La Tesla Mendia. Bisjueces (640 m) - La Tesla (1.332 m) - Puente Arenas (580 m)

—Igandea,
1999ko urriak 17—


Nekazari naiz, idazten duena, lurra maitatu, idatzi, zulatu, irakurri, amets egin, sasoian fruituak bildu, irakurri, idatzi, inausi, irakurri, idazten duena. (Itzl.)

—PABLO ANTOÑANA

 
 

Gerizondoaren malkoak / gorriak dira
baina, ez dira tristeak / pozean urtzen dira
haurrak horzkatzean / haien irrifarre betean

—ANDONI SALAMERO—


 La Tesla Mendia eta Valvidielso Bailara


LA TESLA Mendia, 1.300 m garaieran altxatzen delarik, Burgosko Las Merindades izeneko eskualdeko talaiarik garaiena dugu.

Las Tesla harresi naturala da, eta bere baitan VILLARCAYO eta MEDINA DE POMAR —inguruko bi herri garrantzitsuenak— kokaturiko zabaldi edo ordoki handia hegoaldetik barneratzen ditu.

VALDIVIELSOko MERINDADE edo BAILARA, eskualdeko ingururik ederrenetatiko bat dugu. Arro erditik dabilelarik, Ebro ibaiak Valdivielsotik sartu aurretiko eta irten ondorengo La Teslaren mugak marrazten duten bi zintzur handiak, (LA HORADADA eta LOS HOCINOS) delakoak, milaka urtetan zehar sortu ditu.

Eskualdeko jabego historiko-artistikoa garrantzitsua da: EL ALMIÑÉ eta VALDENOCEDAko eliza erromanikoak, TOBA eta QUINTANA DE VALDIVIELSOko ertaroan eraikitako gaztelu eta dorreak... hala ere, monumenturik garrantzitsuena zalantza izpirik barik PUENTE ARENAS-en kokaturik dagoen SAN PEDRO DE TEJADA-ko eliza erromanikoa dugu.

BISJUECES (640 m).
Bi epaileren figurak erakusten dituen herriko eliza-atari plateresko ederretik abiatuko gara —eta horrexetik datorkio izena herriari, bis-jueces, hots, eliza-atariak bi epaile izateagatik. Bi epaileok CASTILLA LA VIEJA zaharreko Nuño Rasura eta Laín Calvo epaileak izan ziren.

Elizaren ondorengo bidegurutzean, mendirantz zuzen jarraituko dugu, eta arte, ipuru eta sabinen artean garamatzan bidexka batetik mugituko gara. Bide-zidorra estua izan arren nabaria da eta apurka-apurka malda gehiegirik erakutsi gabe H-rantz doa. Pista batetik topatuko gara, eta ezkerretik jarraituko dugu oraingoan. Bihurgune itxi batera iritsitakoan, pista utzi eta sasien arteko bide-zidor batetik H-rantz zuzen eta aurrera jarraituko dugu.

Bideak HM-tik ekin ondoren, mendiaren pareko bailaratxo batetik gora igoko da. Honen burura iritsi baino lehen, eskuinerantz egiten duen bide-zidorra hartu beharko dugu, eta sigi-saga gorantz eginez HAIZEAREN TUNELera (1.000 m), haizeak harrian egindako zubi naturalera iritsiko gara. Bide-zidorrak ezkerretik jarraitzen du, bigarren bailaratxo bat gainditu eta mendiaren gainaldera iritsiz.

LA TESLA gaina (1.332 m), PEÑA CORVA izena ere baduena, gailurreria berean ekialderantz bi bat kilometrora kokaturik dago. Gainean ERPIN GEODESIKO bat eta POSTONTZI ALPETAR bat daude. Kantabriar mendikateako eta Castilla La Vieja merindadeko ikuspegi ederra. IE-an, euskal mendiak ikus daitezke.

Tontorretik abiatuta gailurreriatik apur batez atzera itzuliko gara, zuzen PILAS-eko (1.100 m) baselizara jaistearren.

Hemendik behera bide-zidor bat HM-rantz jaitsiko da, geroago M-rantz doan pista batetik topatu arte. Pistatik jarraituko dugu, eta norabidea galdu gabe, pistak ezkerraldera eginez, hersgune batetik igaro eta VALDIVIELSOko bailara zabalera irtengo da. Bidegurutze batean ezkerretik egin ondoren, PUENTE ARENAS herrira (580 m) iritsiko gara.


 Kartografia


  • Villarcayo, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Escala: 1:50.000.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities