Cobixar de Biadórs - Bachimala |
||
Asteburua, | ||
|
||
Posets edo Llardana |
||
Pirinioetako bigarren gailurrik garaiena, MADALETAko bere anaia bezala, Posets edo Llardana batolito granitiko handia dugu; tontorretik BIADÓRS-EKO GRANJAK 2.000 m gorago dagoen talaiatik gailentzen ditu, ESTÓS-EKO ATERBEA ere 1.500 m baino beherago ikus daitekeelarik. Bere isuraldeen proportzioak nekez irudika daitezke Pirinioetako kate estuan, eta bere garaiera, dagoeneko kontuan hartzekoa, itxuraz handiagoa dirudi aldameneko mendietatik bakarturik dagoelako. Misteriotsu, beldurgabe, Posets mendiak ez du ez erraztasunik ematen mendizaleon zaletasuna erakartzeko eta bereganatzeko. Igoera luzea da. Hala eta guztiz ere, oso atsegina bihurtzen da, mamu bakarti honen intimitatean samurki sartzea gustuko jarduera bilakatzen baita. Hautsez estalitako zenbait hormagune zaharrak, eta bertako harritza erraldoiek monotonia zirrara sortarazten digute, basamortuetakoak legez, errespetu handia eragiten dutenak. Bai uda, bai negua izan, mendi honek bere baitan sar gaitezen merezi du, gure begien aurrean Pirinioetako ikuspegi eder eta zabalenetariko bat eskaintzen baitu; so bakar batez Balaitous-etik Ariègeko tontor garaietaraino ikus daiteke. Posets-eko mendigunearen inguruan kokatzen diren herri garrantzitsuenak ondokoak dira: BENÁS (Benasque), CERLER, ERISTE eta SAÚN (Sahún). Herri hauetan bizi den jendea xumea da. Ekonomia nagusiki basozaintzan, abeltzaintzan eta turismoan oinarritzen dutelarik, arazo bat sortu zaie azkeneko urte hauetan; Bal de Chistáu (Gistáu) Europa osoko hobekien gorderiko inguruetako bat izaki, La Pez-eko mendatetik Pirinioak zeharkatuko dituen linea elektrikoaren aurka azaldu dira chistabinoak, inguruari sortuko dizkion kalte ekologikoak eta paisajistikoak direla medio. ZINQUETAren urbazterrak jarraitzen dituen pista hartuz, PLAN-etik (1.120 m) LLANOS DEL CAMPAMENTO ordekaraino oinez abiatuko gara. Pista, ibaiak egiten duen antzera, bitan banatzen denean, eskuineko bidea hartuko dugu Biadórs-eko aterbean (1.760 m) amaituz; bertan ere kanpa daiteke. COBIXAR DE BIADÓRS (1.760 m). Beti E norabidea mantenduz, eta errekaren ubidetik pixka bat urrunduz, basoa eta zelaiak zeharkatuko ditugu; hauen ondoren harritzak dira nagusi. Bidezidorra desagertzen denean zedarriak (hitoak) izanen dira sigi-saga dabilen bidea erakutsiko digutenak. ESPADASetik jaisten den haitz-mutur bat zeharkatu eta FORAU DE LLARDANA zulora iritsiko gara, non ubidea zeharkatuko dugun; ostera morrenak aurkituko ditugu eta ia desagerturik dagoen hormagunea ondoren. Izotz-esparrua igaro bezain laster (izotzik balego) elurtegiak eta harritzak zeharkatuz I-an igoko gara mendebaldeko paretaren aldera. Hegi malkartsuan barrena sigi-saga marraztu den bidexka jarraituz IPAR PUNTAra iritsiko gara (3.325 m). Gailurreria muxarratua eta mendi-bizkar nagusiaren ingurua, noizean behin, kable edo soka finko batez horniturik dago. Hala ere, batzuetan eskuak erabiliz, H-an, POSETS-LLARDANA tontor nagusira (3.375 m) eramango gaitu. BACHIMALA. M-ra joko dugu, Siñal de Biadórs-eko LEPOra daraman sakana igoz. Ondoren, I-ra aldatuko dugu, haitz-mutur harritsuaren magalera iritsiz. Irtenune malkartsu bat gaindituko dugu; IM norabidea jarraituz eskaileren antzeko zenbait plataformetatik pasatuko gara. Ondoren IE-ra joko dugu, gailurrerian amaitzen den kanal batean irtenez. Tarte honek lurrazal irmoan eta finkoan eginiko trepada atsegina damaigu. PUNTA DEL SABRE izeneko tontorrerantz abiatuko gara (3.136 m). Orain arazorik ematen ez duen ageriko ertz bat aurkituko dugu. Hauen atzean BACHIMALAko piramide harritsua datza (3.174 m). |
||
Kartografia |
||
|
||
Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira. |
||
![]() | ||
© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa) Euskal Herria - The Basque Country Tlf.: (+34) 943.72.33.85 |
||
|