Krutzeta eta Belateko mendateak: Mari Jainkosa
haserretu zenean |
||
1995eko otsaila iristerako bigarren etaparen gorabeherak aztertuta genituen. Altubeko gainetik Oderiaga mendiko kordalen lerrokada jarraitu behar genuen Egiriñaoko aterbeetaraino iritsi arte. Etapa luzea eta gogorra zen hura, eta are gogorragoa bihur zatekeen Gorbeiara igoz gero.
Martxoa iritsi zen eta elurrak zuri kolorez margotu zituen zelaiak. Autobusera igo baino lehen, etapa hau egiterik ba ote zegoenentz komentatu genuen. Mendien mazeletan zegoen elurra zela eta, etapa luzeago bihurtuko zelakoan geunden. Autobusean geundelarik, irratian Altube mendatea itxita zegoelako albistea eman zen. Etxera itzuli beharrean, azkenean, haren ordez Krutzeta-Arlaban etapa egitea erabaki genuen. Ibilbide motza zen, egoera normaletan laburregia izaten den horietakoa. Egoeraz baliatuz, zergatik ez egin aldaketa hori? Autobuseko jendea ados jarri eta Krutzeta aldera abiatu ginen. Irratiak berriz, berri txarrak eman zizkigun; Krutzeta ere zerratuta zegoen. Hala ere, mendatearen magaleraino iristea erabaki genuen. Handik gora zeuden lau kilometroak oinez bete genituen. Elur-irina ari bazen ere, eguraldia ez zen espero genuen bezain zakarra. Geroago, Jarindo aldera gindoazenean, egoera onean zegoen elurra topatu genuen, haizeak ez zuen bortizki jotzen eta ia arazorik gabe jo genezakeen aurrerantz. Ordu bata aldera Arlaban mendatean geunden. Mariren haserrea zela eta, bitarteko etapa bat amaitua zegoen. Bederatzigarren etaparen kasua ordea, logikoagoa izan zen nolabait. Belateko gainak izugarri haizetsuak izan ohi dira, eta jada etapa prestatzerakoan ohartaraziak izan ginen.
Ibilaldiaren egunean Belatetik hasi bezain laster, mendizaleetako batek orkatila apurtu eta etxera bueltatu behar izan zuen. Saioara iritsi baino lehen haizeak oso zakar jotzen hasi zen. Artesiagara jaisteko zidorra hartzen den lepoan, hain bortitza zen haize-lasterra ezen lurretik herrestan iragan genuen ataka. Taldea, lurrarekiko 45º-ko angelua osatuz ibili zela erakusten duten argazkiak ere badira. Artesiagan, lagun batzuk Eugira errepidez jaistea erabaki zuten. Gainerakook Argintzo mendi alderantz abiatu ginen, haizeak alde batera eta bestera gogorki bultzatzen gintuen arren. Urkiaga mendatera iritsi ginenean, eta gure arteko inork horrelako haize zakarrik aurretik ezagutu ez zuela komentatu zen. Mari Jainkosa haserre zegoen berriro, aidean lizar hostoak izan bagina bezala mugiarazi gintuelarik ...
Luismi GLEZ. Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira. |
||
![]() |
||
© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa) Euskal Herria - The Basque Country Tlf.: (+34) 943.72.33.85 |