Haur Heziketako ikasgelak

Ondoan ikusten diren horiek Terestarretako ikasgelarik handienak dira. Haur heziketarako izango dira. Terestarretan, ikasgelarik handienak bi metro karratu gehiago ditu San Frantziskoko txikienak baino. Baina "zabaltasun harrigarri" horretara ailegatu ahal izateko, gela "handi" horri gaineratu behar izan diote kanpo aldean zegoen zati estali bat.

Gelen erdian bi pareta daude, dirudienez ezinbestekoak, arrazoi arkitektonikoak direla eta. Egia da legeak ez duela ezer esaten paretak erdian izatearen kontra, baina, ziur aski izango da munduan ez dagoelako inor hainbesteko astakeria irudikatu dezakeenik. Behintzat hezkuntza administrazioaren ardura dutenen artean.

Gela horretan elkartuko dira hogei bat haur, 6 urtetik beherakoak (3 edo lau urtekoak, ziur aski, ikasgela beheko solairuan dagoelako). Ikasle horiek paretaren beste aldera joaten direnean, erraz pentsa daiteke irakasleak ez dituela ikusiko, eta, ondorioz, azkenean erabili gabe geldituko da espazio hori, ziurtasunaren izenean. Beraz espazioa benetan txikiagoa izango da, autoritateek diotena baino. Beste aldetik, argia ez da sekulan pasako aipatutako pareten alde batetik bestera, leihoak planoan agertzen diren bezala egiten badira (leihoak berdeak daude pintaturik planoan). Gainera, berez, oso gela ilunak izango dira leihoak daudelako gelaren mutur batean.

Beste arrazoi bat aipatu behar dugu, ez onartzeko gelaren diseinu hori: atezaintzatik ezin da ikusi geletatik kanpora doan bidea. Horri gaineratzen badiogu, lehen esan bezala, irakaslea paretaren beste aldean egon daitekeela, haurrak eskolatik kanpora abia daitezke, ez irakaslea ez atezaina ohartu ere egin gabe.

Aurreko orrira itzuli