|
GIZARTEA: Txitxarrorik ez, eskerrik asko!! Narkoguneak suntsitu!! |
|
Txitxarro berriz irekiko dela eta hori ospatzeko festa baterako deia egin dela entzun eta ikusi dugu azken aste hauetan hainbat irrati eta iragarkitan. Txitxarro berriz irekitzeak hainbat oroitzapen eta pentsamendu ekarri dizkit burura, eta horiek partekatzera nator. Izan ere, Txitxarroren irekiera garaipen gisa aurkezten ari zaigu, itxiera eragin zuten arrazoiak eta bere atzean ezkutatzen diren asmo eta mugimendu ilunak estaliz. Txitxarro gazteontzat ondo pasatzeko eta gure arazoen ihesbiderako erreinu aske gisa saltzen digute. Baina Txitxarrok, gisa bereko gune askoren tankeran, narkotrafiko sareak sostengatu eta beren zirkulazioa irekitzeaz beste, gazteok errealitate birtual batean gure arazo eta kezkei aurre egitetik aldentzeko beste antidoto bat izan nahi du. Zer eskaintzen digu, bada, Txitxarrok? Lehenik, droga bandeja ederra; gehien hartzen duena izango da ondoena pasatuko duena , gehien murgilduko dena desfasearen erresuma abstraktuan, gehien paso egingo duena inguratzen duen guztiaz. Geure buruak Duracelez prestatu ostean, ondokoek esaten dutena ez entzuteko modukoa izango den eta gelditu gabe gau osoan aritzeko moduko doinuak, drogek sortu dizkiguten sentsazioak ahalik eta gehien bizitzeko moduko erritmoak sartuko dira gure belarrietatik. Eta halaxe izan dadila astebururo. Tentsioak askatzeko, gure enpresaren jabearen presio eta astialdirako tarterik uzten ez diguten lan ordu horiek guztiak ahazteko, bikotekidearekin ditugun arazoak burutik kentzeko, askotan sentitzen dugun bakardadea estaltzeko, sentsazio berriez bizitza honek sortzen dizkigun bestelako hutsuneak betetzeko. Jendarte hori zabor handi bat denez, zabor horretatik ihes egiteko. Baina pentsa dezagun une batez: zergatik egiten digute gazteoi halako eskaintza eskuzabala? Egia esan, ez da oso zaila asmatzen. Gazteok, pertsonen esplotazio basatiaren bidez, gutxi batzuen interes ekonomikoak asetzeko, jendarte baten giza talde zapalduena osatzen dugu. Gazteok gara eskulan merkerik baliotsuena enpresaburu diruzaleentzat. Gazteok gara giza sektore gisa dagozkigun erabaki, eskubide eta beharrak ukatuak ditugunak. Euskal gazteok gara herri zapaldu bateko gazte zapalduak, estatu errepresio bortitzena jasaten dugunak. Funtsean, gazteok gara jendarte eredu hau iraunarazi eta bere garapena bermatuko duten giza talde garrantzitsuena, baina gazteok gara, era berean, jendarte eredu hori aldatzeko eta zapalkuntzari aurre egiteko botererik baliotsuena. Gazteok iraultza indarra gara, gazteon inkonformismo eta errebeldia da borrokaren eta iraultzaren enborra. Gazteok gure arazoak borrokatu egiten ditugu, baina sistemari beharrezkoa zaio, gure arazoak borrokatu beharrean, horietaz ahaztu eta guztiaz paso egiteko erakargarriak egingo zaizkigun eskaintzak luzatuz, gazteok molestatuko ez dugun leku eta jarreretan murgiltzea. Jakina, horiek errebeldia eta askatasun zeinuz hornitu behar dituzte horretarako; hala, gehien desfasatzen dena izango da errebeldeena eta sistemari kontra egiten diona.
Abestiak zioen moduan, «gazteok apalankatuta zorion bila / hogei urteetako agure pila / zaila da askotan argi ikustia / zeinek kontrolatzen duen bestia». Horixe behar dute, gazteok kontrolatuta izatea, lotuta izatea, horretarako gisa askotako kateak erabiliz, kate ikusezinak, baina kateak. Eta bada Txitxarro gainditzen duen baina Txitxarro babesleku itzel duen beste kate handi bat: narkotrafikoa, hain zuzen. Narkotrafikoa Euskal Herriaren kontra Espainiako Estatuak erabili duen eta erabiltzen duen zapalkuntza arma da. Euskal Herrian, narkotrafikoaren bidez, xantaia poliziala informazio iturri gisa erabiltzen da. Euskal Herrian, narkotrafiko sarrera basatiak gazteria drogan murgildu eta indargabetzeko helburu ilunak daramatza. Ez dugu oso urrun joan behar begi bistakoa ikusteko. Euskal Herrian narkotrafikoaren bidez heroina sartu zuten, eta gaur egun, oraindik ere, agerikoak dira horren ondorioak. Orain ez dute heroina akorik sartzen, baina droga berriak nobedade dira maiz, beren epe luzeko ondorioak ezagutzen ez ditugun droga berri ugari. Narkotrafikoaren eta xantaiaren bidez eskuraturiko informazioari esker poliziak gazte ugari atxilotu, torturatu eta espetxeratu ditu gure herrian. Polizia eta narkotrafikoa, narkotrafikoa eta polizia, enbor bereko bi ezpal. Txitxarrok narkotrafikoari habia egin dio, indartu eta gizendu dadin eta gazte andana gertu izan dezan. Halaber, Txitxarro eredu oso baten beste euskarri bat da, sistema eta estatu interesei loturiko beste erreminta bat. Gazteok gauzak aldatzeko grina izan dugu beti. Gauzak alda daitezkeela pentsatzen dugu, eta horregatik borroka txiki eta handiak sortzen ditugu, gauzak aldatzeko, beste jendarte bat sortzeko. Herri aske eta lagunkidea, gazteok gure bizitzak independentziaz eta geure kabuz, inoren kontrolik gabe bizitzea posible egingo duena.
Gure
aisialdia diseinatzen dute guri galdetu gabe, baina guk gure
aisialdia sortu eta lantzen dugu, geure kabuz, geure sormenaz.
Gure heziketa erabakitzen dute nahi eta interesatzen zaien moduan,
eta guk ez dugu onartzen; borrokatu egiten dugu jazarpenaren
aurrean. Gure sexualitatea, gure kontsumoa, gure denbora librea,
gure harremanak, gure ikasketak, gure lana, gure pentsamoldeakÉ
euren interesen araberakoak izan daitezen, eredua ezarri eta
kontrolatu nahi dituzte. Gazteok konformistak, indibidualistak,
insolidarioak, hanburgesa jaleak, berekoiak, apalankatuak,
obedienteak eta ez-kritikoak nahi gaituzte. Baina gazteok
inkonformistak, lagunkideak, solidarioak, alaiak, sortzaileak,
desobedienteak eta kritikoak gara. Horixe da gure boterea eta
indarra, egin dezagun horretaz askatasuna. Bizi gaitezen
askatasunez, izan gaitezen burujabe eta alda dezagun zapalkuntza
eta lotura, independentzia eta elkartasunagatik. Posible da,
beharrezkoa da, behar dugu. |