Lienz - La Glère aterbea |
Asteburua, |
Tourmalet mendatea. Neouvielle mendilerroa |
Mendilerro honen berezitasuna bere kokagunean datza, Pirinioetako erdiko ardatzetik at dagoelako. Bertoko tontor zenbaitzuk hiru mila metroetatik gora altxatzen dira eta aintzira anitz aurki daiteke tontorrez tontor baldin bagoaz. Gora igotzeko bi hurbilketa garrantzitsuenak Cap de Long eta Aubert aintziretatik zein La Glère aterbetik egiten dira. Bi aldeak Chaunsenqueko Horzkadan bertan elkartzen dira. Geure asmoa, gailurreria erraz batengandik igaroz, bi hirumilako tontor pare bat elkartzea da: Turon (3.026 m) eta Trois Conseillers (3.035 m). Era berean, alternatiboa den ibilbide baten moduan, interesgarria den "AINTZIREN ZEHARKALDIA" egiterik ere bada. Barèges herritik bi kilometroetara, Tourmalet gainera doan errepidea utzi eta HM aldera garamatzan Lienz-eko errepidea hartuko dugu, azkeneko honen egoeraren arabera, erabilgarria izan daitekeena (La Glère aterberaino ditugun bi ordu horiez gain, PLATEAU de LIENZ tokiraino beste ordubete gehiago izan daitekeela jakin beharko dugu, errepidearen egoeraren arabera). LA GLÈRE ATERBEA (2.153 m). Bidezidorra HM norabidean jarraituko dugu. Ordu erdi pasa ondoren, bidegurutze batean, eskuinera doan bidexka bat (La Packe aterbera doana hain zuzen ere) utzi eta HE norabidean segituko dugu, goitik putzu batzuetatik (2.300 m) behera jaisten diren ur-laster batzuk aurkitu arte. Aintziren zonaldera iristerakoan, bi aukera dugu: eskuinetik zein ezkerretik inguratzea. Azkeneko hau eginez gero, CHAUNSENQUEko HORZKADApetik igaroko ginateke, eta Neouvielleko Horzkada zeharkatuz TROIS CONSEILLERS tontorrera iritsiko ginateke (3.035 m). Dena dela, inguratze hori eskuinetik egiten badugu, Det Mail eta goiko zein beheko Estelat aintzirak E norabidean utziko ditugu. Harritza ezkerrera utzirik, blokez jositako zonalde batetik aurrera egingo dugu. Coume Estréte-ra iristen gara, 2.800 metrotan kokaturiko mendi-lepoa, Pic Long eta Roland-en Horzkadaren ikuspegiak bertatik. Ezkerrera joko dugu, hartxintxarrez hornituriko bidezidor batean zehar. Blokez betetako beste zonalde bat, TURON mendi tontorrera (3.026 m) garamatzana. Bi hirumilako tontor hauek elkartzen dituen gailurreria horren zailtasun bakarra, hiru kontseilarien orratzetan datza, sortalde aldetik erraz ingura daitezkeenak. Beste aukera bat zenbait metro jaitsi ondoren, eta diagonalean zeharka aurrera joatea da, elur-zuloak eta harritzak zeharkatuz, NEOUVIELLE HORZKADAra iritsi arte. Hemendik Neouvielle mendiaren HHE-ko izugarrizko ertza ikus daiteke. Eskuinetik abiatuta, ertz erraz batek Trois Conseillers tontorrera eramango gaitu (3.035 m). Aterberako bidea, Chaunsenqueko Horzkadapetik egin daiteke, era honetan "Aintziren Zeharkaldia" betetzen dugularik. |
Kartografia |
|
Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira. |
![]() |
© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa) Euskal Herria - The Basque Country Tlf.: (+34) 943.72.33.85 |
|