Karrantza bailara. Pandozales - Burgueño - Lanzas Agudas

—Igandea,
1997ko apirilak 13—


 Ordunte mendietatik Karrantza bailararaino


Ordunte Mendiako kordalak Zalamatik Kolitzara bitartean kokatzen dira; azkeneko mendi honetan azpimarra daiteke DONE SEBASTIANen oroimenez eraikitako baseliza.

Tenplu erromarra, BALMASEDA eta inguruko herritarrek —beren etxeetatik ihes eginez— babes gisa erabili zuten gizaldietan zehar —batipat XVI. mendean— izurriak gogor jo baitzuen inguruotan.

Antzina Kolitza mendia, Gernikako haritz zaharraren pean Bizkaiko Batzar Orokorrak ospa zitezen, adarrak joz zein sua piztuz seinaleak egiten zituzten Bizkaiko bost mendietako bat zen.

Burgueño mendia, Ordunte Mendian 1.000 m-tik gora dagoen lehendabiziko mendia dugu; azkeneko mendi honetatik aurrera mendilerroak mendebalderantz garaiera irabazten du ZALAMA (1.336 m) tontorrera, Tornos mendatearen inguruetan dagoen mendia arte.

Ordunte mendiek, TURTZIOZ-BILLABERDE eta KARRANTZA bailarak iparraldetik, eta Burgosko MENA BAILARA hegoaldetik banantzen dituen muga orografiko garbia osatzen dute.

PANDOZALES AUZOA (BALMASEDA).
Etxalde honetatik aurrera bada MIM norabidean hegi erdian irteten den pista bat. Hau hartuko dugu eta berau pistatik gurpidera pasatzen den tokian, ezkerrean marka gorri-zuriz horniturik topatuko dugun zidorra hartuko dugu. Pista zabal batera irtengo gara eta metro gutxiren buruan eskuineko beste berri batera. ESPINO lepora iristerakoan, lehenik ezkerrean topatuko dugun hartxintxarrezko bidea hartuko dugu; ondoren bidea utzi eta alanbre-hesia eskuinean duen goranzko zidor batetik ibiliko gara.

Pista bat zeharkatu eta KOLITZA tontorrera igoko gara (874 m).

HM-rantz jaitsiko gara NEVERO lepora (830 m) iristeko. TERREROS mendiaren I. isuraldetik jarraituko dugu beste LEPO batera (790 m) ailegatu eta belarrezko pista batekin topatu arte. Badago goranzko bide bat, BURGUEÑO tontorreko (1.043 m) hegi eta azkeneko maldetara doana hain zuzen.

Mendebalderantz jaitsiko gara 882 m-tako LEPOra iritsiz. Bada 906 m-tako KOTA H-tik inguratzen duen bidexka bat, baita bi mugarri ere.

Hemendik aurrera gorantz jarraituko dugu (batzuetan bidea desagertzen da) eta MAZA DEL PANDO mendira iritsiko gara (1.021 m).

HM-rantz doan zidor batetik abiatuz, lepo batekin topatuko gara; ondoren M-rantz joko dugu pagadi batean sartuz eta argigune batean agertuz. Hemendik ILSO DE LAS ESTACAS (1.038 m) tontorrera igo daiteke.

Kordala jarraituz BALGERRItik igaroko gara (1.106 m). Tontorretik M-ra jaitsiko gara, putzu txiki baten ondotik pasatuz. Bidezidorretik igaroz BRAÑA-ko atakara (920 m) iritsiko gara; bertan 11 eta 13 zenbakietako mugarriak ikus daitezke.

Toki honetatik aurrera, marka zuri-gorriek M-rantz jarraitzen dutela ohartuko gara. GUK EZ DITUGU AURRERANTZEAN JARRAITUKO.

Sigi-saga hasiko gara jaisten, zenbait arte eta pinuen gainetik igaroz. Harresitxo bat eskuinean duen bide batera iritsiko gara. Hemendik jaitsi eta metro batzuk aurrerago belarrezko bide bat hartuko dugu, alanbre-hesia eskuinean kokaturik dugularik.

Lurrezko pista zabal bat aurkitu eta jarraituko dugu. Alanbre-hesia zeharkatu eta otez eta sasiz inguraturiko zidor batetik jaitsiko gara; pinu bakarti baten ondoan jaio da pista eta batzuetan oso argi markaturik ez dagoen arren, alanbre-hesia une oro ezkerrean mantentzen du. Pinudian sartu eta minutu gutxitan lurrezko pista bat aurkitzen dugu. Azkenik beste pista batekin topatuko gara, eta azken honek eramango gaitu Karrantza bailarako LANZAS AGUDAS auzoraino.



Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities