaz zauritu zuen.

Madrilen ere erantzuna izan zen, baina bestelakoa. Francok Orienteko Plaza bete zuen eta Madrilgo denda eta taberna gehienek itxi egin zuten.

Bitartean, Ciudad Realen, Almerian, Caceresen, Valladoliden, Jaenen eta beste hainbat lekutan, manifestariek Madrilgo Gobernuak hartutako erabakia txalotzen zuten. Nazioartean ere elkartasunezko erantzuna izan zen. Ez bakarrik epaiketa eta afusilamendu egunaren inguruan, baita hilabete batzuk lehenago ere.

Madrilgo Gobernuak hilketa egiteko zuen asmoa aspalditik zen ezaguna eta, horregatik, ekainaren 11rako erakunde mordo batek (PNVk eta PCEk izan ezik) borroka eguna deitu zuten. Bai Euskal Herritik gertu, baita urrun ziren zenbait tokitan ere, ekintzak eta manifestazioak egin ziren.

Horien artean, Pauen gertatutakoa grabatuta geratu zitzaidan betiko. Euskal presoen alde eta Txiki eta Otaegiren epaiketaren aurka manifestazio bat egin ondoren, Paueko 27 urteko gazte batek, Jacques Andreuk, bere buruaz beste egin zuen protesta gisa. Gasolinaz busti zuen gorputza eta suak berehala hartu zuen manifestarien aurrean. Eta hil egin zen...

Heriotza latza onik badago. Estatu espainoleko komunikabideek (Hegoaldekoek barne) ez zuten ezer aipatu. Isiltasuna. Harrigarria zera izan zen: albiste bakarra Guy Petitek, Miarritzeko alkateak, horretaz hitz egin zuenean etorri zen. Eta esan zuena liburu beltz baterako geratu da: "Gertakizun hauek isildu egin behar ditugu, turismorako kaltegarriak direlako".

Zer bururatu zitzaion Jacquesi? Zer-nolako baloreak zituen? Argi dago, 1995eko gizarteak dituen baloreak kontuan hartuta, askorentzat bere jarrera ulergaitza izango dela. Baina bai orain dela hogei urte, baita gaur egun ere, Euskal Herriko eta kanpoko lagun askok elkartasunezko baloreetan sinesten genuen eta sinesten dugu. Jacques Andreuk eskainitakoa ezin da bidean geratu. Txiki, Otaegi eta Jacquesen ametsak betetzear daude. Lorpena gure eskuetan dago.


[Memoria astintzen]