Elur-jausi baten anatomia. Elur-jausi motak.
|
Elur-jausi baten anatomia.
|
Elurrolde batek behar duen guztia elurra eta jaisteko aldapa besterik ez da. Ikusi al duzu inoiz autoaren haizetakoan duzun elurra?
Tenperatura hotza egiten duenean, elurra kristalari itsasten zaio beherantz labaindu barik. Tenperatura apur bat igotzen denean ordea, elurra labaindu eta
haizetakoaren behealdera, oro har zati txikietan, erortzen da... bada hori neurri oso txikiko elur-jausi bat besterik ez dugu. Benetako elurroldeak, noski,
askozaz handiagoak dira eta baita beren sorkuntzan parte hartzen duten faktoreak konplexuagoak ere..
Elurrolde batek, hiru zati nagusi ditu::
Abiapuntua. Hauxe hegiaren alderdirik hegazkorrena da, nondik elur ezegonkorra maldan behera erortzen den.
Sarritan, hegien goi-parteak eta erlaitzen azpian kokaturiko inguruak, elurroldeen abiapuntu guneak izaten dira. Dena dela, elur-jausiak sortzeko faktoreak
betetzen badira, elurrolde bat hegiaren edozein tokitan gerta daitekeela ez dezagun ahaz.
Pista. Elurroldea maldan behera hartzen duen kanala da. Mendian bazabiltza, hegietan elurroldeek sortutako txirrista
antzeko kanalen bila aritu zaitez. Hauen behealdean, pilatutako elurra eta hondakinak aurkitzen ohi dira: hots, bertatik elurrolde bat erori den seinale zalantza
ezina hain zuzen.
Amaiera gunea. Hauxe da mendiak botatako hondakinak eta elurra metatzen diren gunea. Kontuz ibili behar
dugu, izan ere, sarritan mendi-zintzurrak eta sakonak goitik datozen elurroldeen amaiera guneak izaten dira-eta: tokiok mendizalearentzako tranpa hilgarriak
dira.
|

|
Elur-jausi motak.
|
Ondoren, mendian sarrien gertatzen diren elur-jausi motak deskribatuko ditugu:
Elur berriko jausiak. Neurri orokor gisa, elurra egin eta biharamunean elur-jausi
arrisku handiagoa egon ohi da. Elur berriko oldeetan, elurra hotza, lehorra eta arina izan ohi da,
eta maizenik elurte handien ondoren eta eguraldi hotzarekin gertatu ohi dira. Abiadura handia hartzen dute, eta
suntsitzaileak izaten dira oso. Zorionez ez dira normalak gure mendietan.
Plakazko jausiak. Haize plaken ondorio dira. Elur-jausi hauek eragiten dituzte
istripu gehienak. Azaleko elur geruza, trinkotua egon arren, azpiko geruzarekin guztiz bat egin gabe edo lotu
gabe egotearen ondorioz, askatu egiten da geruza hori, batzuetan elurraren zama hutsagatik, baina
gehienetan eskiatzaile edo ibiltarien eraginagatik.
Elur hezeko edo fusioko jausiak. Azaleko geruzak hezetzean eta azpiko geruzetatik
libratzean sortzen da, euriteengatik edo tenperatura altuengatik. Hego isurietan eta udaberri aldera
izaten dira ohikoen. Abiadura txikiagoa izaten dute, baina suntsitzaileak dira orobat.
Besteak. Gailurraldeetako erlaitzak bertan behera jausi daitezke, edo
hormaguneetako serac-ak ere bai. Ez dira besteak bezain ohikoak.
|
|