La Renclusa aterbea - Aneto
(3.404 m) - Maladeta (3.308 m)

—Asteburua,
1996ko ekainaren 15-16an—


 


GEOLOGIA MITIKOA

Liburu itxiak diruditen harkaitzak. Orrialdeak eta pleguak zenbatu litezke. Izan ere, liburuak dira, uholde handiaren historia biltzen duten liburu misteriotsuak. Beren marmolezko orriak zabaltzerik bagenu, garai bateko sorkuntzaren formak ikusi ahal genitzake, eta animalia bitxiak, zuhaitz eskergak.

Victor Hugo, Auñamendira egindako bidaia (1843).


 Aneto: Pirinioen Gailurra


MALADETAko mendiguneko mendia izaki, Montes Malditos-eko eta Pirinioetako punturik garaiena da.

Mendikateako H isuraldean egon arren, bere gailurren lehendabiziko igoerak I. isuraldetik burutu ziren, mendikateako erdiko kordala zeharkatuz. Gaur egun, ohiko ibilbidea BENÁS-eko (Benasque aragoeraz) bailaratik irteten da, Esera ibaiaren arro garaia errepidetik igotzen delarik; hori dela eta, antzina erabilitako bidezidor zaharrak baztertuak dira.

Aneto mendia, mendi astun eta mardula, eskiatzaileek zeharkatua da ekainaren amaiera bitarteraino, 1.600 m inguruko jaitsiera eskainiz mendiguneko IE-ko hormagunean zehar.

Coronas-eko lepotik aurrera, azkeneko malda aldapatsuek bi isuraldeen gaineko bista ezin ikusgarriagoa eskaintzen dute. Bat-batean antigoaleko izen zaharrekin topatzen gara, BALLIBIERNA (neguaren harana esaten zaio, bailara hotz hau hormagune batek sortutako harana dugu), Maladeta, Tempestades, Maldito, Cregüeña ... Horzkada estuek eta gailur dislokatuek izotzez eta granitoz osaturiko anabasa honen laztasuna adierazten dute.

Mahomaren pasabidea
Mahomaren pasabidea
—© Manuel Andrés—

ANETO (3.404 m).
Benás-eko bailara errepidetik jarraituz, bidegurutzean bainu-etxera doan bidea hartu bezain laster, Esera ibaia gurutzatu gabe, arroaren eskuinaldetik jarraitzen duen asfaltatuzko pistatik abiatzen gara; pistak PLAN DEL HOSPITAL ordokiko ibia zeharkatzen du, eta ibaia jarraituz PLETA DE LA RENCLUSA (1.900 m) belardian eta artzantza lekuan amaitzen du.

Zidor zabal batek basoaren azkeneko aztarnetan zehar LA RENCLUSA-ko aterbe zaharrean 45 minututan eramaten gaitu.

Zelaiak H norabidean zeharkatzen dituen bidezidor nabari batetik abiatuko gara, La Cresta de los Portillones izeneko gailurreriarantz hain zuzen. BEHEKO eta GOIKO aintzirak atzean utzi beharko ditugu. Denboran zehar harriek belarra ordezkatu dute harri bloke handiz osaturiko labirintua eratu arte, non markaturiko bidea jarraitu beharko dugun.

Aintziretatik, ANETOko HORMAGUNE-an barrena sartuko gara. Hormagunea zeharkatzeko ibilbide egokia hormagunearen egoeraren arabera izanen da: elurra behar bezain gogor baldin badago, norabide diagonalean zeharkatuko dugu (HE.); izotzak igoera zailtzen badu hobe dugu H norabidean PICO MALDITO alderantz igotzea, ondoren HE-an hormagunearen goialde ia ordeka zeharkatuz.

Bi aukera hauek CORONAS lepoan elkartzen dira (3.198 m). Elurrez estalitako azkeneko aldapa besterik ez zaigu geratzen, hain ezaguna den MAHOMAREN ZUBIra iristeko. Harri gotorrez osaturiko ertz estua da, arazo handirik ematen ez duena elurrak edo izotzak harriak estali ezean.

Anetoko gainean
Anetoko gainean
—© Manuel Andrés—

Zubia igaro bezain laster, elurrez estalitako piramide erako tontorrera iristen da, ANETOren gaina (3.404 m).

MALADETA (3.308 m).
Ezkerrean utziko dugu Portillón Beheko eta Goiko aintziretarako ibilbidea, Maladetako hormagunean barrena sartuz. Hormagunea gaindituko dugu, tontorreko piramidea eta M-ko ertzak sortzen duten horzkadara iristeko.

Elurrez estalitako aldapa gogor batek LA RIMAYAko (3.225 m) leporantz zuzentzen den kanal nahasira garamatza. Hemen ezkerrera joko dugu (E.) gailurreriatik edo H isuraldea estaltzen duen harritzatik tontorreraino jarraituz.

Jaisterakoan, hormagunea saihestea posible da. Horretarako, gailurreria jarraituko dugu, markaturiko ibilbidea jarraituz, Collado Maldito leporaino iritsi arte. Hemendik Anetoko hormaguneraino jaitsi daiteke; Portillones-eko aintziretatik igaroz La Renclusara jaitsi daiteke.


 Kartografia


  • Maladeta-Aneto. Editorial Alpina. Eskala: 1:25.000.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities