Orbaitzetako Ola - Mendizar - Edurretako Andre Maria Baseliza

—Igandea,
1994ko ekainak 19—


 Iratiko Basoa. Aezkoa eta Zaraitzu ibarraren artean


Nafarroako Piriniar katearen ezaugarrietako bat basoz eta goialdeko hazkuntzez beteriko lur esparruak izatea bada, ezaugarri hau AEZKOA eta ZARAITZU ibarretan argi eta garbi ikus daiteke. Gaur egingo dugun ibilbideak, bi bailarak elkartu nahi ditu, Kantauri eta Mediterraniar itsasoetara doazen urak banatzen dituen mendilerroa jarraituz hain zuzen ere.

Orain ez dela urte asko euskaldunak ziren eskualde hauek, euskara berreskuratzen ari dira pittin-pittinka. Aezkoan Aetza galdurik eta Zaraitzu ibarrean Zaraitzuera, hor dihardute talde batzuk bertako kultura eta mintzaira berreskuratzearen alde.

Orbaiztako Ola
Orbaiztako Ola

ORBAITZETAko OLA, Independentzia Gudan frantziar armadak suntsitua izan zen. Karlistek berreraikia, 1.884 urtean armak egiteari utzi zion. Gaur egun, ola zireneko hondakinak ikus daitezke, azkeneko urteetan egin izan diren sasi garbiketei esker.

LIZARDOIAko BEREZKO ERRESERBA, pagadi eta izeidi birjin bat duena, Nafarroako Gobernuak gehien babesten duen erreserba dugu. Horregatik Izadia zain dezagun, bidean eta erreserban gure aztarnarik utzi gabe, mendiak eta erreserbak gure ulermena merezi dutelako (zaborra, zigarrokinak ... etab., guztiak etxera gurekin bueltatuz).

ORBAITZETAko OLAko AUZUNEA (840 m).
Plazan gaudela, elizaren ondotik irteten den pista bat hartuko dugu. AZPEGIko txaboletara iritsi orduko, GR-11 eta GR-12ak ezkerrerantz Ibañeta eta Auritz aldera doazela ikusiko dugu. Guk, ordea, pista nagusia jarraituko dugu.

212. zenbakiko mugara iritsi baino apur bat lehentxoago (ORGANBIDE mendi-lepoa) eskuinaldera doan bide bat hartuko dugu, zeinek MENDILATZeko basoaren parean jarraitzen duen. Mugarria trikuharriaren barruan kokatuta dago, Luis Pedro Peña Santiago zenak hainbat alditan aipatu izan zuen trikuharri ezagun horretan. Lepo honetan harrespil bat ere ageri da. Erreka nagusira hurbiltzerakoan, bere meandroak segituko ditugu, Eskanda mendiaren tontorra ikusgai delarik. IM-ko magaletik igaroko gara, eta behean hain ezaguna eta mitikoa den ORION lepoko txabolak eta zelaiak ikusiko ditugu.

Orain, gorantz igoko gara, MENDIZAR (1.224 m) mendiaren magalera iritsi arte. Tontorreraino igotzea ez da beharrezkoa, baina hala ere, ESKANDAko atakatik (1.080 m) igarotzea derrigorrezkoa da Kantauriar isuraldera pasatzeko. Mendizarreko aldapa gogorrak IE norabidean igaro ondoren, Ezterenzubiko bailara osoa ikusgai izango dugu.

Feli Azpegi inguruko harrespiletan
Feli Azpegi inguruko harrespiletan

Behe Nafarroako lurretatik jaitsiko gara, zenbait errekatxo elkartzen diren leku bateraino, eta Ezterenzubi datorren pista batekin topo egingo dugu. Pista jarraituz, EGERGOA ibaia ondoan dugularik (Ipar eta Hego Euskal Herriko muga dena) behera jaitsiko gara. Zubi txiki bat aurkitu ostean, zubia igaroz, Nafarroako Garaiko lurrak zapalduko ditugu. Eta pagadi eder bat gurutzatuz, MORATEko txaboletaraino iritsiko gara; bertatik LA CUESTIÓN zubiraino iristen den pista bat ateratzen da.

Pista eskuinetik segitzen bada, Irabiako urtegitik IRATIKO ETXOLetaraino ailega gintezke. Dena dela, ezkerreko bidea harturik Kontrasario erreka igotzen duen bidea interesgarriago iruditu zaigu. Eta bertatik jarraituko dugu. Lizardoiako Berezko Erreserban gaude. Baso handiaren erdian, erdi erorita dagoen aterbera iritsi ondoren, KONTRASARIO eta URBELTZA ibaietako uren banalerrotik igaroko gara. Hemen ondo kokatzea oso garrantzikoa da, ibilaldia ondo bukatzeko. E-an, aldapa oso gogorrean, Urbeltza ibaia aldera jaitsi beharko dugu, aurrerago HE norabidea hartzearren.

Iratiko Etxoletara garamatzan pista batekin topo egingo dugu laster, Nafarroako Erregeen antigoaleko jauregia bertan kokatzen delarik. Leku berean, EDURRETAKO ANDRE MARIARI OMENEZKO BASELIZA ere ikusteko aukera izango dugu.


 Kartografia


  • Ori-Belate. C. D. Navarra. Eskala: 1:40.000.
  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas: Pto. Kruzeta - Pto. Arlaban. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 1. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1991).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 4. La Gran Travesía de la Divisoria. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).
  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 19., 80. eta 108. ibilbideak. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Euskal Herria. Mendiak eta Historiaurrea. Jacques Blot. Elkar (1993).

 Eta informazio gehiago amaraunean:




Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities