Ibardin gaina (317 m) - Larrun (900 m) - Sara

—Igandea,
1994ko martxoak 13—


 

"[...]
Erraiten du Aristotelek, on dela, alferkeriaren herritik khentzeko, eta desterratzeko: eta herrien ere bere erregeren edo bertzeren kontra iaikitzetik begiratzeko, zenbait obra handiren hastea, zenbait dorreren edo gazteluren egitea, eta hetan iendearen enplegatzea (Arist. lib. 5 Politic. cap. 11). Nola ageri baita Ejiptoko Piramidetan, zein eragin baitzituen errege Faraonek, iendeak alfer etzeudezin amoreakgatik.
[...]"

AXULAR-en Gero-tik.


 Lapurdi. Urruña eta Azkaineko bailaretan zehar


Lapurdiko lur eta eremuetako ezaugarrietako bat, euren mendien indibidualtasuna eta baserriz zipriztindurik dauden muinoen samurtasunaren kontrastea da.

Lapurdiko mendi guztietatik, Larrun kaskoaren ziluetak geure begirada erakartzen du, bere ertzen inguramena eta hain originala den itxuraz gain, gogorgarri ugariez babestua dagoelako.

Ibardin mendatean bertan GR-10 Ibilbide Luzeko Bidezidorrarekin topatuko gara, mendiz mendi, lepoz lepo Hendaia eta Port-Bou herriak elkartzen dituena.

IBARDIN gaina (317 m).
Bazar eta bitxikeria-dendaz beterik dagoen muga mendatea. Iparralde aldera metro batzuk jaitsiz, alanbre-hesi baten ondoan igotzen den bidezidor bat hartuko dugu. Urruñako bailaran sartzen ari gara.

Ordeka batera iristerakoan, baso baterantz sartuko gara, harrizko blokez bloke, INTZOLA ERREKAren parean jarraituz.

INTZOLAKO BENTAra iristerakoan, zubi txiki bat igaro eta zidor estu batetik pasako gara. Orain GR-10ak errebolta ederra emango du I-tik. Ez da oso logikoa, baina beran jarraituko dugu Azkaineko herrira irits gaitezen. AZKAINEn Gîte d'Étape aterbe bat dugu aukeran; neguan itxita dago.

Erreka berriro gurutzatu eta ebakitako zuhaitzen enborrak eta sustraiak geratzen diren malda batetik igoko gara. Laster bidezidor bat azalduko da gure aurrean, aldapa oso gogorrean eta HE-ko norabidean Larrun mendiko maldetara eramango gaituena. Bertara igotzeko TROIS FONTAINES (563 m) lepora iritsi behar da, bidegurutzea. 3 bide irteten dira lepo honetatik:

  • Badugu Azkainera jaisten den bidezidorra.

  • Beste batek Larrun mendi tontorrera eramango gintuzke, aldapa gogorrei aurre eginez 350 metrotako garaiera gaindituz. Itsasaldeko eta inguruko mendietako bista ezin hobea. Taberna batzuk ere tontorrean aurki daitezke.

  • Eta azkenik, Sara herrira doana ere badugu nahi duten guztientzako, gezi zuri batez seinalatuta.

LARRUN (900 m) mendira igotzea ez da inolaz ere derrigorrezkoa. Gora igo gabe, ibilaldia ordubetez moztu daiteke.

Pedro de Agirre, Axular
Pedro de Agirre,
Axular, Gero liburuko
marrazkian.

Jaitsieran SAN IGNAZIO lepotik datorren kremailerazko burdinbidea gurutzatu behar dugu. Burdinbidearen eskuinetik, borda bakarti batera doan bide bat ikus daiteke. Hemen eskuinera jo eta harriz jositako pista batetik behera jaitsiko gara, porlanezko pista batekin topatu arte. Sara inguruko baserri ederrak azalduko dira puntu honetatik aurrera.

Bihurgune batean utziko dugu guk erabilitako pista eta ezkerrerantz doan bidezidor bat hartuko dugu, baserri baten ondotik igaroz. Ondoren, Azkainetik LIZUNIAGA lepora doan errepidea gurutzatu eta aurrean Sara herria dugu. Ibilaldiaren amaiera herriko plazan, frontoia aurki baitaiteke bertan.

SARA, urte askotan Euskal Herriko gaueko lanaren (kontrabandoaren) hiri nagusia izandakoak, 1643. urtean bertako apaiza zenak idatzitako "Gero" liburuaren jaiotza ikusi zuen. Pedro de Agirre —AXULAR— apaizak idatzitako liburua euskal literaturan idatzitako garrantzitsuenetakoa dugu. Herri honetan ere igaro zituen Joxemiel BARANDIARAN ataundarrak bere erbestaldi urte luze horiek. Bien oroimenez, plaka bana dute eskegita Sarako elizako ormetan.

Elizaren inguruko hilerria ere ikustea merezi du.


 Kartografia


  • Pays Basque Ouest. Eskala: 1:50.000.
  • Irún, 41. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Vera de Bidasoa, 65. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Larun (PR/NA 13). Bailara lasaiak. Bertiz Partzuergo Turistikoa.

 Bibliografia


  • Panorámicas - Montes de Euskal Herria. Miguel Angulo. Sua/Elkar.
  • Larun (PR/NA 13). Bailara lasaiak. Bertiz Partzuergo Turistikoa.
  • Euskal Herria. Mendiak eta Historiaurrea. Jacques Blot. Elkar (1993).

 Eta informazio gehiago amaraunean:




Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities