Gredos Mendia - 'La Laguna Grande' aterbea - Almanzor
(2.592 m) - La Mira (2.342 m)

—Maiatzaren 1eko zubia,
1997ko maiatzaren 1-4an—


 Gredos-eko Zirkoa eta Galayar sakana


Basahuntzaren jakinmina
Basahuntzaren jakinmina
—© José Antonio Quevedo—

Gredos Mendia Pico eta TORNAVACAS mendateen arteko mendialdea dela esan daiteke, nahiz eta batzuk Pico mendatetik BEHOYO ZINTZURreko hasierarainoko tartea ere badela dioten arren.

Mendiko gainik garaiena, eta era berean MENDIKATEA ZENTRALeko kotarik garaiena 2.592 m-tara iristen den Almanzor gaina dugu. Almanzor, GREDOSEKO ZIRKOa osatzen duten gainetako bat dugu. Gredos-eko Zirkoa, zein Cinco Lagunas-ekoa —biak iparralderantz irekiak— Gredos-eko tokirik erakargarrienetako eta malkartsuenetako bi dira.

Zirko biek mugatzen dituzten gailurrerietan, Almanzor mendiaz gain beste mendi garrantzitsu batzuk daude, esate baterako LA GALANA (2.568 m), EL AMEAL DE PABLO (2.505 m) ... Gredos-eko Zirkoa itxiz EL MOREZÓN (2.393 m) mendia dago.

Sortalderantzago, zenbait horma bertikal eta orratz malkartsu azpimarra daiteke.

Bailaran Arenas de San Pedro herria dago. Bertatik zazpi kilometrotara Guisando herria. Herri honetan dugu La Mira tontorrera igo baino lehen, gaua igarotzeko erabiliko dugun kanpamendua.

GREDOS-EKO ZIRKOKO PLATAFORMA. ALMANZOR.
Errepidez 12 kilometro egin ondoren, Hoyos del Espino-tik plataformaraino (1.750 m) iritsiko gara.

Los Galayos-etako haitz zorrotzak
Los Galayos-etako haitz zorrotzak
—© José Antonio Quevedo—

BARBELLIDO ibaiaren ondoko harrizko bidetik joanez, PRADO DE LAS POZAS (1.900 m) izeneko zelai zabalera iritsiko gara. Reguero Llano aterbetik pasatu ondoren, ibaia porlanezko zubi batetik zeharkatuko dugu. Argi nabarmentzen den bidezidor batek BARRERONES (2.170 m) gainera eramango gaitu, nondik LAGUNA GRANDE aintzirera jaitsiko garen. Inguruko tontor guztiak begien bistan izanik, aintzirako urbazterra jarraituz CIRCO DE GREDOS (2.000 m) ATERBEra iritsiko gara. Hemen bertan igaroko dugu lehendabiziko gaua.

Uharra zeharkatzen duten zedarriek —elurrez estalirik izan ezean— harritzetatik HOYA ANTÓN sakonerako (2.150 m) bidea erakutsiko digute. CANALÓN DE LA BERMEJA izeneko kanalaren aurrean gaude eta kanal beretik igoko gara bitan banatzen den ordekara iritsi arte; harri solteko eskuineko korridore aldapatsutik jarraituko dugu PORTILLA DEL CRAMPÓN (2.540 m) izeneko lepora iristeko.

Goi-dorrea inguratuz, CIMAS GEMELAS-etako magalera trepada batean gora egingo dugu. Harresi motz bat gaindituz ALMANZORreko erpinera iritsiko gara (2.592 m).

La Mira aldera igoz
La Mira aldera igoz
—© José Antonio Quevedo—

NOGAL DEL BARRANCO PLATAFORMA. LA MIRA.
Maiatzaren 2an, ostiralean, Almanzorretik jaitsi ondoren, autobusez Hoyos del Espinotik igaroz PUERTO DEL PICO mendatera joango gara —bertatik bailara osoko bista ezin hobea ikusteko aukera izango dugu—. Arenas de San Pedro-raino iritsiko gara: herrian XV. mendeko gaztelu bat eta garai bereko eliz bat eta zubi bat daude.

LUIS M. LÓPEZ KANPAMENDUan lo egin ondoren, larunbat goizean NOGAL DEL BARRANCO PLATAFORMArantz (1.300 m) abiatuko gara.

Bide on batek PELAYOS ibaiko bailara kurritzen du Garganta de la Apretura (1.700 m) izeneko zintzurrera iritsiz. Hemendik aurrera GALAYAR SAKANAtik igo eta VICTORY (1.950 m) ATERBE txikiaren ondotik igaroko gara.

Kordalera PELAOS-eko sakonean (2.250 m) iritsiko gara; GALAYOS-etako bista zoragarriak bertatik.

Ezkerrerantz biratu eta LA MIRA-ren (2.343 m) azkeneko malda igotzerik baino ez zaigu faltatuko.

Igandean etxerako bidea hartuko dugu, AVILAn, hiri harresiz inguratutako hirian, geldialdia eginez.



Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities