Jantokia

Beheko solairuan dago. 63,4 metro koadro neurtzen du. Beraz, edukiera hori kontuan hartuta eta pertsona bakoitzari 1,5 metro koadro egokitu behar zaionez, guztira 42 lagun sartzen dira, 42 lagun besterik ez.

Goiza eta arratsaldearen artean, bada aukera bi txanda ezartzeko, baina ez hiru. Ondorioz, Teresianetan jantoki zerbitzua, gehienez ere, 84 ikasleri eman lekieke. San Frantziskon, 2002-2003 ikasturtean, 115 neskato-mutiko ari dira jantokia erabiltzen. Eta San Frantzisko hazi eta hazi ari da urtetik urtera.

Ikastetxea Teresianetara eramanez gero, nola konponduko du arazo hori administrazioak? Familien arteko zozketa eginen du erabakitzeko nork utz dezakeen seme-alaba jantokian eta nork ez? Begi bistakoa da familia batzuei ez diela batere balio jantoki zerbitzurik gabeko ikastetxeak, ordu horretan jendea lanean ari baita. Teresianen eraikinak ez dezake eman San Frantziskok ematen duen zerbitzua: 115 haur horiek ez dute ezta gaur egungo jantokiaren erdia betetzen ere txanda bakarrean.

Pentsa liteke paretaz bestaldean dagoen biltegi luze-luze eta estu hori eranstea, baina Gobernuak biltegiaren metro koadro horiek behar ditu gimnasioa ailegatu dadin legeak eskatutako gainazal minimora.

Jantokiaren diseinu horrek, gainera, beste arazo bat ere badu: komunak ez daude bertan, pasabidearen beste aldean baizik. Ondorioz, haurren garbitasun kontu guztiak korapilatu eta oztopatzen dira. Bestalde, txikienek aukera izan behar dute lo kuluxka egiteko, baina erabilgarri dirudien leku bakarra gimnasioa da eta, paretaz bestaldean badago ere, itzulia eman behar da haraino sartzeko. Horrek eraginik, jantokian begirale gehiagok aritu beharko lukete eta horrek zerbitzua garestituko luke, jakina. San Frantziskon hala komunak nola lo kuluxka egiteko gela jantokiaren ondoan daude eta jantokitik bertatik sar daiteke haietan. Halaber, bada tokia txikiak eta handiak bereizteko bazkaltzen ari diren bitartean

Aurreko orrira itzuli