Kantabria. Castro Urdiales. |
Igandea, |
Otañeseko Itzuli Handia Alen eta Ventoso mendietatik |
CASTRO URDIALESeko udal barrutian, itsasotik ez oso urrun badira 800 m-ko garaierara iristen diren mendi-kaskoak. Mendi hauetan guztietan zehar, gaur egun zeharo abandonaturik dauden hainbat eta hainbat meatze-ustiapen aurkitzen dira. Alen menditik erausten zen burdin minerala, meatze-plano baten bitartez jaisten zen Callejamalako trokara (bertatik igoko gara), eta ostera trenez Castro Urdialeseko porturaino garraiatzen zen, kanpora itsasoratua izateko. Otañes herria ere ezaguna da bertan "Otañeseko Patera" agertu zeneko lekua delako, hispaniar-erromar garaiko urregintza-atal baliotsu bat hain zuzen. Gaurko honetan zirkuitu bat osatzea proposatzen dizuegu, Bizkaiko lurralde historikoan apur bat sarturik dagoen Alen mendia igoz, eta Betayo eta Ventoso kaskoetatik itzuliz, azkeneko hauek AGUERA ibaiaren arroan daudelarik. OTAÑES (100 m). Etxe hauetara iritsitakoan, eta iturri txiki baten aurretik, ezkerreko pistatik jaitsi eta zuzenean segituko dugu. Pista honek meatze-burdinbide zahar baten ibilbidetik darrai, Callejamala SAKANeko ezker bazterretik jarraituz. Ibarrean eukalitu-baso zabal bat aurki daiteke. Tunel batetik pasatu eta aurrerago CALLEJAMALAra (200 m) iritsiko gara, non ibaiaren ondoan minerala husten zuten deskarga-leku zahar batzuen hondakinak dauden. Pistak garaiera irabazten duen heinean, eukalituak desagertu eta hauen ordez pinuak agertuko zaizkigu. Bidegurutzean ezkerrekoa hartuko dugu. Igoerak urkien artean jarraitzen duen arren, berehala atzera pinuen artean izango gara. Sakanaren burua inguratzen ari gara bertan dira Otañes ibaiaren sorburuak eta LEPO batera iritsiz (500 m) Bizkaiko mendien bista zabala ikusiko dugu. Bidegurutze bat topatzen dugun arren, pinuen arteko suebakitik igoko gara. Ibilbide-zati honetan eta Ventoso mendira iritsi arte, Kantabria eta Bizkaia muga arteko Bizkaiko Birako marka zuri-gorriak jarraituko ditugu. 700 bat metrotara, TURTZIOZ eta KARRANTZAko mendiak ikusten ditugu. Hemendik aurrera, lehendabiziko mendia inguratzen dugu eta malda labur baino gogorretatik ALEN (798 m) mendiko gailurrera iritsiko gara. Igoera hau zein Betayo mendikoa lepoz lepo saihes daitezkeen igoerak dira. Gailurretik IM norabidean jarraituko dugu zelai artean, eta apur bat aurrerago beste aldapa bati ekingo diogu BETAYO (750 m) gailurrera iristeko. Gainean mugarri bat dago. Hegietan Gerra Zibilean erabilitako zenbait lubaki ikusiko dugu. Pista bat apur bat jarraituz I-an jaitsiko gara. Pixka bat aurrerago aztarna megalitiko ugari ikusteko aukera izango dugu. Guk, gutxienez 14 bat zenbatu genituen. Beste batzuen artean honakook markaturik ikusi genituen: "LAHERRERA" eta "CAMPO VENTOSO" izeneko trikuharriak; "ILSO DE LA HERRERA" eta "ILSO DE PERUTXOTE"-ko zutarriak; "CAMPO VENTOSO"-ko tumulua ... etc. VENTOSO gaina (731 m). Mugarri bat, buzoi bat eta Babes Zibileko etxola bat tontorrean. I-rantz jaitsiz, pista batekin topo eta aurrera jarraitzen dugu. Aurrerago, zelaietan barrena lasterbideak hartuz, bidegurutze bateraino irits daiteke. Ez dugu hauetako bat ere hartuko; baizik eta eukalituen artean baserri batera garamatzan bide bat hartuko dugu. Arte handi bat inguruan ikus daiteke. SANTULLÁNeko harrobia dakusagu. Baserriaren ondotik igaro den eta eskuinetik jarraitzen duen pista bat hartuko dugu. Pixka bat aurrerago, pintura laranjaz margotutako bi marka lodi aurkitzen ditugunean, artadian sartuko gara HHE-an. Aurrean PEÑA DE LA CRUZ delakoa dugu. Zidortxo bat jarraituz, teilatua erdi eroria duen baserri batera, artadian barrena jaitsiko gara. Otañeseko bista zabala eskaintzen duen eskuineko bidea hartuko dugu. Bidegurutze batera iritsi eta porlanezko pista bat agertuko da. EZ DUGU HARTUKO, eta eskuinetik jarraituz, lehen zapaldu dugun meatze-burdinbideko ibilbide zaharrera itzuliko gara. Zubi bat zeharkatu eta herriaren gainaldeko bidearekin topatuko gara, goizean goiz igotako errepidea hain zuzen. Itzulia burutu dugu. Ezkerrera joko dugu azkenik Elizara jaitsi eta OTAÑESeko plazara itzultzeko. José Antonio QUEVEDO |
Kartografia |
|
Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira. |
![]() |
© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa) Euskal Herria - The Basque Country Tlf.: (+34) 943.72.33.85 |
|