6.- Otzaurte mendatea - Lizarrausti

—Larunbata,
1995eko uztailak 8—


 Irumugarrieta:
 euskal mendiko mugarri zaharrenetako bat


Ataun-Burundako Mendia, Etxegarate eta Lizarrusti mendateen arteko mendiek osatzeaz gain, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga ere badugu.

Irumugarrieta gainean metro baten garaierako mugarri ederra ikus daiteke, 1777. urtean bertan jarritakoa, bere aldeetan argi agertzen baitu. Mugarri honek bere 3 aldeek bereizten dituzten herrien berri ematen digu: Ataun, Burundako bailara eta Etxarri-Aranatz. Irumugarrietako tontorretik ere, Andia, Urbasa, Entzia eta Aizkorri mendikateak ikus daitezke.

Iñaki Zabala, Beotegiko Murkoa trikuharrian
Iñaki Zabala, Beotegiko
Murkoa trikuharrian

Zonalde honek ere Altzania Mendia izena du. Baso itxia da bertan aurkitzen dena eta horrexegatik ez da ikuspegi handiko aldea, mendiak eskaintzen dituen koloreengatik udaberri eta udazkenean guztiz ederra den arren. Bertan harrian landutako mugarri asko ikusterik izango dugu, Mendiaren ibilbidea jarraitzen dutenak —oso erabilgarria lainoz beteriko egunetan. Trikuharri eta tumulu asko ere ikus daiteke (Larreluze, Igartza, Intxusburu ...) geure burua orientatzeko ere erabilgarriak direlarik.

OTZAURTEko mendatea (652 m). Altsasu eta Zegama herrien arteko bidean kokatuta, E-an GAZTELUBERRI izeneko haitza ikus dezakegu. Bere tontorrean, gaztelu txiki baten hondakinak daude eta bada Sansoni lotutako kondaira zahar bat; han belauniko geratu zen, belaun garaiena gailur garaienean jarrita eta belaun baxuena gailur baxuenean hain zuzen.

Bidearen ezkerrean, I-an Aitzabal haitzetarantz doan bide bat irteten da. Eskuinera doan pista batekin topo egingo dugu, Segurara doan bidea kontutan hartu gabe. Pista ezkerretik utzi, eta GAZPIDE gaina aldera doan pinudian barrena sartuko gara. Jaitsiera ote eta sasi artean da Ojaola bailarara bidea ematen duen leporaino (660 m). Pagadi txiki batetik pasa eta ondoren bidea zabaldu egiten da; elektra hari batzuen azpitik igaroko gara, NAIZPE gaina inguratzearren. Bideak Etxegarate gainera garamatza.

ETXEGARATE gaina (640 m). Idiazabal herriko udal barrutia. "Buenos Aires" jatetxearen atzeko estazionalekutik eskuinera H-an gora doan bide bat hartuko dugu.

Burdinazko langa bat igaro eta malda gogor bat hasiko da. Beste langa bat pasa eta pinudira goaz. Bi txabola gure ezkerraldean. Pagadian sartu eta hegia eskuinaldetik hartzen duen bidexka bat hartuko dugu. Bertako lepotik (910 m) BALENKALEKU gaina 5 minututan geratuko zaigu. Hemendik aurrera, ibilaldiak garaiera mantentzen du, alanbre-hesiaren ondotik jarraituz. Oztoporik gabeko zonalde batean I-an Aralar eta eskuinaldean Beriain eta Andia ikusiko ditugu.

1777ko Irumugarrietako mugarria
1777ko Irumugarrietako
mugarria

Marka zuri-gorriak edo mugarriak ordubetez jarraituz, INTXUSBURU (943 m) gailurrera iritsiko gara. Bertan dolmen bat eta espazio-ontzi baten irudizko buzoia. Bidean ere mikeleteen etxearen hondakinak ikusterik izan dugu. E-ra jaitsiko gara, gailurreria jarraituz. 15 minututan BERNOAko galtzadatik igaroko gara, orbelak ia ikusten uzten ez duen arren. Galtzada honek, XI. edo XII. mendeetatik gaurdaino, Ataun eta Etxarri herriak uztartu dituen bidea dugu, jentileek egin izan zuten kondaira badagoen arren. Bere gainean ere, trikuharri bat ikus daiteke.

Ordubete igaro ondoren IRUMUGARRIETA (959 m) gainera iritsiko gara, lehen aitatutako mugarria aurkitzen delarik. Ibilbideak IE-ra zabalgune bateraino segituko du, I-rako norabide aldaketa seinalatzen duen mugarri batera iritsi arte.

ANTATXULA gainera igotzen den bidegurutzera iristerakoan, eskuinera jo eta maldan behera jaisten gara LIZARRUSTIko sakoneraino.

Laster, mendatera (620 m) doan bide batekin egingo dugu topo. Bertan, mikeleteen etxe zaharra Gipuzkoako aldean. Ixabel Benta mendatean bertan.


 Kartografia


  • Alsasua, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Salvatierra, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas: Pto. Otzaurte - Pto. Lizarrusti. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 2. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 4. La Gran Travesía de la Divisoria. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).
  • Aizkorri - Euskalerriko Mendia. L. P. Peña Santiago. Elkar (1985).
  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 48. ibilbidea. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Montañas de Gipuzkoa. Imanol Goikoetxea. Txertoa (1991).
  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa. Munibe Suplemento Nº 7 (Megalitos). Arantzadi Zientzi Elkartea. (1990).
  • Goierri Mendiz Mendi. Gipuzkoako Mendi Federakundea - Goimen. (1997).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities