Ezkurra - Ezkurra (1.142 m) -
Iruñarri (1.051 m) - Zubieta (210 m)

—Igandea,
1998ko otsailak 15—


 Iraganaren bila: Eskaineko harrespilen eta
 Iruñarri zutarriaren bila


Eskaineko harrespilen eta Iruñarri zutarriaren bidea, gure geografian zehar geratzen den ibilbide interesgarrienetako bat da ezbairik gabe.

URUMEA ibaiaren sorburuan bertan, Ezkurra gainetatik, Erakurriko hegien norabidea pagadiek estaliriko erreka sakonetako sorburuek markatzen dute.

ERAKURRI eta IRUÑARRI mendien artean kokatzen da ESKAIN lepoa. H-ra, Ezkurrako errekastoa Bidasoaren bila abiatzen da. I-ra, uholde sakonak, ZUMARRESTA bailararen bila urrutian galtzen dira.

Eskain lepoa 965 m-tan kokaturik dago. Bat baino gehiago dira historia-aurreko estazio honetako harrespil edo mairu-baratzak, baina guztien gainetik, mendi-lepoa gailentzen duena da harrespilik nabarmenena, eta horren nabarmenki gailentzen du ezen bideak harrespilen zirkulua zeharkatu behar duen, Iruñarri mendiarean mazeletarantz, transhumantzia ibilbide zahar bati jarraiki.

Harrespil hau, garaia, harri handietakoa da eta baita hileta-zirkulu hauek gure arbasoen kulturan, denbora luzez irarri zuten indarraren azalpenik nabarmenena ere.

Garai haietan, inguruotan azienda zuria (artaldeak), zaldi eta behor aziendak bazkatzen dira. Eta orduango bideak dira gaur egungoak. Eta duela milaka urte, eta gizaldietan zehar gizakiak jarraitu zuen ibilbidea, mendi hauetako pasabide estrategikoen bila bagabiltza, gu gaur behartuta zapaldu beharko dugun bide bera da.

Ezbairik gabe, gizakia iragaiten den bitartean, harriek diraute. Eta irmotasun horixe bera da gu, batzuetan, harri eta zur, pentsakor uzten gaituena.

EZKURRA (547 m).
Elizaren atzealdetik, IIM-rantz, Erakurrirantz doan gorako bidea hartuko dugu. Herriaren gainetik 300 bat metrora, sakanaren barneraino iritsi eta errekaren bertze ertzetik gorantz jarraituz, tontorrera zuzen (1.142 m) helduko da.

Mendi-gailurreria E-rantz, Eskain izeneko lepo garrantzitsuraino jarraituko dugu. Hemen baitatza harrespilen estazioa. I-an LOITZATE eta EKAITZA mendien bizkarregia ikus daiteke, sortalderago, MENDAUR bera nabarmentzen delarik. H-an, OTSOLA bailaratxoko mendiak daude: ARNAIZA, IREBER, BEIGAÑE...

Bada hegian zeharka, mendiaren H. isuraldean, IRUÑARRI zutarriaren ondora epe laburrean garamatzan bidezidorra. Alde batean tontorreko gailurreria; eskuinaldean pagadia. Basoaren ertzetik ibili behar da, txilarren artean ihes egiten duten zidor estuak jarraituz.

Edozein unetan, H-rantz, hegiak aldapari paso ematen dion tokian, ikusiko dugu Iruñarriko zutarria, nork daki?, Euskal Herriko ederrena agian.

1.000 m-tan kokaturik, Mendaur mendi urrunaren profilean mozten duelarik, iraganarekiko gure elkartzea da.

Ia 3 m-ko garaiera, eta metro bat baino gehiagoko zabalera izanik, duen kokalekuagatik inguruko mendiekiko, EKAITZA-tik ZUPARROBI-rainokoekiko, talaia ezin hobea eskaintzen du.

Baina gure bidetik jarraitu behar dugu. Horrexegatik IE-rantz aldatuko dugu norabidea, SORGINZELAIA izeneko tontor eta lepora (850 m) iristeko.

Hurbil da Txiloko sakana, ARTIKUTZAko Berezko Erreserba sartzen den pasabidea, Zubietatik Loitzateraino, eta LOITZATEKO ATAKA izeneko horzkada bitxira iristeko beharrezko bidea. Baina egunen batean hauxe, bertze ibilaldi bateko kontua izanen da...

Sorginzelaia lepotik, HE-ko norabidean irteten den bidea aurkitzea baino ez zaigu geratzen, ZUBIETA herri politera iristeko, bera baita gaurko gure ibilbideko amaiera.


 Kartografia


  • Pays Basque Ouest. Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 85. ibilbidea. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 1. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1991).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities