Zuberoa, Euskal Herriko lurralde ttipiena, doi-doi iritsia da 2001. urtera.
Zuberoak dituen 765 km2-ak, azken urteko errolden arabera 13.471 biztanlek osatzen dute, non 10.000 biztanleen galera
jasan zuen joan den mendean eta horietatik 1.000 azkeneko 20 urteetan.
Honenbestez Zuberoaren iraupena dago jokoan eta ekonomiaren bultzada ezinbesteko baldintza gertatzen da helburu
horren lorpenean.
Egun, Zuberoako ekonomiaren ardatzak honakoak lirateke;
Maule hiriburua da Zuberoako ekonomiaren gune nagusia, bertako industrian espartingintzak duelarik garrantzi berezia.
Ekonomiaren beste sostengua, mendiko laborariak dira. Etekin maila altuenak, ardi esnea gasnatzetik datoz,
eta kalitatearen adierazgarri gisa "le fromage basque" deritzon sormarka erabiltzen dute. Arlo honetako
beste adarra, haragitako behiaren ekoizpenetik dator, azken garaietan behi eroen krisialdiaren eraginpean dagoena.
Euskal Herria 2010. lurralde eskema; 1994 an sortutako proiektu honek zera du helburu: Donapaleu,
Atharratze eta Maule bezalako herriek, hiri txiki baten entitatea izatea. Horrela jendearentzako zerbitzu
publikoak eskaini dituzte, jendeak behar horiek ase ditzan kanpora jo gabe. Bestetik, azpiegitura
zabalak eratu eta garatzearen proiektuak daude. Honekin, jendearen mugimendua bultzatuko da, eta bai enpresen
eta bai zerbitzuen, eta oro har, aktibitate ekonomikoa azkartzeko aukerak piztuko direlarik.
10 urteko plana; Aurreikuspen ilunak etorkizunari begira eta honi aurre egiteko 2000. urtetik hasita, hamar
urteko plan ekonomiko bat diseinatu dute Herrien elkargoak (Maule eta Atharratzeko kantonamenduek
osatutako egitura) eta ODACE-k (tokiko ekonomiaren garapenaz arduratzen den erakundea). Bere gain hartu
dituzte birmoldaketa astun honetan zeregin ugari, besteak beste, lantegi guneak antolatu, enpresatako eraikinen politika
garatu... helburua epe honetan 600 enplegu sortzearena litzatekelarik (400 industrian eta 200 zerbitzu alorrean).