Lagran (756 m) -
Palomares (1.446 m) - Biasteri

—Igandea,
1993ko maiatzak 9—


 Palomares mendia: Kantauriko Mendiako gailurra


Kantauriko Mendia, segur aski, Euskal Herriko Mendirik originalenetarikoa eta homogenoenetarikoa dugu. Harresi erraldoia da, bere bi isuraldeetan harritzarrak goitik behera begira dituena, Trebiñoko Konderriaren hegoaldean dagoen Errioxa Arabarra eta iparraldean dagoen Santa Kurutze Kanpezuko bailara bereiziz.

Palomaresen gainean
Palomaresen gainean

Arraroa da halako gailurreria luzeak hain erosio bortitza izatea bi isuraldeetan; honek, horrela, gailurreriari erdi eta behe mendian gutxitan ikusten den zailtasuna ematen dio.

Palomareseko bide osoa, Toroko lepotik Recillako atakara esperientzia maila ona eskatzen dio mendizaleari, 2. eta 3. mailako pasabideak gainditu beharko ditu eta.

Santa Kurutze Kanpezu eta Bernedotik igaroz, Kantauriko Mendiaren ipar magalean dagoen Lagran herrira iritsiko gara.

LAGRAN (756 m).
CASTILLOra (1.432 m) H-rantz abiatzen den lurrezko pista batetik abiatuko gara, eta lehenengo bidegurutzean eskuinera joko dugu, garitza bat inguratuz eta ekilorez beteriko soroa atzean utziz. Recillako lepora abiatzen den bidearekin bat egingo dugu. Bidegurutze batera iristerakoan, eskuinera eta beherantz doan bidea hartuko dugu, ur fresko-freskoa ematen duen LATXITURRI iturrira iritsi arte. Aspaldian euskara galdu zuten herritarrek gordetako euskal leku-izena.

Marka zuriek pagadian zehar jarraitu behar dugun bidea adierazten digute; bide zaharretik jarraituz gero, Pipaonera doan bidezidor zaharrarekin topo egingo genuke. Pagaditik irteterakoan, beste bide bat aurkitzen dugu. Zeharkatu eta bertan hasten dira marka zuri-horiak, sasiz eta ezpelez inguratutako bidezidorretik gora eramaten gaituztenak (HE norabidea).

Atzera begira, Cervera mendia
Atzera begira, Cervera mendia

Inguruan bihurgune asko egin ostean, Palomareseko paretetara garamatzate. Bi gezi zuri ikusten ditugu, eta ezkerrera doana hartzen dugu. Marka zuri-horiak jarraituz lepo txiki batera iritsiko gara. Trepadatxo bat (1. mailakoa) eta PALOMARESeko puntan gaude (1.446 m).

Mendiaren hormak ordokirantz zuzen zuzenean jaisten dira, Biasteri herria agerian agertzen den ordeka. Postontziak mendi bota baten itxura du. Urrutian, Burgos inguruko mugan, San Lorenzo mendia ikus daiteke.

Trepadatxoa atzera egin eta marka zuri-horiak ikusi genitueneko puntura goaz, berriz Latxiturri iturriaren gaineko pistaraino iristeko. Zenbait zuhaitzetan, marka gorriak ere ikusiko ditugu. Bide horretatik segi (ezk.) HHM-rantz, ezkerrera joateko agintzen digun gezi gorri bat aurkitu arte. Bide hestu honek Recillako leporaino garamatza, haritzez eta sasiz inguraturiko aldapa igoaz. Lepoan gaude, ezkerrean RECILLA (1.381 m) dugu, eta eskuinean biribildutako CERVERA kaskoa (1.384 m).

Behean, Biasteri ikus daiteke eta harantz jaitsiko gara pista-bide bat erabiliz. Bertan laburbide batzuk ere erabil daitezke. Biasteriko zezenketetarako zezen hazienda ere hemen aurkitzen da. Trikuharri batzuk, San Juanekoa esate baterako, edo Bilarren aurki daitekeen La Choza de la Hechicera izenekoa, inguruetan ikus daitezke.

BIASTERI, harresiz inguratutako hiria, ibilaldiaren amaiera.


 Kartografia


  • Haro, 170. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


La Chabola de la Hechicera trikuharria, Bilarren
La Chabola de la
Hechicera trikuharria,
Bilarren
  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 4. ibilbidea. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Euskal Herriko Dolmenak. Angel Armendariz. Kriseilu (1988).
  • Carta Arqueológica de Álava. Diputación Foral de Álava (1987).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities