ipuinak

 

 

 

Ipuinak gustukoak dituzu? Idazten al duzu ipuinik?
Bada, bidalizkiguzu zure ipuinak, lagunenak, hemen agertzen ez diren idazle euskaldunenak edo zergatik ez, beste hizkuntzetatik egindako itzulpenak.

Oraingoz ipuin bakarra dugu


YANN eta LARA

goigoiñoei maittea-maittea
Vicente Gil de Paules
Alazneri, zeinen otto likits eta neskazale
duen noizbait ohar dadintzat.
Arnasaren hartzerat eta bizitzerat
uzten dutenei orori.

... honako narrazione pornografiko hau, aitzinekoak eta
gerokoak lurretik jina, lurrerat errauts bilakatua bihurtu
beharko naizelakotz. Oh, quel dommage!

"Ez ezazue larrosarik bortxa." (Gabriel Aresti).

"Askatasuna maite dut eta ez, aldiz, gau guzietan,
arresa bainintzan, presondegirat turnatzea."
(Nuria Cadenas, Catalunyako independentista gatibua)


-Agur, pottoko -eta pot [1] gogatsu.
-Agur, Yann. Ontsa izan -estu besarkatuz.
-Hala entseiatuko.
-Postalñorik igorriko, ezta?
-Neskak biluzgorririk ageri diren horietakorik?
-Batto igorri eta hamaikatxo ekarriko.
-Ederki!
-Agur, maitea!
-Agur, Yann!
-Agur.

"Zorion guri! Hainbat jende oraino lanean eta gu hemen. Hauxe bai hauxe pagotxa!" Hala pentsatu du Yannek luneta ilunak erantziak. Gorri, osoki urdintasunez inguratua dute ekia, zeinak bidaia osoan etenik gabeko izerdi-zurrusta eragin baitie. Dena den, ez die inport bakantzatan kexatzea arno onari gaseosaren isurtzea bezalakoa baita.

-Akanpatzerik badagoa alderdi honetan?
-Zer, bada?
-Han, kanpaina-denda altxatu dute.
-A, ez ziakinet.
-Baduna bistaluzerik?
-Hemen ez. Zertarako, baina?
-Auzokideak zein ditugun jakiteko.
-A, ez, ez dinat.
-Etxean?
-Ezta ere.
-Domaia!
-Bo, hemen gitun!
-Bai, onik eta osorik.
-Gero, etxean, Andere Dona Izorraneari otoitz eginen zionat halako bidaiaren eskertzeko.
-Nihaurek ere bai, hirekin batean.
-Larrugorritu, alde banatan kokatu eta, zangoak bereiziak, Andere Dona Izorrane makerari [2] otoitz.
-Eta oiloek txiza egin artio ez gitun lekutuko!
-Ez, bada!
-Ah-ah-ah! -biek.
-Hauxe, beraz? -bota du liluratua ate nagusia eskuko bidez zabaldu, autoak muga iragan eta ohiko begi zoliez hirusta multxo bat ohartu duelarik-. Jauretxea!
-Harat bertzea! Ez dun hainbertzerako eta.
-Pollita bai, ordea!
-Leku hau biziki preziatua dinat. Hemen arront laket nun, ene gisa mendion artean, sosak ukan eta libroen sentitzen dena bezalaxe. -Alai erraiten lioke lagunari, baina nekatua da eta ez du alai ihardesteko gogo handirik. Halaz ere, "laugarren urtemuga aurki ospatuko dinagu" bai gaineratu.

Etxeak Promisioko lurraldea iduri du zinez gori baita. Yannek harat baino lehen "Ea hango egonaldia ikasgarri gertatzen zaidan! A ze goigoiñoaren [3] besta biok ukanen duguna!" eta gisako ibili du gogoan. Zenbait egunez egonen dira bertan, eginbidearen maitasuna egina.
A zer nolako egun urdin eguzkitsuen esperoan!

-Leire ez dagoa? Nehon ere ez dakusat eta.
-Egia! Ez dinat erran?
-Zertxo?
-Bihar etorriko dela.
-Bihar?
-Bai, ba.
-Ondikotz! Baninan gogoan errezibimendua: bikini motza jantzia, gure esperoan eta prestatu freskagarri naturala hozkailuan. Putza!
-Bada, halakorik ez dun izanen, Yann. Sentitzen.
-Nihaurek ere bai. Tamalez, ez hagokea txantxetan, ezta?
-Nahi niken, baiki! Delako freskagarria guk prestatu behar. Baina bera hel dadinean, ezin hobeki izanen gitun! Ez dinat uste lan handirik eginen duenik, baina haren eskasean ere bapo janen dinagu eta bere adiskidantzaren baitan polliki pasako.
-Ezagutzeko irrikitzen niagon!... Ez dun, beraz, gu bezalako makera, ezta?
-Ez; alabaina, badun urdeme, baiki... Putaska xalo sotila dun: aldizkari porno parrasta bat ekarriko bide din; horretaz anitz ikusi-ikasia dinagu. Bere fantasia usuena hainbat morroiren aldetiko masaiaren jasotzea dun, haiek nolanahi ukitzea, alegia. Urdeme arraioa, Leire! Gostuko ukanen dunala uste dinat. Horrela balitz! Onaldietan hortzargiena dun; alabaina, haserretzen bada...
-Denok bezala: odoltxartu eta sumindu, ezta?
-Biziki, gainerat! A! Badun, ba, potret bat etxean! Egun dun ezagutuko, Yann.
-Polliki!

Leire jatekoaz eta etxeko ikuzketaz arduratuko den neska da. Hogoita sei urte dauka. Aspaldidanik langabezian denez, urte oroz joaten da bankantzetxe horretarat: "Ederki pagatzen zionagu ia fitsik ez egiteagatik. Gainerat, bere gisarat ibil diaiteken, erran nahi baita, bikinia soinean ibili nahi baldin bada, ba, dabilela, titi agerika nahi baldin bada, ba, titi-agerika, edo biluzgorririk, edo jantzia, edo nolanahi ere. Aurtengoa azkena izanen din kanpoan ikasteko beka eskuratu baitu. Tamala."

-Igeri-lekua! Mon Dieu! Baina naitekea orai?
-Nahi dunanean, maitea. Ttottek atzo ikuzi zinan. Ez dinat uste atzodanik sobera zikindu denik.
-Ez din inport.

Hortaz, alferraren leloari atxekiz Yannek lehenik biluzi eta bainatzekoa jantzi behar du? Ezta pentsatu ere! Sartzeko irrika biziaren asetzea ez du geroko utzi: horrat hor larrugorritua eta hondo-hondoraino pulunp egina lehenbailehen ur horren ukitua sentitu beharra duelakotz.

-Zeinen pozik hagoen, e?
-Poz-pozik! Uaaa! Gau bakar batean sosak ausarki eskuratu dituen putatzarrik tzar ederrenak bezala nun, no!
-Zer gisa ura?
-Ederki, no! Ene! Sar hadi heror ere!
-Ez, ez; orai, ez. Gauzak etxeratu eginen ditinat.-Ekarriko duna karpeta?
-Orai berean?
-Bai. Benga, La!
-Non utzi dun?
-Konpresen gainean.
-Zein motxilatan?
-Urdinean.
-Luzaz xerkatu behar?
-Ez, guziaren gainean kokatu baititut.
-Fale.
-Ontsa. -Eta harahonakari hasi zaio osorik harrapatu duen piszinari Larak bidaia luzean hainbertze orenez gidatu izanagatik etsia eta lur joa bada ere bien ekipaia airos hartu eta etxebarnerat daramalarik-. Ene, bada! Ene, bada! -Bere gogara ari da, noiznahi luzean, noiznahi hondoan, orotan desnekea sendituz. Hain zuzen ere, gurasoek urean hazi eta hezi baitzuten sortzetik beretik-. Hemendik jalgitzen banaiz, mirari hutsa izanen dun, baiki!
-Sorterrian behinola eskastu zelarik bezala ari da uraren estimatzen-. Bai on paregabea!
-Sakonetik goiti berriz aterea.

Anartean, Larak haraino soinean eraman arropa erantzi eta bainatzekoa jantzi du. Hondartzako begirale edo iduri bide du ezen Yannek bertze muturretik "Oh-là-là! Itoko naizela uste duna?" bota dio, barre-antzean bota ere.

-Honat hemen Leire -portreta erakutsiz.
-Baniaen. -Dzuintaz da arribatu-. Ze polita! Hainbat morroiren gostuko bai, ezta?
-Bai, eiki!

Zorioneko bake adeitsua dario Leireren begitarteari, batez ere morroi ukigarririk arrimu-arrimuan duelarik. Orduan, trankildu eta zirrika hasterat ausartatzen zaio, neska ausarta baita. Ume-umetarik gisa horretan. Konparazione, eskola-garaian, ikaskide bati komunetan zirri egitea eskatu eta ikaskidea poz-pozik halako neskatila pollitak zirri egin behar ziolakotz. Mutilak gero pasarte hura kontatu eta gainerakoek sinetsi ez; haatik...
Morroien haztakatzea oraino ere du kuttun eta guzizko; nolaz sala... morroien nahikara eta ahalkegabekiro haztakatzeak maite-zoraturik dauka, hain zuzen ere arizale pornoen larrutan ikusteak daukan era berean. "Nire irrika nagusia honako gorputz honek -bereaz mintzo- hainbat morroiren haztatzea dun, Lara! Onaldietan, biziki dinat gozatzen; haatik, ilunaldietan ia ezin; baina, "ia" horrek kontsolatu egiten nin."

-Karpeta?
-Koltxonetaren azpian utzi dinat. Ez haiz hirehala hasiko, ezta?
-Eeez!
-Faxa ere jasoa dinat! -pozez eta irriñoz.
-Ze berri? -uretarik atera eta lagunaren ondo-ondoan jarria. Beronen ziskuak tinko dira Yannen gorputz biluzi zipatuak eragin zirraragatik.
-Ez duna xukadera jantziko?
-Ez. Honelaxe nahiago.
-Ontsa. Honat, beraz:
"Arreba maitea:
Zer gisa arribatu haiz bakantzetxerat? Arazorik bidean? Deituko naun edo faxik igorriko didan igorria leitu ondoan? Ea dena zuzen baino zuzenago ari izan zainan; hala espero dinat.
Gu ontsa gitun. Zorionez, oker eta ustekabeko handirik gabe. Sara astebeteko lan-bidaian dinat:
Hong-Kong alderat joan zaidan, zertarat eta Edward Sheriff Curtisez [4] hainbat lizeotan mintzatzerat.
Horren karietarat, hilabete barne edo dun turnatuko. A, ze gogoa! Ezen kanpai-jotze hutsarekin ez dut aski, ez.
Haurra ohi bezain pollita dinagu. Hi ageri haizen argazkia erakusten diogun bakoitzean, "Mattantta Lada" erraiten din. Erogarria!

Zer ari da Yann? Bidaide-gogaide duna? Ohiko goigoiño-jotzaile dinat oraino? Bada, gisa horretako baldin badinat pozgarri zaidan guziz gogoko dudan eta maiz masturbatzen den bertze neska bat delakotz. Agian ez haizen, Yann, sekulan odol-izoztuko!
Eva hautaproba-garaian denez, ia ia ez dinat ikusten: Biblioteka Nagusian hetsia oren andana ederra emaiten din, edo lagunekin zirrika ederki baino ederkiago.
Bo... ea zer ere... Oroit haiza Celestez, aireportuko lagunaz? Bada, bera den taldeak osagarri-baliabideak, haurrendako jakiak eta ikuztailuak Kuba alderat helarazi ditine. Zinez, lan gaitza aireportuko langileok egiten ari direna laguntza nasaiaren helarazteagatik! A, eta honat Celesteren burutazio hau: "Hondartzaren batean larrugorritu, argazki polita Kubaren aldeko argazkilariren batek egin, hor barna saldu eta sosak Kubarendako. Nola deritzak?". Nik polliki, baina... "Bai, motel! Heldu den udaldiko kontua." Komentatu dien langileen aldetiko onespena ezezik, goresmenak ere jaso omen ditin neskak. Zein daiteke kontra Kubako iraultza-denbora honetan hainbertze jende ezinbertzean egoki eta? Bada, zori on!
Bart Therèreserekin egon nindunan, afaltzen. Aurten ez dun Kubarat joanen. "Laguntzaile agertu nahi badut, ez diat zertan haraino joan: bertze lagun batzuekin batean arabiar talde bati laguntzen ariko nuk: nihaurek ere jasoko dinat uzta, baina alokairurik eskuratu gabe; zernahi gisaz, xedea ez duk laguntzea izanen, baina ezagutzea bera. Hortaz, aurten, modari ez. Egia erran, zinezko laguntzaile izan nahi bagara, herrian gelditzearekin aski. Hemendik ateratzen bagara Laguntza ezpainetan, ez duk Laguntzagatik, baina abentura, ezagumenduagatik, jakinminagatik-eta; ederki ziagok hori, baina ez aipatu, otoi, Laguntza: bai, ordea, abentura, ezagumendua, jakinmina-eta... Zinez, aitzinakoiok batzuetan zeinen garen xelebre, gerora ere bai! Halako handikeriak eta, anartean, atso-agureak, elbarrituak, gibeleratuak-eta guziz isolatuak ditiagu.
Laguntzaile gu? Bai, baina ingurukoek txalotuko digutenaren arabera, argazkian ere agertu eta gainerateko aitzinakoiek geure ikusteko... Bo, beharbada, gogor ari nuk, baina ene ustez geure artean itxura handirik ere badela uste dudalakotz duk: janzkera, jarrera, gogoaren baitako kasetea... Egun, honen alde edo aurka egiten dinagu sasoikoa delakotz, bertzenaz aitzinakoi oso ez ginatekeelakotz, "Zer erraiten dute nitaz?", "Ez ote naiz koherente?", "neoliberal bilakatzen ari ote naiz?", "Egokitzen ari ote naiz?"..., erran nahi baita, mezua beti duk elkartasuna, berdintasuna, askatasuna, edo, hobeki erran, berauek eskuindarrek berek ere "defenditzen" dituztelakotz, zapaltzaileen aurka, diskriminazionearen aurka, abortoaren alde, munduko iraultzen alde eta abar eta abarren alde edo aurka. Halaz ere, lehenxeago aipatu pertsonak, hala nola, atso-agureak, gibeleratuak, elbarrituak-eta arras ditugu utziak sartu diguten -edo guhaurek guhauren buruari- aitzinakoi-kasetean ez direlakotz, haietaz interesatu edo-eta arduratu gabe "aitzinakoi" ere garelakotz, eta, nonbait, berau omen duk inportantena ibiltzen ohi garen jendartean." Hemendik goiti, korapilatzerat hasi eta paseiatzerat joan gindunan...

Laura Indiako Tibet alderat joanen dun. Ez omen ziabilkigun dirumurri eta Ladakah alderat dihoakigu, turista, "ea ze berri duten khanpa tibetar errefuxiatuek".
Soulek "Gizonezkoak eta kontrazepzionea" idazlana bururatu berri din! Badun garaia, ezta? Bada, eskuratu bezain fite igorriko dinat. Ez dinat osoki leitu, baina apurño bat, gizonezkoek hautatzen ohi dituzten metodoei dagokiena, hain zuzen ere: Coitus interruptusa eta txapela, oroz gainetik, no. Bahekien? Nik ez.
Dena den, basektomia-kasuak geroago eta ugariago omen ditinagu. Eskuratu orduko dinat pasako.
Bo, laztana, ontsatto eta ohi ez bezalaxe balia festa-egunak, eta aurki artio. Potak non-nahi hiretako eta baita ere Yannendako arrimu-arrimuan baldin badun. Mua!
Albert.
Oharra: Sarak berriki deitu din: ezin hobeki ari dun. Badu lagunik, erran nahi baita, ez ziagon bakarrik eta ezustekorik ekarriko zigun (ez nun, ez, nehongo haurrez ari)-hiri bertatik igorriko. Zertxo izanen ote da?
Bo, pot haboro, eta haboro, haboro, haboro...
Bertze oharño batto ttipi-ttipi baina agertu beharrekoa (ziuraski, "Bai mailua!" ari haiz pentsatzen. Bada, llabur izanen nun: horrat hor pot haboro, haboro eta haboro... Ez, trufatzen ari nindunan. Ea. Aldamenekoa hire harat joaiteaz jabetu eta harendako arroparik ekartzeko galdatu zidan, ahal badun. Zera nahi din: bi bikini hori edo horiska aski eskas, sandaliak, 38, pare bi, jateko zerbaitto, bertako usaiakoa eta, hondarrean, ustekabekoa harendako ere."

-Jatorra, Albert.
-Ene, bada!
-Ez dun hitaz ahantzi, e?
-Segur nun baduela bertan zeinetaz oroitua eta ez ordea nitaz bereziki.
-Zer nahi dun erran?
-Faxa norbaitekin larrua jo ondotik helerazi digula.
-Bada, ez din iduri.
-Labea gorritu nahi zidan, baiki.
-Eta emaztea? Sara?
-A, ze putaska bertzea! Putaska? Gogoan larrutakoa baizik ez duen putatzar karioa! Xoragarria dinat anaia, ezta?
-Xoragarri maltzurra dun anaia.
-Mmm, Yann! Lastima hil beharra!
-Halabehar zirtzila!
Lara hizkuntzalari da. Berriki Okzitaniar Ikasketen Institutuko lehendakariarendako halako lan bat egin du D'Ok hizkuntzarekiko gazte jendearen jarrera dela eta. Aipatu lanean Institutuko lehendakariaren aburuarekin bat dator. Beronen aburuz, musikaren baitan dateke D'Ok hizkuntzaren geroa: "D' Okeraz kantatu rapa eta reggaea geroago eta maizago plazan baldin bada, gazte jende gehiago erakarri eta hizkuntzarekiko jarrera guziz aldatuko dateke". Biziki zoriontsu sentituko litzateke frantses aginteak D'Ok hizkuntzari ezagutza ofiziala emenen balio: "Bizirik irauteko orai dituen arazo larriak ttipitzerat hasiko lituzken". Iguazu aldetik lehengusina batek igorri berri kezkagarriak jaso zituen bezalaxe penatuko litzateke hizkuntza itzulezinezko bidean sartuko balute aginteak eta bizilagunek; aranera, konparazione, Iguazu aldeko oihan ia osoa ere galdu den bezalaxe galduko balitz. "Ez duguia, beraz, han zuhaitzik ukanen 2020. urtean? Ez duguia okzitanierarik ukanen? Frantsesa, ingelesa, espainola, alemana, italiera-eta baizik ez, ala? Putza!"



aurrera segi

Oharrak
[1]Pot: musu, muin.
[2]Makera: emazteki sexuzale porrokatua.
[3]Goigoiño: klitori.
[4]Edward Sheriff Curtis: Estatu Batuetako iragan mendearen
akabailako eta honen hastapeneko indiarren ikerle.