Dantxarinea -
Meatzeko bizkarra (716 m) - Bidarrai

—Igandea,
1997ko otsailak 9—


 Gorospil eta Meatze mendi-lepoetatik


Artzamendi mendiaren Hego magalean, Nafarroa Garaitik metro eskasetara, Euskal Herriko historiaurreko estazio osoenetako bat aurkitzen da. Bertan trikuharriak, zutarriak eta harrespilak ikus daitezke. Hemen agertzen da, Meatzeko bizkarrean hain zuzen, harrespil eder batez inguraturiko Frantzia eta Espainia arteko 81. mugarri internazionala. Harrespila zazpi harri tzarrez osaturik dago. Hiru mila urte baino gehiago duen monumentu megalitiko honetatik, Auñamenditik eta Arlasetik (edo Arlaziatik, izen hau, Arlazia, ematen baitiote zuberotarrek) Gorramendirainoko, eta Orhitik Mondarrainerainoko bista zabala ikus daiteke. Agian, gure iragan galduko lurralde hauek, ez zuten soilik bidean jarraitzen dutenen oroimenean bizirik irautearen ideia gorpuzten, eternitatearen esperantza ere bizirik iraunarazten zuten, egunsenti oro lurraren azpitik ekia irteten ikusiz ...

Artzamendiko gain koroatua
Artzamendiko gain koroatua.
—© Inaxio Elizegi, Euskal Mendiak—
http://www.argia.com/ehmendiak/

DANTXARINEA (67 m).
Eguraldi ederreko goiz batean, muga-postutik irteten gara. Bat-batean, belarri puntazorrotzak dituen adimengabeko "beltz" bat agertzen zaigu. Lagun aurpegirik erakusten ez duen arren, laster Maria Jesusen lagun mina bihurtzen da. Berak zakurraz ezer jakin nahi ez badu ere, artzain-zakur aleman honek jo eta ke bere atzetik dabil. Azkenik, aspertuta nolabait, etsi eta alde egiten du —geroago konturatuko ginen zein zen animalia gizagaixoaren benetako arrazoia; ez zebilen Maria Jesusen laguntasunaren bila, ez, bizkar zorroan daraman patata-tortilla goxoaren bila baizik—.

Pasadizo bitxi honen ondoren, bideari ekiten diogu, H.HE-ko norabidean eta muga marrazten duen HAITZABERRIKO ERREKAren ezkerreko bazterreko bidetik gora; bidegurutze baten ondoren, H.HE-an (batzuetan E-an) jarraitzen dugu Haitzaberriko hego hegitik, lehen aipatutako errekaren iparraldetik. HRP izenez ezaguna den bidean (Haute Route des Pyrénées edo Pirinioetako Goi-Bidean) gabiltza. Bide hau ez da oraino markatua izan.

Itxuraz lasaiak diren behi batzuen ondotik igarotzen gara. Bidean jarraitu eta bat-batean Maria Jesusen garrasi ozenek erne jartzen gaituzte. Zezenketetan duen esperientzia dela eta, lerro hauek idazten duen honek (J.A.Q.) animaliaren erasoari aurre egiterik izan zuen. EDITOREAREN OHARRA: Gogora dezagun orain dela zehatz-mehatz hiru urte Quevedok Badaia Mendian eginiko bere lehenbizikoetako urratsak —ikus 1993-1994 biurtekoan eginiko irteeren koadernoa, argazkiz eta guztiz hornituta baitator—. Baliteke hauek betizu horietakoak izatea, duten zangartasunagatik Pirinioetan erabat ezagunak diren arrazako behiak hain zuzen.

Bidean baserritar bat topatzen dugu. Gizon oso atsegina delarik, bide zuzena erakusteaz gain Euskal Herriko historiari buruzko ikasgai interesgarri bat ematen digu: mugaz bi aldeetako familien sostenguarengatik, gauez egindako hamaika ibilaldiez mintzatu zitzaigun, gaueko lanaz edo kontrabandoaz alegia. Malenkoniatsu, "Ai!, bide hauek hitz egiterik balute" bat ozenki esanez agurtu zitzaigun. Hitz egin, ez dut uste hitz egiten dutenik, baina esan asko esaten dute.

Imanol, Harpeko Sainduko atarian
Imanol, Harpeko Sainduko atarian

HE norabidean bide bat hartu eta AROTXENBORDA baserrira iristen gara. Atseden bat egiten dugu indarrak berreskuratzeko, aurrean E-an igotzen den aldapa gogorra ikusten baitugu. PATXIKOENBORDA baserria beherago uzten duen bide bat hartzen dugu, eta garaiera irabaziz muino maldatsu batzuetatik igaro ondoren GOROSPIL lepora izerdi patsetan iristen gara. Haizerik ez dabil. Lepo berean, eta 76. mugarriaren ondoan, Gorospileko zutarri eroria ikus daiteke. Hemendik, behean Esteben baserria ikusten dugu. Baita aurrean ARTZAMENDIko radarrak (931 m), IGUZKI gaina (844 m) eta ARATXE lepoa (col des Veaux bezala frantsesez ezagunagoa) ere.

ESTEBEN BASERRIraino (560 m) jaitsiko gara. Etapako aterbea. HE-ko pista jarraituz, ARATXE (540 m) lepora iritsiko gara. Muga marrazten duen gandorraren ezkerretik, IE-an zidor batetik segituko dugu; garaiera pixka bat irabazten du eta Artzamendiko gainera doan bidearekin topatuko gara. Errepidean, Km batez ibiliko gara.

Iguzki gainera zein aurrerago dauden ITXUSI haitz ederretara igotzea hautazkotzat izanen dugu. Gu azkeneko hauetara joanen gara, hori bai aurretik MEATZEKO LEPOtik (716 m) igaroz. Bertan goian aipatutako 81. mugarri eta harrespil ezagunak baitaude. 82. mugarritik IM-rantz 100 bat metrotara ere Artzamendiko zutarria ikus daiteke.

Itxusiko haitzetan hartzen dugu bigarren atsedena, eta orain izango dugu Maria Jesusek prestatutako patata-tortilla earra dastatzeko aukera. Zoragarri dago. Kanoiaren gainaldetik panoramika zabala eta ezin hobea ikusten dugu; solasean aritzen gara denboraz kezkatu gabe, eta gaileta goxo batzuekin amaitzen dugu otordua.

Lepora jaitsi eta artegi bat baino 100 m lehenago, poliki jaisten gara sakon batetik HE-an, harritzen artean zidor bat aurkitu arte; zidor honek erlaitzean haitz-mutur bat inguratzen du. Pirinioetako GR-10etik jaisten ari gara. Marka zuri-gorriek Bidarrairaino lagunduko gaituzte, mendira artaldeak eramaten zituzten aspaldiko transhumantzia-bide zaharretik.

Landaretzaz erdi ezkutaturik, mendeetan zehar gurtzako gune izan den HARPEKO SAINDUko leizearen azpialdetik igarotzen gara. Barruan estalagmita bat dago, tradizioaren arabera, azaleko gaixotasunak sendatzeko baliagarria den ura izerditzen duena. Halako sinesmenaren froga gisa, erromesek urteetan zehar abandonatutako hainbat zapi ditugu; aurretik estalagmitan bustiak eta ondoren azalean igurtziak izanik, zapiak sendatze sinbolo gisa bertan utziak izan ziren.

Minutu gutxitan, ARUTXIA baserrira iritsiko gara. Hemendik asfaltozko bidea hartuz Baztan erreka gaineko zubiraino jaitsiko gara.

Inpernuko zubia, Bidarrain
Inpernuko zubia, Bidarrain

Erreka zeharkatu eta, zubiaren beste aldean, errepidea ezkerretik hartzen dugu. Aldapa samur bat igo ondoren, errepidea ibaiaren ondotik jaitsiko da. 2 Km ibili ondoren eta errepideak INFERNUKO ZUBItik Baztan ibaia zeharkatu baino lehen, goian balkoi gisa dugun bide batera sigi-saga doan zidor maldatsu bat hartzen dugu. Bidea E norabidean jarraituz herri guneraino iritsiko gara. Infernuko zubia ordea, tradizioaren arabera, deabruak bere buruaz beste egiteko erabili zuen zubia omen da, herriko jendea engainatzeko euskara ikasi ezin zuelako.

BIDARRAI (153 m). Herriaren gunea, eliza, frontoia eta herriko etxea muino batean daude. Ondotik igaroko garen Auñamendi elkartearen ETXEZAHARRIA aterbea 1977. urtean zaharberritu zuten. Oraindik gogoratzen dut (J.A.Q.) Ostadar M. T.-ko lagun batzuek 1991ko uztailaren 6an bertan egin genuen gaua, biharamunean, ALKATXURI-IRUBELAKASKOA menditik igaroz Bidarraitik Amaiurrerako bidea burutzeko.

E-an, karrikatxo batek NOBLIA auzunerako (75 m) bidea erakusten du. Donibane Garazirako errepidearen ondoan eta Errobi ibaiaren urbazterretan kokaturik, auzunea izen bereko zubi ederraz horniturik dago. Zubiaren albo banan, hotel eta jatetxe diren bi egoitza daude. Ibilaldia amaitu dugu.

Dantxarineara itzuli ginen, han baitzegoen guk utzitako autoa. Maria Jesusen lagunak zaunka frantsesez ari zitzaizkien.

Félix CONDE
María Jesús MATXAIN
José Antonio QUEVEDO

1997ko otsailak 2


 Kartografia


  • Pays Basque Ouest (Labourd). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 20. eta 58. ibilbideak. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 1. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1991).
  • Euskal Herria. Mendiak eta Historiaurrea. Jacques Blot. Elkar (1993).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities