17.- Lemoa - Gainzorrotz (781 m) - Mugarra (964 m) - Durango (114 m)

—Larunbata,
1993ko urriak 16—


 Lemoatik Durangoraino, Durangaldea korrituz


LEMOAn emango diogu hasiera gaurkoari. Lehenengo, herritik irten eta IGORRErantz (Yurre) hartuko dugu errepidez eta azken etxeetara iristean, ezkerretara dagoen errepide hestuari ekingo diogu Arratia ibairantz garamatzalarik. Zubia igaro eta eskumatara jarraituko dugu errepidez eta baserri aldamenetik igaro ondoren aldapa igo eta bidegurutzea dugu. Hemendik ezkerretara igo behar dugu aldapatzarretan gora GANDARIATSeko baserrietaraino. Etxe artetik igaro eta gora berriro ere, harrixehezko pista zabalean. Pista honi jarraituz eta pinu artean luzaro igo ondoren lepoa gurutzatuko dugu — 520 m— ezkerretara zementuzko hiru txabola utziz. Metro batzuk aurrerago beste txabola-txalet bi ezkerretara utzi hauek ere eta pistaz jarraitu —marra gorri-zuriak BELATXIKIETAra—. Aurreraxeago pista utzi eta eskumatara hartuko dugu pinaditik datorren bidexkan sartu eta haitz eta elorri artean jarraituz. Belatxikietako kare-haitza ezkerraldetik inguratuko dugu zelai eta txaboletara irtenaz —640 m. Hamarren bat txabola eta pago artean ermitatxoa. Paraje bikaina.

Ogitarte garaian
Ogitarte garaian
—© Patxi Arriaga—

Txabola artetik igaro eta bide markatuari jarraituko diogu, berehala lepora (650 m) iristeko. Hemen bidea utzi egin behar dugu eta zuzen igo GORRITXUETAko haitz-puntarantz. Bide garbirik ez dagoenez, haitz arteko belar karrejuak erabili behar ditugu. Behin gainean —757 m— edota ezkerraldetik saihestuz, GAINZORROTZerantz hartu behar dugu. Horretarako gandorrez egingo dugu aurrera, lepoxka gurutzatu eta beste gain zenbait hartuz —745 m— Behera berriro eta pinuak lepoxkaren eskumaldean utziz, gandorrez egingo dugu aurrera beste punta batetarantz (730 m). Honen ezkerraldetik belarrezko karrejua (senda) daukagu eta aldapatzarrean behera PAGOTZUETAko leporaino eramango gaitu 664 m. Pagotzuetako malda harritsuaren azpialdetik ia lauan jarraituko dugu eta berehala lepoxka barri bat (660 m). Hemendik, berriro haltzean gora egin behar dugu, gandorrez nahiz eskumaldetik doan senda modukoari jarraituz eta aldapa gogorretan gora GAINZORROTZeraino heldu —781 m. Eguraldia lagun inguruak miresteko behatoki bikaina. Gainzorrotzetik metro batzuk behera egin behar dugu gandorrez Durangorantz eta lepoxkara —740 m— iristean gandorra utzi eta 50 m eskumatara jaitsi haitz artean belar-karrejuan behera. Pinuetara iristean ezkerretara egin behar dugu maldako bidetxoetan zehar, aurki ibiltzeko erosoago den belar unea joko dugu eta beroni jarraituko diogu haitzen azpialdetik. Metro batzuk gora eginez lepoa —700 m— joko dugu eta aurreraxeago pinadia daukagu BETZUENBURUko haitzen azpian. Hemen bira ezkerretara (hego-eki) jaitsiaz. Sendari jarraitu (hego-eki) eta kare-haitzen azpialdetik emeki-emeki igoaz joan parean dagoen leporantz. Sendez Eta basa-bidez joko dugu lepo hau —780 m— eta Mugarrako hormatzarrak agerian ditugu. Mugarraren eskumaldera haitz txiki bat —851 m— ageri da eta lepoxka —820 m— , bada, horretarantz jo behar dugu, sakonaren ezkerraldetik doan bide zaharrari jarraituz gandorraren azpitik. Halamoduzko bidexka gunea. Pinadian gora igoera laburra egin ondoren pagoetara helduko gara eta eskumatara (hego) igoaz lepoa — 820 m— gurutzatu eta ARTATZAGAIN — 998 m— eta LEUNGANE — 1.009 m— gailurren parean kokatuko gara. Senda jarraituz, eskumatara utziko dugu gain horietarako bide markatua, lepoxka (805 m) gurutzatu eta pistaz MUGARRIKOLANDAko leporantz egingo dugu eta horrela bide azpian dagoen iturrira iritsiko gara. Iturritik Mugarrikolandako leporaino jarraitu daiteke eta MUGARRA igo —964 m—, ARAMOTZ mendikateako gailurrik nabarmenena. Durangora jaisteko errazena Mugarrikolandako lepora bueltatzea da.

Mugarrikolandatik (lepo nahiz iturri) errekastoak jarraituz jaitsi behar dugu KATASKAko ubiderantz (ipar). Bidetxoak (marra horiak) haitz artean eta aldats gogorrean behera haitz ipurdiraino garamatza. Senda ezkerretara hartuz eta aldatsoan behera leporaino jaitsiko gara —560 m (harrixehezko pista OROZKETAraino).

Mugarra
Mugarra
—© L. A.—

Lepo honetan bira eskumatara (eki) eta pare bat minututan edo errekara jaitsiko gara. Honen ezkerraldetik jarraitu behar diogu basa-bideari eta metro zenbait jaitsi, eskumatara errekatxoa gurutzatzen duen bide zaharrari ekiteko. Pinadian behera Mugarra azpitik. Aldapa gogorra jaitsi ondoren, pare bat gurutza eskumatara utzi eta pistaz Santa Lutziako baserrietaraino.

Hemendik eskumatara segi eta harri-xehezko pistaz eta bost bat minututan edo DUKOBASO baserriaren aldamenetik pasatuko gara. Hamar bat minutuz edo pistaz jarraitu eta ezkerretara ur-aska utzi ondoren, bidezidorra hartuko dugu, eskerretara, berriro pista nagusira irteteko. Honetan behera eginez ARRIOLAETXE baserriaren aldamenetik igaroko gara eta hemendik aurrera bide asfaltatua. Asfaltoz jarraituz, San Andresko muinoa inguratuko dugu ezkerraldetik eta baserri artean aldats behera egin erreka eta DURANGO-URKIOLA errepidea (zeharbidea) gurutzatu arte. SAN ROKEko ermita eskumatara utziz eta San Roke kalean behera, DURANGOra sartuko gara gaurkoa amaitutzat emanik.

© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


 Kartografia


Etaparen kordaleko mapa. Egin klik sartzeko...
Etaparen kordaleko mapa (41 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"

 Etaparen profila


Etaparen profila. Egin klik sartzeko...
Etaparen profila (9 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities