Soba bailara. Kantabria.
Tornos mendatea - Tiñones (1.480 m) - La Gándara de Soba

—Igandea,
1997ko urriak 12—


 

"I ran three miles today, finally I said
"lady take your purse."
(Itzul.) "Gaur hiru milla korritu nituen, eta azkenik zera esan nion: "andereño, har ezazu zure poltsa".

Emo PHILLIPS.


BAKARTASUNA

Uste dut, udazkena zela gure mendiko herrixka galdu hartara iritsi nintzenean. Aralarko mendiguneak bere kararri zurixka nabarmentzen zuen arratsaldeko eguzki-izpi gorrien artean. Erretorea, apaiz gaztea, elizara lagundu zidan. Gauza askotaz mintzatu ginela dakit. Batzuk, agian gehienak, ahaztu ditut.

Hala ere beti gogoratuko dut eskaini zidan agurra: "Menditarteko herrixka batean bizitzea, ederra izan daiteke, baina ez ezazu inoiz ahaztu; batzuetan, bakartasunak koska egiten du".

Luis Pedro PEÑA SANTIAGO.

 


 Cerneja eta Soba bailaretan


La Sía lepoaren sortaldean, Tiñones tontorretik ¾bertatik igaroko gara¾ eta Tornos mendateko inguruetaraino, Kantabriar mendikatea ia paraleloak diren bi gailurreriatan banatzen da.

Bi kordal hauen artean CERNEJA ibaia iragaitzen da eta ezkutaturik egonik, ikusten ez delako, existitzen den susmorik ere sortzen ez duen bailaratxo bat eratzen du. Herririk ez dago bailara garai honetan, txabola multzo batzuk besterik ez. Cernejako alderdia Burgos eta Kantabria artean banatzen da, kantabriar aldea SOBA bailarakoa izanik eta gainontzekoa Burgosko LOS MONTEROS eta MERINDAD DE MONTIJA herrien artean banatuz.

Soba bailara alderako jaitsiera malkartsuago da eta hein handi batean pagadiz eta artzai-borda anitzez osatutako zelaiez estalirik dago.

TORNOS MENDATEA (920 m).
Uren banalerroa mendebalderantz jarraitzen duen pista bat irteten da gain beretik. RETORTÍOko (1.025 m) txaboletaraino berau jarraituko dugu. Txaboletako azkenaren ondoan igaro ondoren, eskuinera jo eta eta RUVENTE ibaiaren hasieran sartzen den zidorra hartuko dugu; ondoren CAÑONERAS (1.270 m) gainetik Soba bailara alderantz jaisten den ibar aski sakonetik ibiliko gara. Garaierarik galdu barik, zeharkatu eta alderdi garbi batera pasatuko gara. Orain, metro batzuk igoz lur-sail bat inguratu eta eskuineranzko zidor bat hartuz OCEJO lepora (1.050 m) iritsiko gara.

Lepo honek CERNEJA ibaiko bailara goi eta ezkuturako sarbidea ematen digu; bailara banalerroa mendabalderantz jarraituz inguratuko dugu. Ibilbide zati honek bi alderdietarako ikuspegi zabalak ditu: eskuinean Soba bailara, hegietan sakabanaturiko herrixkak ikusten direlarik. Ezkerrean, Cerneja bailara, militarren instalakuntza batek okupaturiko PICÓN BLANCO mendiaren begiradapean dagoelarik.

Beti gainez gain ibiliz, belarrez estalitako hegi batetik leunki igoz TIÑONES gaineraino (1.480 m) iritsiko gara. LA SíA lepoa (1.235 m) zeharkatzen duen errepideraino jaitsiko gara. Errepidetik, Montes de Pas-eko hartxabalez estalitako eta artzai-borda tipikoz zipriztinduriko RULAU ingurutik, kilometro pare bat jaitsiko gara. 18. Km-tik igarotzerakoan, eskuinean Bizkaiko mendizale talde batek duen RELLANOko (1.020 m) aterbea ikusiko dugu. Aterberantz jaitsiko gara eta bailararantz jaisten den bide eder batetik jarraituko dugu.

Bide zuzena iparralderantz doa eta eskuinerantzago irteten den beste bide batekin ez dugu bera nahastu behar.

Zenbait bihurguneren ondoren, zidorra pagadi batean sartu eta BUSQUEMAUra, eskuinean utziko ditugun txabola batzuetara iritsiko da. Ibilbidearen zati honetan, bide zaharra erabat nabaria ez den arren, laster berraurkituko dugu. ARGUMAL ibaia zeharkatuz, CAÑEDO (600 m) herriraino jaitsiz jarraituko dugu.

Hemendik aurrera kilometro pare bat besterik ez zaigu geratuko bertako errepidera iristeko eta LA GÁNDARA DE SOBA inguruko amezti ederretara ailegatzeko. Ibilbidearen amaiera.


 Kartografia


  • Valmaseda, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Villasana de Mena, 85. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Villacarriedo, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Espinosa de los Monteros, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities