Auzitegi
gorena eta Vascuence-a
AUZITEGI GORENA ETA VASCUENCE-A
Ezaguna
denez, mendeetan zehar euskerak eduki duen presentzia arlo formaletan
anekdotikoa baino ez da izan eta honek hizkuntzaren minorizazioa ekarri du,
erderen nagusitasuna beste hainbat esparrutara hedatuz. Gaur egun, administrazio
gehienek erdaldunak izaten jarraitzen dute euren eguneroko lanean, euskaldunen
kopuruak gorantz joan arren. Begien bistan dago hizkuntzaren ezagutzak, berez,
ez dakarrela euskeraren erabilera.
Joera
historiko hori apurtu nahiean, UEMA udalerri euskaldunen erakunde legez sortu
zen, honako helburuekin: udal administrazioaren funtzionamendua euskalduntzea
eta herriko bizitza soziala eta ekonomikoan euskeraren normalkuntza erraztea.
Mankomunitatea instrumentu ezinhobea suertatu da erronka bi hoien alde
borrokatzeko, udalek egin dituzten ahaleginei esker, kalitatezko zerbitzuak
euskeraz eskainiz eta euskal sare sozialak indartuz, beti ere erdaldunen
eskubideak errespetatuz. Beste ikuspuntutik, ez genuke ahaztu beharko UEMA
erakunde nazionala dela, gure herriaren lurralde osoan jarduteko bokazioa duena.
Hortxe datza, ziurrenik, Estatuek UEMAri horrenbeste oztopo ipintzearen
arrazoietako bat.
Espainiako
Auzotegi Gorenak UEMAren legezkotasuna ukatu du otsailean kaleratutako epai
batean, eta hori ez da txantxetakoa. Oraingoz, lasai gaude epaia Abaltzisketako
udalari bakarrik dagokiolako eta, gainera, udalerri horrek UEMAtik irteteko
erabakia hartu zuelako, baina Gorenaren sententziek jurisprudentzia osatzen dute
eta ilegalizazioaren bidea zabalik egon liteke. Etorkizunean,
antzeko errekurtso baten aurrean, epaitegiek badaukate aintzindari bat:
“udalerriak ezin dira amankomunatu euskeraren garapenerako, funtzio hori euren
eskunduntzetatik kanpo dagoelako”. Astakeria itzela da, batez ere kontutan
hartzen badugu udalak herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak direla: ez
dago instituziorik herritarren egoera eta beharrak hobeto ezagutzen dituenik.
Beste
aldetik, kulturazko konpetentziak “konkurrenteak” dira, hau da,
erakunde-maila guztiei dagozkie. Euskera ez dela kultura esan nahi ete du
Auzitegi Gorenak?. Epaian bertan erabilitako terminologia ikustean
-“vascuence” edo “lengua vernácula”-, neuri behintzat ezer onik ez zait
burutik pasatzen. Holako esamoldeak ezagunak egiten zaizkigu, agian
frankismoaren tradizioari ondo baino hobeto eusten dion Nafarroako
presidentearen gustokoak direlako-edo.
Jarrera
oztopatzaile hauen aurrean zer egin liteken itaundu zaigu alderdiei azken
asteotan. Eusko Alkartasunak argi eta garbi azaldu du beraren jarrera: eraso
horiek jarraitu ezkero, bide juridikoak agortu beharko ditugu, agian
mankomunitatearen figura juridikoa utzi eta beste egituratze juridiko baten
bitartez erakundea birsortuz, baina bide hori nahikoa ez balitz, intsumisio
instituzionala irteera bakarra izango litzateke. Ikusi beharko…