Proiektu solidario, abertzale eta ezkertiarra LAB klase sindikatua da, gizartean sustraitua eta gaur egungo egoera sozioekonomikoaren ondorioak pairatzen dituzten sektoreekin konprometitua: gazteriaren eta emakumeen eskubideen alde, prekarietatea eta gizarte bazterkeria borrokatuz, erraza edo sexu orientazioengatiko diskriminazioaren aurka, ekologia babestuz... Proiektu solidarioa, herri honetako ezkerreko jende guztiarentzako lekua. |
LAB, Langile Abertzaleen Batzordeak |
![]() |
Sindikatu soziopolitikoa eta nazionala Bere sorreratik LABek eraldaketa soziala eta nazio askapena elkartu ditu bere estrategia sindikalean. Klase esplotazioari eta euskal langileriaren aurkako erasoei egin die aurre eta, era berean, etengabe erakutsi du Euskal Herriaren nazio eraikuntzarekin duen konpromisoa eta langileriak prozesu horretan izan behar duen esku-hartze zuzena aldarrikatzen du. LAB sindikatu soziopolitiko moduan jaio zen eta tinko eusten dio printzipio horri. |
LABen bere etorkizuna erabakitzeko gai den Euskal herria burujabea nahi dugu, euskal gizartearen premien arabera eraikia, autodeterminazioaren bidetik, jendarte solidario eta justuaren alde gainetiko herriekin batera borrokatuko den Euskal Herria. |
Sorrera Euskal Herrian, 70eko hamarkadan, frankismoaren aurkako borrokaren indartzearekin batera, euskal langileria antolatzen hasi zen eta paper erabakigarria izan zuen diktaduraren aurkako enfrentamenduan. Testuinguru honetan jaio zen LAB, 1974ko udazkenean, askapen sozial eta nazionala uztartzen zuen masa erakunde moduan, langile abertzale eta ezkertiarrei antolakuntza eta borrokarako esparrua eskaintzeko asmoz. 1977an, Asanblada Nazionalaren erabakiz, mugimendu asanbleario izatetik sindikatu izatera pasatu zen. |
Bi hamarkadatan zehar LABen antolakuntza esparrua Hego Euskal Herrira mugaturik egon bada ere, 2000tik aurrera Ipar Euskal Herriko langile kopuru gero eta zabalago baten eskutik LABen proiektu sindikala Iparraldeko herrialdeetara ere zabaldu da bide horretatik LABen izaera nazionala finkatuz. LAB dugu momentu honetan euskal sindikatu nazional bakarra. |
Bilakaera LABek sortu zenetik ez dio hazteari utzi eta bere hazkundearen islada garbiena hauteskunde sindikaletan, Hego Euskal herri mailan, lortutako ordezkaritzaren bilakaeran ikuz daiteke: 1980an LABek % 4,58ko ordezkaritza lortu zuen, 1982an %5,74koa, 1986an %10,62ko, 1990an 12,60koa, 1994an 14,45ekoa, 1998an %14,59 eta 2002an % 15,11. 1994ko hauteskunde sindikaletan ordezkaritza handieneko sindikatu izaera eskuratu zuen LABek Baskongadetan %15eko ordezkaritza gainditzearekin batera. Gaur, %16tik gorako ordezkaritza du esparru honetan. Ipar Euskal Herrian lehen aldiz hartu du parte bozketa batzuetan LABek 2002ko Prud�hommeen hauteskundeetan. Emaitzak ezin hobeak izan dira, bozketen %8,9a eta Proud�homme bat lortuz. Gaur egun, Euskal herriko lurralde guztietan eskuratu duen ordezkaritzarekin eta 32.000 afiliatu baino gehiagorekin, errealitate indartsu eta sendoa bihurtu da LAB. |