BA AL ZENEKIEN?

San Frantziskon ikasgeletako batez besteko azalera 60 metro karratukoa da. Teresianasen, berriz, 30 m2 izango litzateke Lehen Hezkuntzan eta 40 m2 Haur Hezkuntzan.

San Frantziskon ez dago arazorik ikasgela bakoitzeko 25 ikasle matrikulatzeko. Teresianasen, berriz, segurtasun kontuagatik, bakarrik 14 matrikulatu ahalko lirateke eta estuago egoteko. Ikasturte honetan sartutako D ereduan sartutako 35etatik zazpik atera beharko lukete.

San Frantziskon jangela handia dago, erabili nahi duen oro sartzeko modukoa. Teresianasen, berriz, bakarrik 84 ikaslek erabili ahalko lukete, bi txandatan. Eta aurte 100 ikasle inguru apuntatuta daude!

San Frantziskon apur bat handituz gero, legeak eskatzen duenaren araberako kirol pista egin daiteke. Teresianasen, berriz, ezinezkoa da. Eta auzoan ez dago beste kirol pistarik.

San Frantziskon, euria ari duenean, ezkaratza eta pasabide handiak erabili ahal dira, jolastorduetan. Teresianasen, eremu hestu eta txikiak direnez, 1. eta 2. solairuetako atarteak, irekirik daudenak, erabili beharko lituzkete, erortzeko arriskuarekin.

San Frantziskon, ikasgelak handiak izateaz gain, argitsuak dira. Teresianasen, berriz, askok barneko patio txiki batera eman behar dute, uneoro argi artifiziala erabiltzera behartuz.

San Frantziskon eraikinak beheko oina gehi bi solairu ditu. Teresianasen, berriz, beheko oina gehi lau solairu daude, eta horrek arazoak sortuko lituzke, bai eguneroko mugimenduetan nola ebakuazioaren kasuan.

San Frantziskon suteen aurkako legea betetzen da. Teresianasen, berriz, barneko eskailerak eta zenbait pasabidek ez dituzte betetzen eskatzen diren neurriak, eta hori guztiz larria izango litzateke sutea gertatuko balitz.

Horregatik guztiagatik, Alde Zaharreko ikastetxe publikoa San Frantziskon gera dadin defendatzen dugu, eta ez dugu nahi proposatutako lekualdaketa, ez dielako onik ekarriko ez ikastetxeari ezta auzoari ere, bestelako interes komertzial eta pribatuaren mesedean bultzatu baita.

Aurreko orrira itzuli